Mina aldi baterako da; harrotasuna, betirako. Halaxe dio Ruben Almendro (Azkoitia, 1981) triatletaren bizikletan idatzitako esaldiak. Bietaz asko daki azkoitiarrak. Izan ere, bi saihets hautsi ondoren, eta guztiz sendatu gabe, egin zuen Lanzaroteko Ironmana (Kanariar Uharteak). Lasterketa gogor hartan lortu zuen bere ametsa: Hawaiiko Ironmanean parte hartzeko sailkatzea.
Noiz hasi zinen triatloian?
Orain dela bost urte hasi nintzen, probatu nahian. Futbolean aritua nintzen, eta kirol berriak probatu nahi nituen. Trialtoia gustatu zitzaidan; harrapatu egiten ninduen kirol honek.
Eta hasieratik lehian jardun al duzu?
Hasieratik probatan parte hartzen hasi nintzen. Beste mailako probak ziren, laburragoak. Triatloian era askotako probak daude, sprintetik hasi eta ironmanak arte. Aurreneko denboraldian triatloi motzak egin nituen, sprintak (750 m. igerian, 20-25 km. bizikletan, eta 5 km. korrika) eta olinpikoak (1.500 m., 40 km., 10 km.). Bigarren denboraldian helburu bezala jarri nion neure buruari ironman erdi bat egitea; distantzia luzeko bat egitea, alegia. Zarauzkoa egin nuen orduan. Proba guztietan luzeena ironmana da: 3.800 m. igerian, 180 km. bizikletan eta maratoia; hau da, 42 km. korrika.
Superatleta behar da izan horrelako probak egiteko.
Era guztietako parte-hartzaileak daude. Batzuen helburua bukatzea da, eta hori jada sekulakoa da. Beste batzuk lehiatzera goaz. Ni neuk bost ironman egin ditut. 2008an debuta egin nuen Roth-en (Alemania). 2009an Lanzarotekoa (Kanariar Uharteak) egin nuen aurreneko aldiz. 2010ean bi egin nituen, Lanzaroten eta Regensburg-en (Alemania). Eta aurten, Lanzaroten, ametsa betetzeko aukera eman didana. Izena emanda nago uztailaren 9an taldearekin Zurich-eko (Suitza) Ironmanean parte hartzeko. Entrenatzailearen iritziz ez zait komeni, baina joan egingo naiz, lasai egitera, lehian ibili gabe. Entrenamendu gisa hartuko dut. Gero, atseden hartuko dut pare bat astez, eta uztailaren bukaeran hasiko naiz Hawaiikoa prestatzen.
Profesional egiteko bidean?
Triatloia ez da futbola bezala. Euskal Herri mailan, Atletico San Sebastian eta Nafarroako Lagunak taldeak kenduta, ez dago talde profesionalik edo antzerakorik. Kirolariak badaude, Llanos anaiak, esaterako. Baina nire helburua ez da profesional egitea. Nik afizio bezala daukat triatloia. Distantzia luzeetan ibiltzen garen triatleta gehienek bezala, egunen batean Hawaiira iristea zen nire ametsa. Azken finean, profesionalak eta denboraldiko amateur onenak bertan elkartzen dira. Sailkapen bitartez lortzen da plaza. Adin talde bakoitzerako plaza kopuru mugatua dago, eta oso zaila da sailkatzea.
Lanzaroten lortu zenuen ametsa betetzea. Zaila izan al zen?
Ez dut zorterik izan. Aurreko hilabetean istripu bat izan nuen bizikletarekin, zoritxarrez, eta bi saihets hautsi nituen. Denboraldi osoan entrenatzen jardun ondoren. Azken hilabetean ez nuen entrenatu, sekulako minarekin bainengoen. Lanzarotera joan ginen, lasterketa bukatzeko asmoarekin. Baldintza horietan egin nuen biziko lasterketa onena.
Alderdi psikologikoak pisu handia al du proba hauetan?
Nire ustez buruak portzentaje handiagoa du gorputzak baino: %70-30 erraz esango nizuke. Gauza asko geratzen dira, eta gerta daitezke. Arazo txiki batek dena izorratu diezakezu. Zerbait mekanikoa ez denean, fisikoa izan daiteke… eta proba luze eta muturrekoak direnez, ondo egon beharra dago. Min ikaragarria nuen, baina disgustoa handiagoa zen, inoiz baino hobeto ikusten nuelako neure burua ordura arte. Lanzarotera joan aurreko astean, etzan ere ezin nuen egin. Joan eta lasaigarriekin eta neure adrenalina puntuarekin, ondo ibili nintzen. Sekulako ilusioa nuen, ametsa bete eta egunen batean Hawaiira iristeko. Eta aurten tokatu zait. Ez nuen espero lortzea. Niretzako Lanzarote berezia da. Hiru aldiz egin dut proba, eta, arazoak arazo, niretzat berezia da; zerbait badauka. Ofizialen artean, munduko ironmanik gogorrena dela esaten dute, haizeagatik eta bero lehorragatik.
Orain, Hawaiirako prestatu behar.
Urriaren 8an izango da lasterketa. Zurichekoa tartean dago, eta deskantsua egingo dut ondoren, hiru astez. Entrenamendu lasaiak egin ditut Zuricherako. Falta diren asteetan entrenamendu normalak egingo ditut. Gogorrenak, kalitatezkoak, ez ditut egingo oraingoz. Zuricheko Ironmana egin eta bi astez deskantsatuko dut. Ondoren, uztaila bukaeran Hawaiikoa prestatzen hasiko naiz, buru-belarri.
Nola entrenatzen zara normalean?
Astelehenetik ostiralera, batazbeste pare bat ordu sartzen ditut. Asteburuak aprobetxatzen ditut luzeenak egiteko, bost ordu ingurukoak. Normalean egunero bi kirol egiten ditut, eta asteburuetan, hirurak ere egiten
ditut.
Diru asko behar al da maila horretako lehiaketetan parte hartzeko?
Diru dezente behar da. Poza hartu eta gero dator diruarena, okerrena. Gauzak ondo eginda, aurrekontuak egokituta, 3.000 euro beharko ditut Hawaiirako. Bidaia luzea da, eta jet lag-a kontrolatzea oso garrantzitsua da. Beraz, astebete lehenago joango naiz, egokitzeko. Bertako klima oso muturrekoa da, oso beroa eta hezea. Apur bat ohitu behar da, eta behin han nagoela, beste astebete geratuko naiz. Batetik eta bestetik ateratzen ari naiz dirua. Orain arte babesle batzuk aurkitu ditut: Jazki denda, Joseba eta Ongietorri jatetxeak, Muno, Xubi engranajeak, Urbistondo margoak, Uria Sukaldeak eta U-51 kirol denda. Baina oraindik ari naiz babesle bila…
Bakarrik joango al zara?
Beste lau lagunekin joango naiz. Taldeko hiru kide eta neskalaguna; taldean dago hura ere. Ni animatzera doaz, sekulako meritua dute! Momentuz, sailkatu den euskaldun bakarra naiz. 1.800 parte-hartzaile izango ditu lasterketak. Ez noa irabaztera, maila oso altuko profesionalak daudelako. Aurreko astea sekulakoa omen da han. Munduko onenekin aldemenean aritzea sekulakoa izango da. Eta bertako jendeak ere profesional moduan tratatzen omen zaitu. Zerbait behar baduzu, denetarik ematen dizute.