Umore Ona, izanaren izena

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2011ko urt. 28a, 11:47

Zilarrezko ezteietan, zerbait berezia egin behar genuela pentsatu genuen. Buruari bueltaka, honakoa otu zitzaion bati: Zergatik ez diagu antolatzen herrian umeen danborrada?». Ordutik, Aste Santuetan hitzordu berezia izan dute herriko haurrek. Baina egun horretan Umore Ona aurrean haurrek egiten duten hamaiketako klasikoak eta danbor hotsek isiltzeko arriskua dute, elkarteak ateak itxiko baititu. Duela 70 urte zabaldu zituzten Azkoitiko Umore Ona elkarteko ateak. Ordutik, ehun kide baino gehiago pasatu dira herrian hain ezaguna bihurtu den txokotik. Hamaika ekintzatan parte hartu dute; umeen danborradan edo andramaixetan egiten den Aurresku eta dantza saioan, esaterako. Musikarien eta abeslarien elkartea izan dela diote. Ezin da zenbatu abesti artean zenbat afari egin dituzten urte horietan guztietan zehar. Gaur, ordea, elkartean dauden hemeretzi kideek azken afaria egingo dute, euren «txoko maiteari» agur esanez. «Penaz» itxiko dute elkartea bazkideek, batez ere egunero bertan ibiltzen direnek. Arrazoi bat baino gehiagok eraman ditu elkartea ixtera. Azken urteetan izan duen beherakada da arrazoietako bat: «Pixkanaka gutxitzen joan gara, eta orain 19 kide gara elkartean. Eta bazkideak ere ez dira etortzen lehen bezala. Oraingo egoerarekin ezin diogu egin aurre gastu guztiei». Hamazazpi lagunek zabaldu zuten Umore Ona elkartea, 1940. urteko martxoaren 16an. Orduan, Umore Ona Sociedad Alpina bezala erregistratu zuten, urte horretan [...]

