Onintza Lete. Azkoitia
Iazko apirilean jarri zuen martxan Aspacu Azkoitiko langabeen elkartea Vicente Artzek. Ordutik langabeak elkartera biltzen aritu dira, eta gaur egun 90 azkoitiarreko sarea dute. Euren lanak hedabideetan oihartzun zabala izan du, eta poliki-poliki beste herri batzuetara zabaltzen hasi da langabezia egoeraren aurka mugitzeko beharra, kontzientzia. Azpeitian, Donostian eta Irunen, esaterako, bada interesa erakutsi duen jenderik, eta lehen pausoak ematen hasiak dira langabeak elkarteetan antolatzeko.
Azkoitian 700 langabe inguru daudela kalkulatzen du Aspacu elkarteko lehendakari Vicente Artzek, eta horiek guztiak elkartean egotea «ezinezkoa» dela jakin arren, elkartearen helburua 200 bat laguneko taldea osatzea da: «Instituzioen eta enpresen aurrean indar gehiago egitea erraztuko lukeen kopurua litzateke hori».
Orain arteko ibilbidea «%100 positiboa» izan da, hala ere: «Honetara iritsiko ginenik ez nuen uste». Izan ere, elkartearen oihartzuna «herrialde osora zabaldu da», elkartzeko lokala utzi diete, «gauzak lortzen» ari dira, eta bada eurekin gogoratu denik ere: «Film batean estra lanetan aritzeko deitu digute ekoiztetxe batetik, eta oso pozgarria da hori guretzat». Behin-behineko eta diru sarrera handirik gabeko lana izan arren, «adeitasun seinale polita» izan da, Artzeren esanetan.
Instituzioei eskaera zehatzak
Aurreneko laguntza eskaera udalari egin diote azkoitiarrek, «lanpostu, diru laguntza eta beste hainbat arlotan». Kultur etxean gela bat utzi diete, eta telefono linea doan jartzeko bidean dira. Hala ere, udalaren aldetik inplikazio gehiago nahi dute: «Udalaren bitartez lanpostuak sortzea nahiko genuke, eta horretara goaz. Zerbait lortzea espero dugu. Gainera, karpeta batzuk prestatu ditugu gure curriculumekin, eta horiek inguruko enpresa guztietan banatuko ditugu. Ea konturatzen diren langabezian gaudela, eta curriculum horietatik aukeratzen dituzten behar dituzten langileak». Udalarekin ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere hitz egiteko asmoa dute. Aldundiarekin hasi dira: «Instituzioek asko egin dezakete gure alde. Enpresei lan publikoa adjudikatzeko orduan, bertako langabeen alde egin dezakete, langileak kanpotik ekartzen utzi beharrean».
Lehiaketa publikoetan, administrazioek baldintza zehatzak ezarri behar lituzketela uste dute langabeen elkarteko kideek: «Azpikontratatutako enpresei lanak adjudikatu ondoren, zer motatako langileak kontratatu instituzioek zehaztu behar lukete», uste du Artzek: «Ez dira ari bertakoei lehentasuna ematen. Aitzitik, azpikontratatuak portugaldarrak eta beste hainbat herrialdetakoak dira; hemen kobratu ondoren, bueltan beren herrira joaten dira». Horrekin ez dago batere ados Artze, eta «dagokionak» horren kontrako neurriak hartu behar lituzkeela iruditzen zaio: «Guk hemen egiten dugu lan, hemen ordaintzen ditugu zergak eta hemen uzten dugu dirua. Azpikontratatu guztiek guk dugun hitzarmen berarekin etorri behar lukete lanera, eta orduan enpresei galdetu, gu ala kanpokoak, zein dituzten nahiago». Langabe kopurua gutxitzeko era bat sumatzen du horrela.
Bestalde, laguntzak beharren arabera banatzeko eskatzen diete Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuei eta Caritas eta horrelako elkarteei. «Halako elkarte eta instituzioak bertako jendearen alde gauza handirik ez dira egiten ari», salatu du Artzek. Arrazistak ez direla argitu nahi du, baina laguntzak «gehienbat immigranteei» ematen zaizkiela uste du: «Hori oso ozen eta indartsu esan dezaket».
Aspacura joan diren batzuek gizarte zerbitzuetatik inolako laguntzarik ez dutela jaso adierazi dute Artzek eta elkarteko idazkari Pedro Ramosek. 21 urte baino ez ditu idazkariak, eta goizero elkarteko bulegoan izaten da bere apurra jartzen.
Jendea martxan jartzea
Hain zuzen ere, jarrera hori azpimarratzen du Artzek: «Nik ez diot inori lanik etxera eramango. Elkartera etortzen denak ahal duena eskaini behar du, ez hemen bere curriculuma utzi bakarrik. Langabezian dagoenak denbora du, eta etxean eserita gelditzea azkena da, mugitu egin behar da». Jendea aktibatu nahi dute, «ez daitezela etxean ezer egin gabe gelditu, elkartera etorri eta lagun dezatela». Artzeren ustez, etxean gelditzen direnek «burutik gaixo amaitzeko benetako arriskua dute, egoerak berak sortzen duen estresagatik, edo buruari buelta gehiegi emateagatik». Elkarteko lehendakariak argi du garrantzitsuena «lana, lana eta lan gehiago egitea» dela, emaitza onak eskuratzekotan.
Helburu nagusia lanpostua lortzea izanik, lehen urratsa jendea kontzientziatzea izan da: herritarrak, enpresak nahiz administrazioa. «Langabezian gaudela eta lan egin nahi dugula esan nahi diegu denei».
Tantaka, beste herrietara
«Hedabideek asko lagundu digute Gipuzkoan nahiz hemendik kanpo ezagutarazteko bidean», Ramosek azaldu duenez. Eta, pixkanaka, Azkoitian hasitako bideak jarraipena izateko aukerak ditu beste herri batzuetan ere.
Irunen, esaterako, behar gehien dutenekin lan egiten duen elkarte bat jarri da Aspacurekin harremanetan, Irunen bertan ekimenen bat martxan jartzeko asmoarekin. Azpeitian eta Donostian, berriz, norbanakoak izan dira azkoitiarrei deitu dietenak, baina oraindik hasieran baino ez daudela argitu du Artzek: «Azpeitian hasteko gogoz daude, baina oraindik gutxiegi direla iruditzen zait, ni bezala bakar-bakarrik hasiko balira, agian azkar utziko lukete, erre egingo lirateke azkar. Jendearekin kontaktatzen ari dira, beraz». Antzeko egoeran daude Donostian ere.
Herrian nahiz Gipuzkoa osoan horrenbeste langabe egon eta elkartera gutxi batzuk baino joan ez izanak hainbat arrazoi eta zailtasun biltzen du atzean. Ramosen ustetan, hiru faktore nagusi daude: «Alde batetik, lotsak ezartzen duen muga dago; bestetik, etxeko sofatik altxatzeko gogo falta; eta, azkenik, uste dut ez dutela sinesten elkarteak indarra egin dezakeenik». Artzek ere onartzen ditu zailtasun horiek, baina argi du ez dagoela zertaz lotsatu: «Azkoitia-Azpeitia inguru honetan jendeari asko kostatzen zaio mugitzea, gauzak egitearen oso kontrakoa da. Ez dakit aurpegia emateko beldur diren enpresen aurrean, edo lotsatu egiten diren, baina langabezian egotea ez da lotsagarria». Hala ere, pixkanaka lotsaren kontu horri aurre egiten ari direla uste du. Izan ere, egoerak behartzen du. Azkoitian bertan, «gizarte larrialdi kasuak» daudela ohartarazi du Artzek: «Diru sarrerarik ez duten familiak badaude herrian, guraso biak langabezian eta larrialdietako laguntza ere jasotzen ari ez direnak. Baita 400-500 eurorekin irauten ari diren familiak ere».
Diru faltan, fama pixka bat
Langabezian egoteak alde onen bat ere izan behar zuela eta, Aspacu Azkoitiko langabeen elkarteko 24 kidek telebistan ikusiko dituzte beren buruak laster. Izan ere, Sabino Arana politikari abertzaleari buruz prestatzen ari diren filmean hartuko dute parte. Hasiak dira Sabin telebistarako pelikula filmatzen, eta langabeen elkarteko kide batzuek egin dute jada euren rola.
Azpeitian hasi ziren grabaketa lanekin, joan den astean, eta elkartearekin gogoratu izana eskertu du Aspacuko lehendakari Vicente Artzek: «Honek ez ditu gure arazoak konponduko, baina bi egunetan mokadua eta 30 euro lortzen baditugu, hori gehiago izango dugu poltsikoan».
Era guztietako rolak izango dituzte, gainera, filmean. Elkarteko idazkari Pedro Ramos gazteak, esaterako, Antonio Canovas del Castillo politikari eta historialari espainiarraren hiltzailearena egingo du: «Zestoako bainuetxean filmatuko dugu pasarte hori. Aurrekoan erdi biluzik jarri ninduten, eta ederra hotza pasatu nuena!». Gustura da lanean parte hartuko duelako.
Sabin filmean euskal nazionalismoaren sortzaile eta EAJren fundatzailearen bizitza eta pentsamendua agertuko dituzte, Patxi Barcoren zuzendaritzapean. Istorioak «Euskal Herriko historian nahitaezkoa bezain ezezaguna izan den belaunaldi bat» eman nahi du ezagutzera, ekoiztetxekoen esanetan.
Diru faltan, fama pixka bat lortzeko bidean dira, bederen, Azkoitiko langabeak.
Eskarmentua du langabeen elkarteetan Vicente Artzek. Azkoitikoa berak sortu du, baina 30 urte lehenago antzeko beste ekimen batean parte hartutakoa da. Elgoibartarra da jaiotzez, eta han sortu zuten langabeen elkartea, 1981ean, herrian urte hartan langabeen kopurua mila lagunetara iritsi baitzen. Langabeen komisioa osatu zuten, eta «emaitza zoragarria eman zuen», gogoratu du Artzek. Haren ustez, ordea, garai hura ezin da oraingoarekin alderatu: «Garai ezberdinak ziren, jendea askoz kontzientziatuago eta inplikatuago zegoen orduan krisiaren inguruan». Garai hartan egindako lanari esker, «udalak zortzi hilabeterako 200 lanpostu baino gehiago sortzea lortu zen». Desberdintasunak desberdintasun, orain, Azkoitiko kasuan, «horrenbeste edo gehiago» eskuratzea espero du Artzek.
«Gehiengoaren babesa»
1980ko hamarkadan krisiak gogor astindu zuen Euskal Herria, tartean Elgoibar eta haren inguruak. Enpresa asko itxi eta jende asko langabezian gelditu zela gogoan du Artzek; hura izan zen lanik gabe gelditu zenetako bat. Seat etxeak Elgoibarren zuen lantegitik bidali egin zuten; lantegia itxi zuten geroago.
Langabeen batzordean parte hartzen hasi zen. «Gehiengoaren babesa» jasota, «udalak egoeraren kontzientzia hartu» eta euren alde jokatu zuela azaldu du Artzek. Eta langabeen artean ere elkartasuna nagusitu zela. Behar gehien zutenen araberako zerrendak egin, eta, Caritasek eta gizarte zerbitzuek laguntza ematen zietenean, hurrenkera hori errespetatuz banatzen zuten.
Bi urtez egon zen Artze langabezian, baina lanean hasi eta gero ere «elkartea babesten jarraitu» zuten langileek: «Borrokak dezente iraun zuen».