«Euskara ardatz eta oinarri izango diren guneak behar ditugu»

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko mar. 8a, 07:00

Hogeita zazpi urte pasa dira lehen euskara elkartea sortu zenetik. Kongresua antolatu eta urteotan egindako lanaren inguruan hausnartzeko eta XXI. mendeko elkarteen mugimenduaren oinarriparrak ezartzeko baliatu du aukera Karmen Irizar (Azkotia, 1973) lehendakari duen erakundeak. Aurreneko kongresua egin duzue. Zergatik orain? Kongresua orain egin dugu, baina lehenagotik datorren ideia bat izan da. Jende askok esan izan digu gauza asko egiten ari garela baina nazio mailako jauzia eman beharko genukela. Gabezia batetik sortu da kongresua. Jakintza teknikoan oso indartsu geunden baina, behar bada, euskara elkarteetan hasierako oinarri filosofikoetan eta hizkuntza inguruko ikuspegietan transmisioa etenda zegoen, eta horri berriro heltzeko momentua iritsi zen. Topagunearen egitura nahiko egonkortuta zegoen, eta gure oinarrietara begiratzeko eta hizkuntz dinamikei buruzko gure gizartearenganako diskurtsoa pentsatzeko unea iritsi zen. Hor hankamotz geundela ikusi genuen, eta urtebete hartu genuen hori lantzeko. Oso elkarte desberdinek osatzen dute Topagunea. Denentzako balio al du hausnarketak? Gaur egun, 96 elkarte daude. Guztiz ezberdinak dira, batzuk handiak besteak txikiak, batzuk ikaragarrizko eragina dute dauden tokian… Denetarik dago. Baina denetan komuna zen ezagutza soziolinguistikoa nahiko motza, eta horri erantzuteko sortu zen prozesu hau. Nolakoa izan da kongresua egin aurreko urtebeteko lana? Lana hiru fasetan egitea erabaki genuen. Euskara elkarte guztiek elkarrekin teoriaz eta soziolinguistikaz hitz [...]

Hogeita zazpi urte pasa dira lehen euskara elkartea sortu zenetik. Kongresua antolatu eta urteotan egindako lanaren inguruan hausnartzeko eta XXI. mendeko elkarteen mugimenduaren oinarriparrak ezartzeko baliatu du aukera Karmen Irizar (Azkotia, 1973) lehendakari duen erakundeak.
Aurreneko kongresua egin duzue. Zergatik orain?
Kongresua orain egin dugu, baina lehenagotik datorren ideia bat izan da. Jende askok esan izan digu gauza asko egiten ari garela baina nazio mailako jauzia eman beharko genukela. Gabezia batetik sortu da kongresua. Jakintza teknikoan oso indartsu geunden baina, behar bada, euskara elkarteetan hasierako oinarri filosofikoetan eta hizkuntza inguruko ikuspegietan transmisioa etenda zegoen, eta horri berriro heltzeko momentua iritsi zen. Topagunearen egitura nahiko egonkortuta zegoen, eta gure oinarrietara begiratzeko eta hizkuntz dinamikei buruzko gure gizartearenganako diskurtsoa pentsatzeko unea iritsi zen. Hor hankamotz geundela ikusi genuen, eta urtebete hartu genuen hori lantzeko.
Oso elkarte desberdinek osatzen dute Topagunea. Denentzako balio al du hausnarketak?
Gaur egun, 96 elkarte daude. Guztiz ezberdinak dira, batzuk handiak besteak txikiak, batzuk ikaragarrizko eragina dute dauden tokian… Denetarik dago. Baina denetan komuna zen ezagutza soziolinguistikoa nahiko motza, eta horri erantzuteko sortu zen prozesu hau.
Nolakoa izan da kongresua egin aurreko urtebeteko lana?
