H erriko toki jakin batzuetan eskean aritzen da hainbat lagun azken boldadn, eta Azkoitiko Udalak debekatu egin die horretan jardutea. Udaltzaingoak azkenaldian egunero jarduten du eskaleen jarduna kontrolatzen, «segurtasun eta garbitasun» arazoak sortu dituztelakoan.
Azkoitiko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, azken boladan asko ugaritu dira herritarren kexak. Horien arabera, eskaleek «presio handiegia egiten diote jendeari, beldurra eta ezinegona eraginez». «Eskatzetik jazartzera igaro dira», adierazi dio Azkoitiko udaltzainburuak Urola Kostako Hitza-ri.
Egoera horren aurrean, udaltzainek azken hiruzpalau urtetik eskean ibiltzen diren pertsonak identifikatu ditu, eta bilera batera deitu zituen joan den asteazkenean. Besteak beste, Gizarte Zerbitzuen berri eman zieten, eta erroldatuz gero erabiltzeko moduan dituzten baliabideak ere azaldu zizkieten. «Dozena bat lagunekin egin genuen bilera, eta bakarra erroldatu da herrian», adierazi du udaltzainburuak.
Bien bitartean, udaltzainek egunero egiten dute erronda kaleetan. «Jende gutxiago ibiltzen da eskean, baina oraindik badabiltza batzuk», adierazi du Udaltzaingoak.
«Adineko jende askok eskaleei dirua ematen die beldurra dietelako», dio erdiguneko dendari batek. Azken urtean egunero bere dendaren ate parean egoten zen eskalea falta dela-eta, «gustura» dagoela aitortu du merkatariak: «Egia esateko, askatuta sentitzen naiz».
Azkoitiko alkate Aiser Aranbarriren ustez, auzi honetan «segurtasun kontuak sartzen dira tartean, kutxazain inguruetan jardudutelako eskean, eta jendea beldurtzen ari direlako». «Norberak askatasuna dauka kalean nahi duen moduan ibiltzeko; herritar askeak dira, baina leku berean eskean aritzea saihestuko dugu, segurtasun eta garbitasun ikuspegiei erreparatuta», dio Aranbarrik. Egoera «kroniko bilakatu» aurretik Udalak esketik bizi diren pertsonak Gizarte Zerbitzuetara bideratzeko ahalegina egiten duela dio alkateak.