Euskal Herriko nahiz kanpoko xake jokalarien topagune bihurtuko da Kontzejupea igande goizean. Anaitasuna Kakute Xake Taldeak Azkoitiko Hiria XXIX. Xake Txapelketa antolatu du, Udalaren babesarekin, eta, urtero bezala, norgehiagoka bezain lagunarteko giro ederra espero dute. Gainera, Euskal Herriko Xake Federazioaren Partida Azkarren Zirkuiturako puntuagarria izango da.
Krisialdiaren eta aurrekontu murrizketaren eraginez, aurten ere dozena bat taldek hartuko du parte txapelketan. Alde horretatik, ez dela kopuru ona dio Anaitasuna Kakute taldeko lehendakari Jose Luis Fernandez. Izan ere, «duela bi urtera arte 18 talde inguru ekartzen genituen. Egungo egoerak, ordea, talde gutxiago gonbidatzera behartu gaitu».
Hauek izango dira Azkoitin lehiatuko diren elkarteak: Errenteriako xake taldea, Donostiako Gros eta Easo, Tolosa, Zornotza, Eibar, Elorrio, Burlatako Mikel Gurea, Gasteiz, eta Azkoitiko Anaitasuna Kakute elkarteko bi talde. «Hirugarren bat osatzeko adina lagun dugun arren, bi talde aurkeztuko ditugu. Batzutan, zenbait talde kide bat gutxiagorekin etortzen bada, haiekin jartzen ditugu jokatzen», zehaztu du Fernandezek.
Azken hiru urteetan Gros Xake Taldea izan da txapeldun, eta aurten ere gainditu beharreko taldea izango da. Antolatzailearen hitzetan, «Grosi aurre egin diezaioken bakarra, segur aski, Errenteria izango da. Edonola ere, Burlatako Mikel Gurea ere indartsu etorriko da». Anaitasuna Kakute, bere aldetik, sailkapenaren erdialdean kokatzearekin konformatzen da.
«Gauza ez dago suziriak botatzeko moduan», dio Fernandezek. Hala ere, taldean xake jokalari onak dituztela jakitera eman du. Adibidez, Egoitz Irure eta Hector eta Carlos Sanchez anaiak nabarmentzen ari dira azkenaldian. Sancheztarrek Espainiako Txapelketa jokatuko dute uztail hasieran, Padronen (Galizia); Hectorrek jubenil mailan, eta Carlosek, berriz, gaztetxoetan.
Urtero moduan, ligaxka eran jokatuko dute; talde guztiek guztien aurka jokatuko dute; taldeak lau jokalariz osatuta egongo dira. Beraz, talde bakoitzak bost minutuko 11 partida azkar jokatuko ditu, partida bakoitzean jokalari batek ordezkatuta.
Parte-hartzaileak 09:45ean elkartuko dira udaletxe azpian, eta ordu laurden geroago ekingo diote txapelketari. Partida guztiak jokatu ostean, sailkapenean lehen postuan geratzen denak irabaziko du txapelketa. Ondoren, sariak banatuko dituzte, eta jardunaldia borobiltzeko, lagunarteko bazkaria egingo dute Iturri jatetxean.
Minierri omenaldia
Sari banaketa ekitaldian, Anaitasuna Kakute Xake Taldeak omenaldi berezia egingo dio urte hasieran zendu zen Cristian Minierri. Herrian bizi zen musikari frantsesa izateaz gain, xake munduan ere murgilduta ibili zen. Izan ere, Inmopar Xake Txapelketa antolatu zuen Parisen duela hogei urte, eta bertan Kasparov, Karpov, Kamski eta Annand xake jokalari ezagunek hartu zuten parte, besteak beste.က