Lana hiru fasetan egitea erabaki genuen. Euskara elkarte guztiek elkarrekin teoriaz eta soziolinguistikaz hitz egitea zoramena izango litzateke, eta 16 laguneko batzorde txikia sortu genuen. Zazpi bilera trinko egin genituen, iazko maiatzetik iraila bitartean eta hortik oinarrizko dokumentua atera zen. Bigarren fasea euskara elkarteetako 50 kide aukeratu eta kontraste taldea sortzea izan zen. Eibarren eztabaida saio bat egin genuen, aurretik ekarpenak egiteko modua izan zen, eta handik jasotako ekarpenekin dokumentua moldatu genuen. Erakunde osora zabaldu genuen dokumentua. Txostena aurkeztu eta aukera izan zen ekarpenak egiteko, euskara elkarte bakoitzean eztabaidatu eta dokumentua lantzeko, alegia. Behin hori eginda, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan mintegi bana egin genuen. Hortik etorri zen bukaerako bertsioa, onartu genuena. Garbi genuen diskurtso baten beharra bagenuela eta prozesu parte-hartzaile baten bidez egin behar genuela.
Eta kongresuaren ondoren, zer?
Kongresu honek badu bigarren fasea. Izan ere, filosofiarekin batera antolaketa eredua aldatu behar zela bagenekien. Euskara elkartea ulertzeko modua, independentzia ekonomikoa, adiministrazioarekin harremana, bazkideekin… Beste urtebeteko prozesua abiatu dugu hori lantzeko.
Zeintzu dira Topaguneak atera dituen ondorioak?
Batik bat, Euskal Herrian aurrerantzean hizkuntza politika eraginkorra egingo baldin bada, jakintza soziolinguistikoan oinarritutako hizkuntza eta kultura politika izan beharko duela. Gure planteamendua hizkuntz ekologiatik dator. Kontzeptu honek munduko hizkuntza guztien beharra aldarrikatzen du. Mundua anitz eta osasuntsu mantenduko bada, hizkuntza handi eta txiki guztiak behar ditugu. Horrek etika, politika eta egiteko modu bat dauka. Printzipio nabarmenena subsidiarietate printzipioa da: bertako hizkuntzak egin dezakeen ezer ez du egingo kanpotik datorren hizkuntz batek. Bai frantsesak eta baita espainierak ere posizioak mugitu beharko dituztela esan nahi du horrek, ziur asko orain dauzkaten gune batzuk galduta. Bestetik, gune hegemonikoak behar ditugu, hau da, euskara ardatz eta oinarri izango diren guneak. Hirugarrenez, arnasguneak indartu eta horiei eutsi behar diegu. Euskaraz nahiko modu naturalean bizi daiteken guneak dira arnasguneak, esparru askotan euskaraz bizi daitekena eta transmisioa ere nahiko modu naturalean egiten dena, hain zuzen. Toki horiek, Azkoitia kasu, indartu egin behar dira. Hizkuntzak irauteko horrelako gune indartsuak behar ditu, iman efektua eginez. Euskaraz bizitzeko aukera hori erreala eta zilegi dela erakusten dutelako.
Bestalde, komunidadea trinkotzea nahi dugu, komunidadea euskaraz bizitzeko hautua kontzienteki egin duen jendea dela ulertuta. Une honetan aukeratu egin behar dugu, eta kontzienteki. Baina horrek ez du esan nahi beste hizkuntza guztiak ukatzea.
Erdaldunekin harremanak sakontzeko asmoa ere jaso duzue dokumentuan.
Erdaldunekin lana egiteko beharra ere ikusi dugu. Euskararen normalkuntzan jakina da zenbat lagundu duten. Haren ahalegina animatu eta txalotzeaz gain, zenbait gauza adostu beharko dugu. Haien prozesuan lagundu behar diegu; euskaraz ikasten lagunduko diegu, eta inguru bat emango diegu euskaraz egin ahal dezaten. Harreman horretan sakondu behar dugu.
Kulturgintzari dagokionez, zeintzu dira erronka nagusiak?
Kulturgintza biziberritzea. IEten bat dagoen inpresioa dugu. Euskarazko kulturgintza gutxi kontsumitzen da asko sortzen den arren. Aurreiritzi asko dago. Seguraski kulturgintzari ez zaio eman eman behar zitzaion indarra; ez sortze prozesuari, ezta zabalkunde prozesuari ere. Arlo horretan jendearengana iristeko kanal berri batzuk osatu beharko ditugu.
Orokorrean, euskararen gaur egungo egoeraren inguruan zein inpresio atera duzue?
