Delineatzaile bezala hasi zen lanean herriko enpresa txikietan Luis Mendizabal (Azkoitia, 1949). «Idealistatzat» jotzen du bere burua, eta «mundua aldatzeko» grinak eraman zuen kazetaritzara. Egin eta El Diario Vasco egunkarietan politika arduraduna izan zen, eta 1980ko hamarkadan ETB katera egin zuen salto. Albistegietako erredaktore buru izan zen hasieran, eta azken urteetan Kalifornia elkarrizketa saioa aurkeztu izan du. «Zalantza asko» izan eta gero, erretiroa hartu berri du kazetariak.
Zer moduz bizitza berrian?
Oraindik ez naiz ohitu. Astebete besterik ez da pasa lanera joateari utzi niola, eta uste dut oraindik ez naizela ohartu. Uste dut inork ez lukeela erretiratu behar zereginik eduki gabe. Egunero lanera joatetik ezer egin behar ez izatera pasatzea talka handiegia da. Erretiratu nintzen lehenengo egunean inpresio arraroak izan nituen. Denbora asko kentzen didan zaletasun bat badut, eta eskerrak horri. Baina atera dudan ondorioa da okupaziorik edo zereginik eduki gabe erretiratzea nahiko arriskutsua dela.
Aldaketa handiegia gauetik egunera emateko?
Bai, hala da. Denbora okupatzeak ez nau asko kezkatzen, zaletasunak baditut-eta. Baina lehenengo egunean izugarrizko hutsunea sentitu nuen. Orain, obligaziorik ez dudala da aldaketarik handiena. Familiako, etxeko edota gizarteko betebeharrak beti ditugu, baina laneko betebeharrak ez izatea da aldaketarik gogorrena.
Erretiratu nahi al zenuen?
Futsean ez nuen erretiratu nahi. Errelebo kontratuarekin aurre-jubilazio partziala deritzona hartu dut. Nire borondatez hartu dut erretiroa, baina erabaki hori hartzeko zalantza ugari izan dut. Kazetaritza asko gustatzen zait. Bokazioz naiz kazetaria, eta horregatik lan hori uztea oso gogorra egin zait. Azkenengo urteetan, ordea, telebistaren egoera kontutan hartuta, ez nengoen batere gustura ematen zizkidaten lanekin eta telebistan nuen egoerarekin. Horregatik hartu dut erretiroa.
Iritzi emaile izan nahi omen zenuke. Hala esan duzu, ezta?
Iritzi emaile bezala ez. Ez dakit kazetaritzan jarraituko ote dudan. Ez dut pentsatu horretan, aukerak eman badizkidate ere. Momentu honetan buruan bi artikulu ditut, esaterako. Baina ez dut solasaldi programetan iritzi emaile bezala aritu nahi. Ez dut ulertzen edozer gaien inguruan iritzia eman daitekeenik. Hori ez da kazetaritza, eta solasaldietan ibiltzen diren asko ez dira kazetariak. Kazetariak informatzaileak gara, iritzia ematea ez da gure lana. Ni bezalako kazetari esperimentatu batek egin behar lukeena da gauzak sakonean nola dauden azaldu. Azaleko informazioaren atzean zer dagoen aztertu behar du kazetariak. Beraz, analista bezala egin nezake lan. Baina horretarako komunikabide-enpresen arazoa dago; kazetariak burujabea eta kritikoa izan behar duela gaztetatik onartu nuen, eta horrekin jarraitzen dut. Hala ere, gaurko egunean, ez dago informazio askatasun askorik. Komunikabide txikiak izan ezik, bestelakoak oso lotuta daude interes ekonomikoetara edota botere politikoetara. Hori hala, medio handietan ez dago askatasun askorik lan egiteko orduan. Orain has ninteke horrelako komunikabideetan lanean, baina ez dakit zenbat denbora iraungo nukeen. Puntu honetara iritsita, ez dakit esaten pentsatzen ez dudan zerbait.
Urte askoan jardun duzu kazetari. Nola gogoratzen dituzu hastapenak?
