Datozen maiatzeko hauteskundeetara begira koalizio berria sortu du Baterak, Ezker Batua-Berdeak, Aralar eta Gipuzkoako Berdeak taldeekin batera. Maiatzaren 22ko udal hauteskundeetara aurkeztuko den koalizioak ez du oraindik zerrendarik jakinarazi baina, aurreratu dutenez, Julen Garate izango da zerrendaburua.
Ezker Batuako kide Arantza Gonzalezek adierazi duenez, «Ezker Batuak, hitzarmenak edo koalizioak negoziatzean beti eman dio garrantzi nagusia programari, horregatik egoki ikusi dugu Azkoitirako koalizio hau babestea, aurkezten den programan neurri aurrerakoiak proposatzen direlako eta lehentasuna gai sozialetan eta naturaren defentsan jartzen delako».
Aralarreko ordezkari Andoni Ibargurenen ustez, «politikan jarduteko, Udalean jarduteko beste modu bat mahai gaineratu nahi duen proposamena da» Azkoitia Bairena. «Krisiaren ondorioei ezkerretik irtenbideak eskainiz, herriaren eta herritarren aniztasunaren errespetutik gertukoekin eta urrutikoekin akordioak bilatuz, Udala guztiona dela gogoraraziz”, gaineratu du.
Iñigo Agirrek, Gipuzkoako Berdeakeko koordinatzaileak, «herritarren erabakia errespetatzeko konpromezua» hartu dutela azaldu du. Gai korapilotsuetan herri galdeketa egiteko hautua ere egin dutela adierazi du Agirrek.
Proposamena lantzen
Azkoitian Aralar, EA, Ezker Batua, Hamaikabat, Berdeak eta Alternatibako taldeei koalizoa osatzeko proposamena luzatu zien Baterak 2009an. Hamaikabatek haseran, eta beranduago EA eta Alternatibak koalizioan parte ez hartzea erabaki zuten.
Proposamen hura herritarrei zabaldu zieten 2010ean eta ordutik hona elkarlanean gorpuztu dute 2011ko Azkoitia Bai egitasmoa.
Talde dinamika eta programa finkatuta, hautagaien zerrenda osatzeari ekin zioten. «Onartu behar dugu ez dela erraza izan zerrenda osatzea, baina azkenean talde dotorea osatu dugulakoan gaude», esan du Julen Garatek.
Prozesuan sortutako talde lana positiboki baloratu dute: «hauteskundetan emaitza onak lortzeko esperantzak baditugu, helburua hiru zinegotzi lortzea da», dio zerendaburuak.
Datorren agintaldia aginte eredu aldaketaren legealdia izan behar duela dio koalizioak. Horretarako beste alderdi politikoei (EAJ, ezker abertzalea, PSE, PP eta EA) udal ereduaren proposamen bat egin diete. «Erantzun digutenekin (EAJ, ezker abertzalea eta EA) lehen bilera erronda egin dugu, puntu batzuetan adostasuna lortzea erraza izango dela uste dugu, baina beste batzuetan, bereziki alkate aukeraketan eta batzordeburuen izendapenean, oraindik oso urruti gaude», aitortu du Garatek.
Bigarren bilera erronda zabaldu dute eta programen gutxieneko adostasuna lortzen saiatuko dira maiatzak 22a baino lehen. «Badakigu ez dela erraza izango, arlo batzuetan oso ikuspuntu desberdinetako alderdiak direlako, baina horretarako herritarren iritzia jasotzen duen herri galdeketa erabiltzea interesgarria izan daitekeelakoan gaude», esan dute.