Jon Sarasuak Euskal Indentitatearen inguruko jardunaldietan Azkoitian esan berri duenez, kontua ez da botila erdi hutsik ala erdi betea dagoen; kontua da botilak zuloa duela. Inoiz baino indartsuago gaude, datuak oso onak dira, eta hizkuntz kopurua asko hasi denez, esperantza badugu. Baina bestetik, kezka ere badugu, kultur transmisioan ez garelako ari asmatzen. Nondik gatozen, zein izan garen, gure kultur erreferenteak zein izan diren eskoletan ez da jasotzen, eta kalean ere ez. Hori egituratu egin behar da, landu. Jakintza soziolinguistikoa transmititu behar diogu gazteei. Hizkuntzak Euskal Herrian ura Saharan bezela dira. Saharan txikitatik jasotzen dute uraren kultura. Hemen gauza bera egin beharko genuke, zein hizkuntza aukeratzen den ez delako neutroa. Baten eta besteren aldeko hautua eginez egitura batzuk eta komunitate bat bultzatzen ditugu. Horren inguruko lanketa sakona egin beharko genuke.
Politikoek ere izango dute zeresana horretan, ezta?
Politikoak intuizioz ari direla uste dut. Herriko hizkuntza errealitatea benetan ezagutu gabe ari direla iruditzen zait.
Urola Kosta arnasgunetzat du Topaguneak, baina zein da euskararen osasun egoera gurean?
Ni oso kritikoa naiz. Bertan goxo egin dugula iruditzen zait. Gutxi arduratu gara. Orain askoz tresna gehiago ditugu eskura. Euskalgintzan gabiltzanok beste tresna teoriko bartzuk ditugu eta horietan sartu behar dugu. Gurea da gaur ondo, baina bihar jai dugu. Azkoitian, adibidez, bi puntu jaitsi da erabilera azken hamar urteetan. %73tik %71era jaistea Gasteizen hartuko lukete, baina biziko egoerarik onenean egonda eusten ez badiogu zerbait badugu esateko. Edo Azkoitiko liburuegian mailegatzen diren 10 liburuetik 8 gaztelaniaz badira, eta beste biak ez beti euskaraz, hori ere datu esanguratsua da. Beste kulturetan ez da horrelakorik gertatzen. Desajusteren bat badagoela esan nahi du. Ez dut uste hiztun kontzienteak garenik. Euskaldun gara tokatu zaigulako eta etxean erakutsi digutelako. Hori zortea da baina baita arriskua ere, arriskuak ez ditugulako ikusten. Gaztelania eta ingelesa tokia hartzen ari dira eta gu ez gara hortaz kontziente. Urolan nahiko orokorra da. Beste tokietan funtzionatu duten dinamika antzekoekin funtzionatu dugu, eta agian beste zerbait behar dugu. Beste beharrak ditugu eta beste proiektu batzuk jarri beharko genituzke martxan. Badugu ardura bat hiztun komunitate indartsuen artean gaudelako, eta hori jakintzatik egin behar da.

Momenturik interesgarriena da niretzat, pertsonalki. Topaguneak egin duen prozesu honen oso antzekoa egin dugu. Argi genuen jakintzatik erakargarri behar genuela jendea. Plangintza egin genuen eta hiru fasetan osatu genuen formazioa: euskara elkarteak eta hizkuntz dinamikak; hiztunak norbanako modura eta hizkuntz portaerak; eta kulturgintza. Formazio hortatik abiatuta herriaren interpretazioa egiteari ekin genion. Oso interesgarria izan zen eta herriaren beste ikuspegi bat jaso genuen. Erabileraren bueltan eztabaidatu dugu eta datuen interpretazio soziolinguistikoa egin dugu. Bien bitartean, pixkanaka jendea gehitzen joan zaigu eta egun 15 lagun gaude, lau batzordetan banatuta: komunikazioa, gogoeta eta ikerketa, kultura, eta erakundetzea. Euskara elkartearen printzipioen dekalogoa ere egin dugu. Orain, ikerketa kualitatiboa egiteko asmoa dugu momentu honetan Azkoitian euskara zer den jakiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide