Bere espiritua nomada izanagatik ere, Antonio Oteizari (Donostia, 1926) «ilusio berezia» egiten dio, une batez bada ere. sorterrira itzultzeak. Azkoitian du egoitza Antonio Oteiza Fundazioak,
eta orain egun gutxi zabaldu dute Kutxaren Donostiako Boulevard aretoan Gizakiez eta santuez erakusketa, Oteizaren lanen ingurukoa. Eskultorearen 200 piezak, eta hainbat idatzik eta liburuk osatzen dute bilduma, eta zabalik egongo da uztailaren 10a bitartean.
Brontzezko eskulturak dira gehienak, baina badira portzelanazko, lurrezko eta zeramikazko irudi txikiak, baita pintura batzuk ere. Erliebedun piezek osatzen dute nagusiki erakusketa. Erliebea da, Oteizaren arabera, eszena oso bat irudikatzeko aukera ematen duen adierazpidea: «Istorio bat kontatzea ahalbidetzen du. Pertsonaien arteko harremana sortzeko bidea ematen duen espazioa da».
Bere azkeneko artelana egiten jardun eta eskuak garbitu berritan eskaini du Oteizak horren azalpena. Antonio Gaudi eskultore katalanaren bizitzari buruzko eskultura bat egiten hasi berria da, eta duela ehun bat urte Gaudiren neskame izandako emakume baten kontakizuna hartu du ardatz gisa. Emakumeak kontatukoaren arabera, etxetik gertu zuten San Antonioren irudi baten aurrean kapela kentzen zuen Gaudik egunero. Eta hori oinarri hartuta, erliebearen bidez ari da Oteiza kontakizuneko elementuak elkarrekin lotzen.
Estilo espresionistari leial
Mende erdia igaro da Antonio Oteiza artistak lehendabiziko
artelana egin zuenetik. Venezuelara misiolari egindako bidaia batean izan zen. Hango misiolariei esker ona adierazi nahian, eskultore baten bila hasi zen, baina aurkitu ez, eta bere eskuekin egin zuen artelana. Haiek izan zituen hastapenak, eta orduko eskultura hura oinarri hartuta garatu du bere estiloa. «Hainbat istoriok kontatzen dute, Ameriketara lehenengo aldiz iritsi ziren misiolariak Guacharo izeneko kobazuloan babestu zirela, indigenengandik ezkutatzeko. Haien omenez, leizezulo hori irudikatu nuen nik obran, misiolariak batzen dituen elementu geografiko gisa. Hala, misiolaria agertzen da gurutze batekin. Gurutzetik arantza bat ateratzen zaio, baina arantza horretan sugarra dago. Orduan, gurutzeak misiolariaren eskuan lurraldea argitzen duen zuzia irudikatzen du. Lau metrotako erliebea izan zen».
Harrezkero, estilo espresionistako arte erlijiosoa egiteari eskaini dio bizitza Oteizak. Baina arte erlijiosoaren inguruan badu bere teoria partikularra: «Bereizi egin behar dira arte erlijiosoa eta arte profanoa. Arte erlijiosoak gizakiaren sakontasuna bilatzen du, sufrimendua, eskuzabaltasuna… Baina nabarmendu behar da honakoa: Ez da erlijiosoa gaiarengatik. Jainkoa, Amabirjina eta Jesus haurra irudikatu ditzakegu, baina espresioarengatik izan daiteke gauza pagano bat». Arte erlijiosoak eskaintzen du, Oteizaren arabera, figura horrek erlijiotasun eta transzendentzia hori adieraztea.
Ideia horri jarraituta egin zuen Kristo gurutzean obra ezaguna ere. «Kristo gurutzean azaltzean, esan nahi da hor dagoela bizitza, itxaropena, poztasuna, egia eta berraragiztatzea. Baina benetan zuk irudi horretan ikusten duzuna da hiltzen edota sufritzen ari den gizonezko baten gorpua. Eta nola izango da Kristo hilik dagoen gizonezko bat? Hori kontraesana da. Orduan, nola irudikatzen da alaitasunaren, pozaren irudi den Kristo hori? Nik erliebearekin jolastuz irudikatu nuen, gurutzetik ateratzen den Kristo bat errepresentatu nuen, eta haragitzeari eman nion garrantzia; itxaropenari, eta guri bizitza emateko hiltzen den Kristori. Horregatik ateratzen da gurutzetik».
