Nerea Vallejo protagonistak hamahiru urte zituenean bizitakoak lehenengo pertsonan eta memoriak ematen dion perspektibatik idatzi ditu Iñigo Aranbarrik (Azkoitia, 1963) Zamaontzia azken eleberrian. Iragana berreraikitzen duen emakumearen zama bere gain hartu du azkoitiarrak.
Abandonuak eragindako sentimenduei buruzko nobela idatzi duzu.
Bakardadea pertsonaje nagusiak lotzen dituen haria da. Bai Nereak, bai Mateo aititek, bai Edwinek, bakoitzak bere erara bizi dute bakardadea, eta denak elkartzen dira espazio batean, etxe batean. Horrek bakoitzarengan sortzen dituen kezka eta bizikizunen inguruan antolatuta dago kontakizuna. Bat lapurtutako ume bat da. Gaur egun oso modan dagoen gaia izanik modan jarri aurretik idatzita dago liburua. Bestea, Nerearena, askoz ere abandonu normalago bat da. Aitak abandonatutakoa da, edo abandonua sentitzen du aitak bere karrera politikoa edo lana lehenesten duelako. Hala, beste herri batean, harreman berriak ezin eginda sentitzen da Nerea, eta horrek aitonarekin harreman berezia edukitzera darama; eta gero, Edwinekin. Hirugarrena, askoz ere abandonu sozialagoa edo ekonomikoa da; jende askok edo batzuk behintzat, sentitzen duena. Kasu honetan nabierak, armadoreak eta administrazioak abandonatutako marinelena da. Kasu horiek errealak dira, badira. Kasu asko izan dira, Pasaian, Bilbon, toki askotan… Espainian ere portu askotan gertatu da. Argentinan ezagutu nuen kasu bat, 1.997an, lau urtez abandonatuta egon ziren marinel batzuena, eta agian hori zen buruan neukana.
Hilabete hauetan ostutako umeen auzia azaleratu da. Nola sentiarazi zaitu horrek?
Ez nau harritu egin. Azken batean, bakoitzak dituen kezken gainean idazten du, eta kezka hori eduki, pertsonaia bihurtu eta pertsonaia hori egunkarietan ikustea bitxia egiten da. Aurreko nobelan ere antzeko zerbait gertatu zen. Gerra denborako ehorzketekin eta, modan jarri zen… Badaukat horrelako zerbait.
Nerea haserre dago aitarekin, eta isiltasunaz baliatzen da sentimendua adierazteko. Eta handik hamabost urtera berridazten du historia. Isiltasunak ez du askorik laguntzen?
Ez. Baina oso erabaki normala da. Haserrearen aurrean jende askok hitz egiteari uzten dio. Lortu nahi nuen kontrapuntua zera zen: batetik, isildutako hori guztiabota behar zuen, baina, bestetik, isiltasun hori eta garai hartan sentitzen zuen hainbat gauza idatzita utzi zuen. Orain, aitona hil denean, garai hartako koadernoak eta idatzitakoak berriro irakurtzen hasi denean, datorzkio denak batera. Eta hori kontatu nahi du.
Puzzle bat osatu du narratzaileak, Nereak. Zuk ere idazterakoan horrela planteatu al dituzu pertsonaiak eta garaiak?
Ez. Nahikoa garbi nuen hori izango zela egitura. Nik denbora asko pasatzen dut idazten hasi aurretik nobela buruan idazten. Eta nobela buruan idatzita eduki arte ez naiz idazten hasten, berez. Garbi neukan bi garai horiek egongo zirela, eta halaxe sortu da. Puzzle itxura ematen du horrek; nolabait ere, pertsonaiak kontatu ahala istori hortaz jabetzen zoaz. Ni gustura sentitzen naiz istorio honekin.
Munduan tokia bilatzen ari dira pertsonaia guztiak. Ez al da hori pertsona guztien kezka?
Nik, behintzat badaukat, eta ni bezala jende askok duela uste dut. Ez dakizu beti egon behar duzun tokian zauden ala ez, baina toki batean egon beharra daukazu. Hori da pertsonaia hauei gertatzen zaiena, eta badaukate kezka hori. Nerearen kasuan, gainera, are gehiago. 13 urte bakarrik ditu, eta aitak hartutako erabakiak (banatu eta etxetik alde egitea, etxea saltzen jarri eta Bilbotik Algortara bizitzera joatea) lagunengandik aldentzea ekarri dio. Horren ondorioz, bere bakardade hori areagotu egiten da.
Memoriaz baliatzen da bere errealitatea osatzeko, baina ez al du memoriaren tranpan erortzeko arriskurik?