Zilarrezko ezteietan, zerbait berezia egin behar genuela pentsatu genuen. Buruari bueltaka, honakoa otu zitzaion bati: Zergatik ez diagu antolatzen herrian umeen danborrada?». Ordutik, Aste Santuetan hitzordu berezia izan dute herriko haurrek. Baina egun horretan Umore Ona aurrean haurrek egiten duten hamaiketako klasikoak eta danbor hotsek isiltzeko arriskua dute, elkarteak ateak itxiko baititu.
Duela 70 urte zabaldu zituzten Azkoitiko Umore Ona elkarteko ateak. Ordutik, ehun kide baino gehiago pasatu dira herrian hain ezaguna bihurtu den txokotik. Hamaika ekintzatan parte hartu dute; umeen danborradan edo
andramaixetan egiten den Aurresku eta dantza saioan, esaterako. Musikarien eta abeslarien elkartea izan dela diote. Ezin da zenbatu abesti artean zenbat afari egin dituzten urte horietan guztietan zehar.
Gaur, ordea, elkartean dauden hemeretzi kideek azken afaria egingo dute, euren «txoko maiteari» agur esanez. «Penaz» itxiko dute elkartea bazkideek, batez ere egunero bertan ibiltzen direnek. Arrazoi bat baino gehiagok eraman ditu elkartea ixtera. Azken urteetan izan duen beherakada da arrazoietako bat: «Pixkanaka gutxitzen joan gara, eta orain 19 kide gara elkartean. Eta bazkideak ere ez dira etortzen lehen bezala. Oraingo egoerarekin ezin diogu egin aurre gastu guztiei».
Hamazazpi lagunek zabaldu zuten Umore Ona elkartea, 1940. urteko martxoaren 16an. Orduan, Umore Ona Sociedad Alpina bezala erregistratu zuten, urte horretan idatzitako estatutuetan irakurri daitekeenez; «bazkideak armonian egon daitezen eta Azkoitia inguruan bidaiak eta irteerak antolatu ditzaten eratu da elkartea». Aste batzuetara, Rafael Alberdi izendatu zuten lehendakari.
Juanito Bastarrika Toota, berriz, handik hamabost urtera heldu zen elkartera, eta 53 urte egin ditu bertan. Elkartean sartu zenean, artean lokala errentan zutela gogoratzen du Bastarrikak. «Bazkide egin nintzenean, oraindik lurra jarri gabe zegoen. Apurka, lokala erosi genuen, komuna jarri, eta beste zenbait obra ere egin genuen».
Itxura hartzen zuen heinean, lagun arteko topagune bihurtu zen elkartea. «Ostiralero elkartzen ginen kuadrilak. Leporaino beteta egoten zen». Eta gune horretan, musikarik ez zen falta. «Afaldu eta gero, musean jokatzen genuen, eta ondoren kantuari ekiten genion. Gau osoa pasatzen genuen horretan. Ikusi egin behar zen nolako giroa egoten zen», dio Inazio Larrañaga Pelaje kideak. Inazio Uranga Balda ere duela 37 urtetik da bertako kide, eta bat dator Larrañagarekin: «Oso famatua zen elkartea, izena zuen. Guztiak abesten jarduten genuen, eta parranda ederrak botatzen genituen orduan. Hau babesa zen guretzat».
Musikarien txokoa
Haziak ereiten joan ziren heinean, ekintzak antolatzen hasi ziren, herriko historiaren parte bilakatuz. Ibilaldiak egiten zituzten, eta mus txapelketak antolatu. «Urte batean Azpeitira joan ginen mus txapelketara. Izugarrizko egurra eman ziguten, eta gehiago ez ginen itzuli», oroitzen du Bastarrikak.
Futbolariak ere asko pasatu ziren elkartetik, eta Umore Onak futbol taldea ere izan zuen. «1942. urtean, Anaitasuna futbol taldeari zigor bat ezarri zioten, eta denboraldi horretan ezin izan zuten partidarik jokatu. Jokalari asko Umore Onako kide ziren, eta elkarteak taldea sortzea pentsatu zuen, Anaitasunako jokalariz osatuta», adierazi du Jesus Beristain beste kideetako batek.
Ekintzak eta arima, bizirik
Orduko pasarte asko bertan behera geratu ziren urteak aurrera egin ahala, baina beste zenbait ekintza antolatzen du oraindik elkarteak. Abuztuaren 16an, Aurreskua eta dantza saioak egiten dira, eta elkartea bertan parte hartzen hasi zen.
Elkarteak 25 urte bete zituenean, ospakizun artean zebiltzala, ordura arteko ideia arrakastatsuena izan zuten: Haurren danborrada egitea. «Lehenengo urtean alokatu egin genituen danborrak eta barrikak Donostiatik. Urte horretan 15 danbor eta 21 barrika atera ziren kalera. Pentsatu zenbat aldatu den!», dio Bastarrikak. Ekimen xumea izatea espero bazuten ere, 1965. urtetik gaur arte milaka haurrek astindu dituzte atabalak Pazko Astean. Orain helduak direnek ere gogoratzen dituzte danborrada egunean Umore Ona aurrean ematen zieten txorizo ogitarteko haiek, eta azken entsegua eta gero banatzen zizkieten Chiquilin gailetak ere. Horrenbeste urtean lanean jardun eta gero, badu anekdotarik Bastarrikak: «Urtez urte elkarteko kide izendako baten emazteak, Guadalupe Gogorzak, egin ohi du danborradako paella handia. Lan hori hartu eta gero, paella eraman behar zuten haur guztiei esan ohi genien plazara iritsi bitartean ukitu ere ezin zutela egin janaria, baina beti arroza besterik ez zen iristen amaierara. Beste guztia jan egiten zuten».
Urrezko ezteiak ere egin zituen elkarteak, baina urrezko garaiak joan ziren. «Orain apenas etortzen da jendea afaltzera». Duela 15 urte inguru bazkideak elkartetik irteten eta jendea gutxiago joaten hasi zela diote kideek. «Hala ere, ez genuen inoiz pentsatu egoera honetara iritsiko ginenik. Urtetik urtera ikusten genuen beheraka zihoala, baina egoera hobetuko zen esperantza genuen», dio Urangak.
Kide batzuk, oraindik orain, ez dute uste «benetako amaiera» izango denik. Baina beste batzuk «ohiturak aldatzen» hasi beharko dutela diote: «Arratsaldero etortzen naiz familiarekin askaria egitera. Orain, ordea, beste zerbait pentsatzen hasi beharko dugu».
Gaur azkeneko aldiz egingo duten afari «gazi-gozoan», aurten danborrada antolatuko duten edo ez zehaztuko dute. Giltzari azken bira emandakoan, historiaren zati bat atzean utziko dute, herrian laga dituzten oroitzapenei muzin egin gabe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide