«Burokratizatutako medikuntzaren eta gizartearen kontra nago»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko mai. 19a, 11:02

Santiago Dexeus, hitzaldia, Baloreen Eskola, Insausti jauregia

Santiago Dexeus (Bartzelona, Herrialde Katalanak, 1935) ginekologoaren ibilbide profesionalaren bikaintasuna pertsona gisa duen apaltasunaren parekoa da. Humanista eta maisu nekaezinak gizakien berezko baloreetan sinesten du, sutsuki. Baloreen Eskolak antolatutako bigarren hitzaldia emango dubihar eguerdian Insausti jauregian. Medikuntza, etika eta baloreak izango ditu hizpide.
Zer dira baloreak zuretzat?
Baloreak aldakorrak direla uste dut; askotan batzuentzat baloreak direnak besteentzat desastre hutsak dira. Gizarte kontsumista honek nik baloratzen dudana ez duela baloratzen pentsatzen jarraitzen dut. Norberak barruan duena da bere balorea eta gizartean erakutsi behar duena. Gizarte hiperkontsumista honek gailendu dituen eskemak eta diruak ez digute zoriontasuna ematen.
Gaurko krisialdia hortik etorri al da?
Guztiz. Pertsona batek bizitzan egin duen gauza garrantzitsuena multimilioidun izatea denean, arrazoi horrengatik hedabideetan agertzen denean, eta jende guztiak hura bezalakoa izatea nahi duenean, gaizki gabiltza. Bizitzan mugituko gaituen bakarra diru gosea izatea, eta gero eta gehiago kontsumitzea, eta zoriontasuna emango ez diguten plazeren bila ibiltzea, benetako drama da. Zorionez, oraindik medikuntzan badira maitasuna, abnegazioa eta ondo egindako lana gauzarik garrantzitsuenak direla uste dugun heroiak.
Medikuntza eta baloreak betidanik joan dira eskutik. Ezin al da bata bestea gabe ulertu?
Horren izena etika da. Etika medikoa guztiok ikasi duguna bada, ez dago arazorik. Medikua gehiago edo gutxiago zapuztuko da, baina medikuntza ona egingo du. Baina guztiz burokratizatutako medikuntzaren eta gizarte honen kontra nago, eta asaldatu egiten naiz. Teknikaren aristokrazia badela esango nuke, eta ez luke horrela izan behar.
Gizatasuna jartzen al duzu guztiaren gainetik?
Guztiok ditugun eta askotan baditugula ahazten zaizkigun baloreak aintzat hartzen ditut. Ez dagozkigun helburu sozial eta ekonomiko batzuk geureganatzen saiatzen ari gara eta, gainera, ez digute zoriontasuna ekarriko.
Baloreen krisia aipatzen da sarritan,  baina hortik etorri al daiteke aldaketarako aukera ere?
Guztiz ados nago. Einsteini egin zioten galdera hau orain urte asko eta berak esan zuen krisiak ondo datoztela ondoren askoz ere humanoagoak izango diren ideia eta ekimen berriak sortzen direlako.
Baloreen inguruko eztabaida bizirik al dago medikuntzako profesionalen artean, ala nahikoa lan duzue eguneroko beharraraekin?
Egunerokoak asko baldintzatzen gaitu, baina ez dugu ahaztu behar munduko lanbiderik ederrenetakoaren alde borroka egiten jarraitu behar dugula. Lanbide guztiak dira garrantzitsuak, eta guztiok dugu gizartearekiko erantzukizuna, baina medikuak lanean ondo jarraitzeakbenetan harritzen nau.
Urteen poderioz asko aldatu al da medikuen eta gaixoen arteko harremana?
Azalean bai, baina ez funtsean. Senecak zioen: «medikuari ez diot soldatarekin ordaintzen, ez baita nahikoa». Medikuari zerbait gehiagorekin ordaindu behar zaio, asko zor diogulako. Beste pentsalari batek zioen medikuak maitasunarekin tratatu behar duela gaixoa. Medikuntza maitasun ekintza bat da, zinez.
Zuregan aurkitu dituzun balore horiek izan al dute inspirazio iturririk?
Aurrena, nire aitarengandik jaso nuen inspirazioa. Eguneroko lanaren adibidea zen. Oraindik balio didan esaldi bat esaten zuen beti: «Ez kezkatu, ondo egindako lana beti hartuko dute aintzat». Une zailak bizi izan ditut, baita lan ibilbidean ere, eta arrazoi osoa zuela iruditzen zait. Nire aitak ez zuen sekula diruan pentsatu; ama zen ekonomiaz arduratzen zena. Diruak zenbat balio duen dakien Kataluniako klase ertainaren sentsazio hori oso lagungarria izan zait bizitzan. Aitak esaten zuen ez zela aita ona; nik baietz uste dut, oraindik gogoan dut-eta. Haren adibideaz gain, nire anaiarena ere izan nuen, eta funtzionatzen zuen familia batena. Oso garrantzitsua da hori. Etika familian bertan ikasten dugun kodea da. Ondorioz, familiaren arabera zure kodea zehatzagoa, egokiagoa, ala humanoagoa izango da.
Emakumeen alde lan asko egindakoa zara. Noiz sortu zitzaizun kezka hori?
Aurretik aipatu ditudan inspirazio iturri horietaz gain, emakumeen sufrimenduak ere asko baldintzatu nau. Mediku gaztea nintzenean emakumeek sufritzen zuten diskriminazioa ikusten nuen eta, horrek «iraultzailetzat» sailkatu zuten jarrera bat piztu zuen nigan, baina nire asmo soila emakumeei justizia eta berdintasun soziala ematea zen.
Emakumeen garapen soziala oso nabarmena izan da. Zein dira aurrera begirako erronkak?
Emakumea ondo garatu da gizonek errespetatu dutenean. Baina gizonak emakumea errespetatu nahi ez duenean tresna asko ditu emakumearen lan eta gizarte mailako aurrerapen guztiak ezeztatzeko. 2007an emakumeei %12 gutxiagoa ordaintzen zieten emakumeei baino, lan bera egiteagatik. 2010. urtean, berriz, %18 baxuagoa da soldata. Etika soziala baldin badaukagu, eta demokratak bagara, arazoa behin betiko bukatu eta berriro gerta ez dadin egin behar dugu borroka.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide