Gazte talde batek mataderoan sartu eta Akoitiko hiltegia zenari bizi berria eman ziola hamabost urte beteko dira ekain bukaeran. Ordutik, izana eta
izena aldatu ditu espazioak.
Matadeixe kultur sorkuntzarako gune bihurtu da, denboraren
eta bertan lan egiten duten guztien eguneroko jardunaren poderioz.
Autogestioan eta asanblada bidezko kudeaketan oinarritu da proiektua 1996. urtetik. Matadero Ekintzak kolektiboa partaide bakoitzaren dinamikaz elikatu da, eta egin dituen urrats guztiak modu horizontalean egin ditu; hau da, guztien ahotsa entzunda eta ekarpen oro maila berean jarrita.
Bidean oztopo ugari aurkitu duen arren, partaide izan diren guztien konpromisoari eta hausnarketari esker hamabost urte bete ditu proiektuak. Urtero moduan, herritar guztiekin batera urteurrena ospatu nahi dute, eta horretarako egitarau zabala prestatu dute Matadeiko kideek.
Festa baino gehiago
Bi gai nagusiren inguruan osatu dute aurtengo urtemugako egitaraua. Batetik, antimilitarismoaz hausnartzeko gunea zabaldu nahi dute, eta horretarako zine zikloa antolatu du Matadeixe Zinetogram Taldeak. «Edozein motako indar armatuen eta estatutik datozen indarkeria jarduera guztien aurka gaude, bereziki armadaren kontra, zapalkuntzarako tresna dela uste baitugu», adierazi dute antolatzaileek.
Espetxeen gaur egungo egoera eta espetxe politikaz teorizatzeko tartea ere hartuko dute urtemugako ospakizunetan. Hitzaldien, mahai-inguruen eta zinemaren bidez gaiari buruzko hausnarketa plantentuko du Matadero Ekintzakek.
Eta ospakizuna bukatzeko, festarako eguna ere aukeratu dute. Ekainaren 18an, larunbatean, izango da elkartzeko eta musikaz gozatzeko aukera, Matadeixen.
Egitaraua
ZINE ANTIMILITARISTA
Ekainak 5, igandea. 21:30ean, Matadeixen: La delgada linea roja (Terrence Malick, AEB, 1998).
Ekainak 8, asteazkena. 21:30ean, Matadeixen: Bagdad Rap (Cisneros Samper, Espainia, 2005)
Ekainak 12, igandea. 21:30ean, Matadeixen: Senderos de gloria (Stanley Kubrick, AEB, 1957).
Ekainak 16, osteguna. 21:30ean, Matadeixen, film emanaldia: Carandiru (Hector Babenco, Brasil, 2002).
Ekainak 17, ostirala. 20:00etan, Viscera aldizkariaren 4. zenbakiaren aurkezpena:Kartzela-terapia, xantaia penal berriaren makila eta azenarioa.Bestalde, Armiarma aldizkariak Makrokartzelei buruzko bideoa aurkeztuko du. Ondoren, mahai-ingurua egingo dute gaiaren inguruan: Kartzela terapeutikoa: presoak gobernatzeko eredu berri baterako esperimentatze-laborategia.
URTEMUGA FESTA
Ekainak 18, larunbata. Matadeixen 15. urtemuga festa. 14:00etan, bazkaria. Ondoren, kontzertu akustikoa. 22:30ean, Low Riders taldearen kontzertua. Gauean, bertako musika jartzaileak.
«Gerturatzen denak badaki leku egokia dela ekitaldiak antolatzeko»
Matadeixen hastapenetatik asanbladako kidea izan da Joxe Manuel Larrañaga (Azkoitia, 1972). Akauzazteko musikariarentzat, okupatutako eraikina «espazio askea eta sorkuntzarako gunea» izan da betidanik.
Matadeixen proiektuarekin hasi zinetenean, espero al zenuten hainbeste urte irautea?
Sekula ez da egiten 15 urteko planteamendua, baina beti dago ahalik eta gehien irauteko asmoa. Matadeixe beti egon da botako duten mehatxupean, eta, zentzu horretan, beti jokatu izan dugu epe laburrera begira. Hala ere, 15 urte pasa dira, eta hemen jarraitzen dugu, martxan.
Gaur egun nola dago auzi hori?
Guri ere gustatuko litzaiguke jakitea gaur egun kontuak nola dauden. Eraikuntza ordenaziotik kanpo dago, eta, horren aurrean, egoera horretatik ateratzea eta eraikuntza historiko gisa mantentzea eskatzen dugu, egun duen balioagatik eta izan duenagatik ere. Ez dakigu legalki nola dauden gauzak; Udalak azaldu beharko digu.
Osatzekoa den udalarekin hitz egin beharko duzue horretaz.
Haiek etorri beharko dute hitz egitera; gu zain gaude. Beti izan gara talde autonomoa; ez gara inoiz izan Udalari lotutako taldea, eta aurrerantzean ere ez gara izango. Horrek ez du esan nahi harremanik izango ez dugunik. Orain arte izan dugu, eta aurrerantzean ere izango ditugu hartu-emanak. Orain ez dakigu Mataderoarekiko haien planteamendua zein den.
Etxetik kanpo hobeto ikusten al dute Mataderoa Azkoitian baino?
Azkoitian ere ondo ikusita dago, batik bat herritar guztiok ezagutzen dugulako. Etxetik kanpora bertara etorri direnak ezagutzen dute Mataderoa, eta ondo ikusita dago. Hambost urteko ibilbidea eginda dauka, eta inguruko jende asko etorri da ekitaldietara. Gerturatzen denak badaki oso leku egokia dela antolatzen ditugun ekitaldiak antolatzeko. Kanpoan eta herri mailan ondo ikusita dagoela iruditzen zait.
Erreleboa eman da azken urteetan. Sekula baino biziago al dago proiektua?
Mataderoa beti izan da bizirik dagoen lokal bat. Beste belaunaldi batzuetako jendea sartu da, eta ekimenak antolatzen dituzte. Nabarmena da. Mataderoaren filosofiaren barruan gauzak egiten ari dira, eta garrantzitsua da hori. Belaunaldi erreleboa egotea
inportantea da. Azken batean, Mataderoa espazio bat da, eta espazio horri bizia ematen dion eta bertan parte hartzen duen jendea behar da. Lehengo jendeak parte hartzeko dinamika bat zuen, eta gaur egungoak beste bat. Talde dinamiko gisa ikusten dugu gure burua, eta, zorionez, erreleboa gertatu da.
Akauzazte musika taldeko kidea zara. Zure ustez, Matadeixek zer eman dio musikariei ?
Herriko musika talde gehienontzat oso leku garrantzitsua izan da. Alde batetik, entseatzeko eta sormena aurrera ateratzeko tokia izan delako. Eta bestetik, komunikaziorako tokia ere izan da; musikari asko ezagutu ditugu, eta harreman pila bat egin dugu Matadeixe espazioari esker. Zorionez, atsegin ditugun talde asko ekarri ahal izan dugu, eta horrek Azkoitiko musikariei ekarpen handia egin dien harreman batzuk sorrarazi ditu.