Oteizarentzat beharrezkoa da gaur egungo elizarentzako irudigintza berria sortzea. «Orain artean gauza figuratibo bat izan da arte erlijiosoa; gaian oinarritu da soilik. Eta Eliza horrekin konforme geratu da. Hala eta guztiz ere, hori ez da arte erlijiosoa, eta ideia horren aurka borroka egiten jarraitzen dut. Horregatik da nire artea sentimenduan eta pasioan oinarritutako artea». Eskultoreak badaki, hala ere, aldaketa ez dela egun batetik bestera iritsiko: «Kostatu egiten da moldeak apurtzea, baina artearen printzipioa da sakonekoan sartzea. Jende baliotsu asko geratu da bidean. Nire anaiak ere hastapenak oso zailak izan zituen. Pentsa, Arantzazuko obratik baztertu egin zuten hasieran, eta hemezortzi urtean eduki zituen figura haiek gordeta».
Zeure buruan konfiantza eta artearekiko maitasun handia behar da, Oteizaren arabera, bide honetan aurrera egiteko. Mundu erlijiosoan ere bakan batzuk ei dira bere artelanak eskatzen dizkiotenak: «Askotan, jendeak, duen autoritate edo diruagatik, artistak bere erara lan egitea nahi dute. Hori zaborra da. Ez nik eta ezta nire anaiak ere inoiz ez dugu norbaitek agindutako lanik egin».
Ideia, buztinezkoa
Buztinarekin egiten du lan Oteizak. «Ideia, eskulana buztinean dago; gero, industria arduratzen da obra brontzean plasmatzeaz. Zailtasuna, ordea, ideian dago. Hor dago norberaren sorkuntza, eta hori ekintza artistiko guztietan dago. Artistak askotariko elementu pertsonalak erabiltzen ditu sorkuntzari lotuta; hala nola, irudimena».
Kaputxino abenturazaletzat du bere burua Antonio Oteizak, eta herrialde ugaritan bizi izan da. 1953an Madrilen (Espainia) apaiz ordenatu, eta berehala joan zen Hego Ameriketara misiolari. Han, besteak beste, warao, bari eta motilon indiarren kulturak ezagutu zituen Kolonbian, Venezuelan, Brasilen edota Argentinan. Herrialde horietan egindako bidaiak eta bizi izandako abenturen kronikak, liburuak eta mapak gordeta ditu, eta Donostian jarri duten erakusketan ere ikusi daitezke batzuk. Artista donostiarrak horretara bideratu nahi du publikoaren arreta. «Eskertzen dut erakusketak antolatzen eskaini didaten laguntza baina, eskultura baino, nire obra literarioak aztertzea gustatuko litzaidake. Zer gertatzen da? Askoz errazagoa dela eskultura bat ikustea 400 orritako liburu bat irakurri eta aztertzea baino. Garai hartako Amazonasko kontakizun zehatzen artean bakanetakoak dira nik egindakoak, eta tartean epopeia bat ere badago».
Oteizak munduan zehar egindako bidaia horien egunerokoak dira. Koadernoan idazten joaten zen bidaietan, eta gero, itzultzean, makinaz idazten zituen. Artista donostiarrak kontatu duenez, liburuetan dago bere mezua: «Eskulturan baino, liburuetan adierazi ditut ideiak era zuzenagoan. Aitzitik, nire produkzio literarioa ez du oraindik inork ikertu. Eta hor dago nire kritika».
Donostiako Kutxaren Boulevard aretoan, egunero ikusi ahal izango da erakusketa, uztailaren 10a bitartean. Sarrera doakoa izango da, eta nahi duenak bisita gidatua egin ahalko du asteburuetan.