Iruñean egin nituen ikasketak. 1974. urtean amaitu nituen, eta berehala hasi nintzen lanean. Orduko aldizkarietan egin nituen lehendabiziko lanak, Zeruko Argia aldizkarian, kasu. Ondoren, Eroski kontsumitzaileen aldizkariko ardura hartu nuen, eta lan horretan hiru urte inguruz aritu nintzen, beste lan batzuekin tartekatuz. Gero, Egin egunkarian sartu nintzen, eta hor beste bi urte egin nituen. Handik irten egin behar izan nuen, egunkari horretan ez nuelako lekurik. Gero, El Diario Vasco egunkarian eskaini zidaten lana. Han, bi urte eta erdiz egon nintzen. Oso gustura egon nintzen egunkari horretan. Informazio politikoa egiten nuen, eta egunkari horretan nengoela, 1982. urtean, ETB katera joan nintzen. Garai hartan, kazetari euskaldunak eta esperientzia genuenak oso gutxi ginen. Zentzu horretan, zortea izan nuen. Prentsa idatzikoa naiz, baina El Diario Vasco orduan bere ideiak finkatzen hasi zen. ETBrako aukera hartu nuen, telebista publiko sortu berria ni bezalako kazetari batentzak aukera paregabea baitzen. Erredaktoreburua izan nintzen albistegietan. Eginkizun interesgarria zen hura.
70eko hamarkada amaiera hasi zinen Egin eta El Diario Vasco egunkarietan lanean. Frankismoa amaitu berri, nola egiten zen lan orduan?
1977an hasi nintzen lanean Egin-en. Orduan kazetari izateari suertatu zitzaigunoi sekulako loteria izan zen. Batetik, garai hori bizitzea eta azaltzea neurtu ezinezko bizipena izan zen. Bestetik, orain ez dagoen fenomenoa zegoen orduan: komunikabideak prozesu hori bultzatzeko interes handia zuten. Interesatzen zitzaion aldaketa hura komunikabideari, eta kazetarioi askatasun handia ematen ziguten gertaera horiek kontatzeko. Pixkanaka, ordea, komunikabideak etekin ekonomikoak eta interes politikoak defendatzeari garrantzia handiagoa ematen joan ziren, gizartearen trantsisizio politikoa denfendatzeari baino. Beraz, kazetariok askatasuna eta komunikabideak burujabetza galtzen joan ziren.
Egun bi egunkarietako politika arloak hain urrun egonik, zer pentsarazten dizu?
Egin-eko politika arduraduna nintzen, eta bultzatuta irten nintzen handik. Hilabetera, postu bera eskaini zidaten El Diario Vasco-n. Orduan bi egunkari horien lehentasuna zen trantsizio demokratikoa bultzatzea. Komunikabide horiek finkatzen joan ziren heinean, ordea, interes politiko, ideologiko nahiz ekonomikoak defendatzeari ekin zioten. Orduan hasi ziren bereizten egunkariak, gaurko egoerara iritsi arte.
Ondoren telebistara joan zinen. Nolakoa izan zen salto hori?
Hasieran ez zitzaidan interesatzen ikus-entzunezko arloa. Euskaraz alfabetatu gabekoa naiz, baina behin eta berriz eskatu zidatzen ETBn lan egitea.
Zer zen ETB orduan?
Amets eta ilusio handi bat. Era berean, ordea, herri honetako kazetarientzako eginkizun indartsua zen hura. Erantzukizun handiena eman zidaten: albistegietako erredaktore buru izatea.
Nolako bilakaera izan du kateak azken 30 urteetan?
ETB jaio zenean, EAEri forma eman behar zion espazio garrantzitsua zen. Asmo horrekin sortu zen katea. Baina, urte gutxira, telebista publikoa izatetik boterearen telebista izatera pasatu zen. Orduan erakunde publikoetan agintzen zuen alderdiak ikusi zuen tresna garrantzitsua zela bere iritziak eta estrategiak defendatzeko eta saltzeko. Gizarte osoarena izatetik boterearen zerbitzura egotera igaro zen. Gaurko ikuspegitik, hasierako ETB utopia da. Baina garai hartan asmo haiek errealak ziren. Diktadura batetik gentozen, eta publikotasun hura benetakoa zen.