Tranpa baino gehiago, memoria pertsonalarekin askotan gertatzen dena zera da: Denbora pasatzen denean ezin dugu esan benetan guk buruan daukaguna eta gordetzen dugun hori benetan hala izan zen. Eta kezka sortzen zaigu. Askotan oso berandu denean sortzen zaigu, esanez: «Nik hau egin izan banu orduan…». Kezka horiek saihesteko, azken finean egiten duguna gure bertsioa gordetzea da. Horregatik, Nereak zera aitortzen du: «Nik ez dakit benetan hau horrela zen, baina orduan halaxe sentitu nuen, ala sentitu nuela sinetsi nahi dut». Berak ere badaki ez dagoela memoria objektiborik, sentimendu subjektibo bat ere badela. Badaude datu objektibo batzuk, jakina, baina hori bizitzeko era oso pertsonala izaten da. Emozioen kudeaketaoso aldakorra da.
«Idaztea kaosa gelditzea da, erdizka ageri dena osatzea. Idazteko lana hartzen dugulako ulertzen dugu gauza asko. Eta horrek larria du ordaina», dio Nerea pertsonaiak. Zure kasuan hala al da?
Dudarik gabe. Nire ustez literatura eta idaztea zerbait baldin bada neurri handi batean, kaos hori, edo pelikula hori fotograma batean gelditzea da. «Hau horrela kontatu nahi dut» esatea. Bestela, denbora guztian dena mugimenduan dago, eta oso zaila da hortaz jabetzea eta hortaz idaztea ez baduzu gelditzen momentu batean.
Eta zuretzat ere larria al du ordaina?
Niretzat bai, behintzat. Ni ez naiz batere lasai gelditzen liburu bat bukatzean. Ez dut esaten «A ze lasaitua hartu dudan!». Horrelako sentimendurik ez daukat. Nire kasuan ez.
Serenity Star pertsonaia hor dago, liburuan zehar, sinbolikoa da, bale baten gisara portuan geldituta dagoena.
Nereak ere jokatzen du horrekin. «Nire lagunak Port Aventuran eta ez dakit nongo baleekin eta izurdeekin ateratako argazkiak dituzte, eta nik benetako bale bat topatu dut», esaten du. Bazegoen hor paralelismo bat egiteko nahia. Animalia bezalakoa da, baina sekulako istorio eta drama humanoa barruan duena. Gainera, kasu hauetan marinelak ez dira inon bizi; ezleku batean bizi dira jendeak emandakotik, errukitik. Zera planteatu nahi nuen: Gure gizartean agertzen diren bale edo irla horiek bale edo irla izaten segitzen dute, eta, kasu honetan, nola baldintzatu zuen komunitate txiki bateko jendea.
Arrotzak beti arriskutsutzat hartzen al dira ?
Literaturan asko erabiltzen den jokoa da arrotzarena. Borgesek badu El intruso narrazioa. Horrekin Oraingoz izen gabe filma egin zuten Julian Bakedanok-eta. Blasco Ibañezek Sarkina dauka; Azpeitian kokatzen duen hori.Azken batean, komunitate batean kanpoko elementu batek zer eragin duen kontatzen da.
Normalean, txarrena ateratzea.
Hori da, eta normalean komunitate horren argazkia egiteko balio du.
Hala ere, Nereak begirada garbiz begiratzen ditu marinel arrotzak.
Bai, ez du, behintzat tradizio hori: ama ingelesa du, ingelesez komunikatzeko gai da… Aitonak marinela (Edwin) etxean sartzea erabakitzen duenean, elkartasunez edo berak ere ordain bat duelako edo auskalo zergatik,
Nereak etxean bizi du pertsonaia hori, eta ez du kontrako ezer
esaten. Hor hasten den harreman ez da oso normala edo egunerokoa, baina ezta hain apartekoa ere.
Baina herrian badira hipokresiaz jokatzen duten beste batzuk.
Kanpotarrak herrian gehiegi agertzen hasten direnean, susmoa era askotakoa da. Gauza normalak egiten dituztelako errezeloak sortzen dira. Gainera, herrian lapurreta batzuk ere badaude, eta horrelakoetan kanpotarrei botatzen zaie errua. Nolabait,errukitik destainera zein muga estua dagoen adierazi nahi izan dut. Hau da, kanpotarrei askoz ere gutxiago barkatzen zaio edozein txikikeria. Errukiaren kultura gustatzen zaigu; laguntzen dugula-eta esatea. Baina gero muga pasatzean pentsatzen dugu eskubide gehien geuk dugula, errukia izan dugulako. Hori atera nahi nuen. Gure gizartearen erradiografia moduko bat ere egin nahi nuen.