Jendetza elkartu zen atzo Maxixatzenek antolatutako Hizkuntza txikiak: ahaleginak eta zubiak hitzaldia entzuteko, Elkargunen. Garabide Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak egiten ari diren Jatorrizko Hizkuntzen eta Identitatearen Garapenerako aditu ikastaroan parte hartutako hiru hizlari izan ziren hizkuntza gutxituen inguruan solasean. Jon Sarasuak, Huheziko irakasle eta Garabideko kideak, hasi zuen hitzaldia. Hizkuntza gutxituek gune hegemonikoak sortzeko duten beharraz aritu zen Sarasua. Euskara ardatz duten edozein taldek edo komunitatek osatzen dute gune horiek eta saretzean hartzen dute indarra. Hori guztia lortzeko, hautu kontzientea egin beharraz ohartarazi zuen hizlariak. Politikan ematen diren gorabeherak aparte utzi eta indarra gizartetik etorriko dela azpimarratu zuen Sarasuak. Horretarako gizarte ehuna eta harremanak zaintzea eta motibazioa sustatzea ezinbestekoak direla azaldu zuen. Mexikoko hizkuntzalari eta Ekialdeko Yucataneko Unibertsitateko ikerlari eta irakasle Flor Canchek hartu zuen hitza segidan. Maya-yucateco hizkuntzaren jatorriaz eta gaur egungo egoeraz hitz egin zuen. Desagertzen bidean diren hizkuntzen inguruko kontzeptuak eta prozesuak mundu osoan parekotasun ugari dituztela azaldu zuen hizkuntzalari mexikarrak. Transmisioan sarritan gertatzen den etenari buruz solastu zen Canche, bere kasu pertsonala azalduta. Azkenik, Ekuadorreko Tinkunakuyki-ko zuzendaritza kontseiluko kidea den Arturo Muyulemak kichwa hizkuntzaren ingurukoak azaldu zituen. Hizkuntzaren ikuspegi indigena adierazi zien entzuleei. Kichwek herri bezela duten munduarekiko ikuspegia edo kosmobisioa naturarekin lotura estua duela eta [...]