Azkoitiko Udalak 1.300.000 euroko soberakinarekin bukatu du 2010. urtea. «Krisi garaian ez da erraza zenbakiak borobiltzea, baina denboraz jokatu izanak balio izan dio Azkoitiko Udalari 2010. urtea soberakin positiboarekin amaitzeko», adierazi dute Udal ordezkariek.
Udalaren esanetan, «emaitza ez da kasualitatea eta neurriak ez dira inprobisatu». 2008an, egoera ekonomikoak atzera egingo zuela antzematen hasi zirenetik, Udalak neurriak hartzea erabaki zuen krisiaren eragina murrizteko. Helburu horrekin landu zen 2009-2012ko Plan Ekonomiko Finantzarioa. Ordutik udal kudeaketaren egunerokotasunean gidatzat hartu dute.
Txostenak esku-hartze argiak jasotzen ditu. Batetik, jarduera ekonomikoa indartuko duten inbertsioak babestu dira eta bestetik, gastu soziala mantendu dute. Horrez gain, gainerako partidetan «zorroztasunez» jokatu dela diote. 2009an, %12 murriztu ziren gastu arruntak, biztanleko inbertsioa modu nabarmenean igo zen bitartean.
Udalak azpimarratu duenez, jarduera ekonomikoa da udal kontuak ez ahultzearen arrazoi nagusia. Izan ere, etxebizitzak eraikitzeari utzi arren, Udalak, Eraikuntza eta Obren gaineko zerga bidez jasotako diru-sarrerak igo egin dira, bai enpresa berriak sortu direlako eta bai lehendik zeuden batzuk, handitu egin direlako. Iosu Bastida alkateordeak azaldu duenez, bi iturrietatik etorri dira diru sarrerak: «batetik, kanpotik etorritako diru laguntzetatik, eta bestetik, eraikuntzaren gaineko zergetatik». Azken honi dagokionez, aurreko urteetan Udalak diru kopuru garrantzitsua etxebizitzen eraikuntzatik eratorritako zergetatik biltzen bazuen ere, 2010. urtean enpresen gaineko zergetatik iritsi zen diru hori.
«Datuek baieztatzen dute, ekonomiaren geldotzearen aurka,itzulera izan dezaketen proiektuetan inbertitzearen filosofiak emaitza onak ematen dituela», esan dute Udal ordezkariek.
Batzordean aztertuko dute
Udal Gobernu Taldeak oraindik ez du zehaztu zertan erabiliko dituen iaz lortutako soberakinaren 1,3 milioi euroak. Datorren astean egitekoak diren batzordean hasiko dira gaia aztertzen eta aurrerantzean emango dute erabakitakoaren berri.
Bien bitartean, oposizioko taldeek euren balorazioa jakinarazi dute. Ezker abertzalearen hautetsiek diotenez, «aurrekontuetan egin genuen proposamenari eutsi eta batzordean aztertuko dugu zein lehentasunarekin erabiltzen den diru hori». Batera Talde Independienteko ordezkari Julen Garaten krisi garaian soberakina izatea positibotzat jo du: «dirua egitea ondo dago baina zertan erabiliko den da kontua».