Zein da ETBren egungo egoera?
Zuzendaritza berriarekin ETBk geratzen zitzaion askatasun apurra galdu du. Alderdi politikoari guztiz lotuta dago, goitik behera.
Zuzendaritza aldaketa baino lehen ez al zegoen hala?
Bai, azken urteetan ere hala zegoen. Urte asko da boterearen zerbitzura jarri zutela.
Katea telebista publikoak dituen zereginetatik (informatu, formatu, entretenitu) aldendu dela uste al duzu?
Komunikabide orok informatu, formatu eta entretenitu egin behar du. Komunikabide publiko baten albistegiak egia kontatu behar du. Azaleko informazioaren atzean zer dagoen aztertu behar du. Kazetaritzak kritikoa izan behar du, finean. Hau da, erakunde publikoak ematen duen informazioaren gibelean dagoena ere jaso behar du. Hori ez da aztertzen, eta hor dago egungo kazetaritzaren arazoa. Kazetaritza kritikoak du demokraziaren eta gizarte justuaren gakoa. Informazio izatea beharrezkoa da horretarako, eta kazetariak, beraz, askatasuna eta baliabideak izan behar ditu botereak esaten duenaren atzean zer dagoen ezagutzeko. Gaurko egunean ez ditugu.
Telebista publikoak nolako jarrera izan beharko luke audientzia datuen aurrean?
Komunikabide publikoak ez luke audientziaren esklabu izan behar. Diru publikoarekin ordaintzen da, eta eginkizun publikoak ditu. Hiritarrak informatzea du helburu nagusia. Ez dut esan nahi komunikabide publikoak txikia izan behar duenik. Audientziei dagokienez, gaurko egunean datu horiek puztu egiten dira. Akats handiak dituzte datu horiek, audientzien neurketak Espainiako Estatu guztira bideratzen dituztelako. Beraz, akats-tarte handia izanik, ez dira sinesgarriak neurketa horiek.
Hala ere, iazko audientzia datuek diote ETB1ek %2,2ko ikusle kuota izan zuela, aurreko urtean baino zortzi hamarreko gutxiago.
Audimetroaren sistemak euskal komunitatearen joera neurtzeko duten kopurua zeharo txikia da, beraz, akats-tartea ikaragarrizko handia da. Ez dut onartzen datu hori. Hala ere, egia da jendeak utzi egin diola kate hori ikusteari. Orientazio ideologiko-politikoa goitik behera aldatu da. Beraz, katea gustatzen ez delako edota kontsigna politikoengatik ETB alde batera ari da uzten jendea. ETB1 kateari dagokionez, honakoa gertatzen da: euskaldun ez diren hirietako testuinguruan, euskara ez da ari zabaltzen. Horren isla dira ETB1eko datuak. Euskal testuinguruetan, ordea, ETBko lehenengo katea asko ikusten da. Horrez gain, ETBn bigarren katea da lehentasuna eta hartara bideratzen dute aurrekontuaren zati handiena.. Aurreko zuzendaritzak eta oraingoak diote euskara dela balio handienetakoa. Baina horiek hitzak besterik ez dira. Gaztelaniazko audientzia mimatuago dago. Oro har, ETBk asko aldatu beharko luke, eta aldatu egin behar dugu; publikoa izatera pasatu behar dugu. Oraingo legeladian ezin da ezer egin, eta ziurrenik hurrengoan ere ez. Botereak beti berea nahi du, beraz gizarteak aldaketa hori eskatu behar du. Iparraldeko herrialdetan, esaterako, horrelakorik ez da gertatzen; herrialde horietan ez da imaginatzen botereak goitik behera informazioa manipulatzea. Ez dute uzten hori egiten. Hezkuntza demokratikoak sendoagoak dira horietan gurean baino.
Zer eman dizu Kalifornia saioak?
Albistegietatik kanpo jarri nindutenean eskaini zidaten saioa. ETBko programazioan, betelan bezala, gaueko elkarrizketak egitea eskaini zidaten. Ahaztuta zegoen jendeari elkarrizketak egitea nahi zuten, artxiborako balio izango zuten edukiak izango ziren horiek. Kazetariak, ordea, aurrera begiratu behar duenez gaurko gaiak lantzera jo nuen. Ez da erraza izaten solaskide euskaldunak aurkitzea, eta asko kostatzen zitzaidan jende berria eta ezezaguna aurkitzea. Botereari lotu gabeko pertsonak topatzen ahalegindu naiz, eta jende zoragarria ezagutu dut. Astero pertsona bat ezagutzea izugarrizko zortea da. Asko eman dit saioak, oro har.
Erregistro asko landu dituzu. Informatiboetan aritu zara, eta azken urteetan elkarrizketa saioa egin duzu. Nola eraman dituzu aldaketa horiek guztiak?
Aldaketa asko behartuta eman ditut. Albistegietako erredaktore burua izatetik aspaldi baztertu ninduten. Eguneko albistegietan egon nintzen lehendabizi, eta ondoren gaueko programaziora pasatu ninduten, erreportajeak egitera. Saioak gero eta beranduago jartzen zizkidaten. Momentu batean ukatu egin nuen saioa hain berandu jartzea. Orduko ETBko zuzendaritzari ez zitzaizkion interesatzen albiste saioak. Ikusleak desinformatuago egon zitezen, programak gero eta beranduago jartzen zituzten, eta oraindik-orain gauza bera egiten dute. Nik ez nuen horretan lagundu nahi, eta programak egitera pasatu ninduten. Pertsonalki, nahiago nuen albistegietan egon. Nire lekuan ez negoela sentitzen nuen. Nire lana erredaktore burua izanik, ez nengoen oso gustura. Horregatik erabaki dut erretiroa hartzea.
Politikarekin ere izan duzu harremanik. 1998tik 2005era Eusko Jaurlaritzan, Lan eta Justizia, Ingurumena eta Lurralde Antolaketa sailetan komunikazio arduraduna izan zinen. Zer leku izan zuen horrek zure bizitzan?
Ni telebistatik baztertzen hasi zirenean, Sabin Intxaurragak, orduan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua zenak, aukera eman zidan komunikazio arloan aritzeko. Ezusteko handia izan zen, baina onartu egin nuen lana. Nire bizitzako zazpi urte positiboenetarikoak izan ziren. Gobernua barrutik ezagutzeko aukera eman zidan.
Kazetaritzaren kritikotasuna aipatu duzu lehen. Zer da kazetaritza kritikotasuna galtzen duenean?
Propaganda. Boterearen atzean zer dagoen kontatzen ez bada, informazio hori propaganda hutsa da. Zoritxarrez, gaur hori gehiegi ikusten da. Komunikabideen jabeen enpresak aprobetxatu egiten dira botereaz, eta kritikoak diren kazetariak baztertu egiten dituzte. Hori, oro har, komunikabide handietan gertatzen da, baina gaurko gizarteak ez dio baliorik ematen informazio txikiari. Hori hala, egoera gero eta uniformeagoa bilakatzen ari da.
Botere legegilea, betearazlea eta judiziala daude. Laugarren boterea kazetaritzak izan behar duela uste al duzu?
Topiko ikaragarria da hori. Ez da erreala. Euskal Herrian gertatu zen hori, Frankismoa amaitu zenean. Gaurko egunean, ordea, kazetaritza botereak markatzen du. Beraz, kazetaritza azkenengo boterea da.
Nola ikusten duzu euskal kazetaritzaren etorkizuna?
Nahiko iluna, baina ez dut esperantzarik galtzen. Benetan sinesten dut hau ziklo bat dena eta egoera aldatuko dena. Teknologia berriek, komunikabide txikiek eta gizarteak ekarriko dute aldaketa. Gizartea ari da jada ohartzen informazio asko propaganda besterik ez dela.
Urteak atzera eginda, kazetaritza aukeratuko al zenuke berriro?
Azkoitian, 18 urte inguru nituenean, delineatzaile bezala egiten nuen lan. Ikasketak utzi egin nituen, eta herriko tailer txikietan egiten aritzen nituen. Orduko nire ilusioa makina erreminta proiektatzen lana egitea zen. Idealista nintzelako eta, garai hartako testuingurua kontutan hartuta, kazetaritza aukeratu nuen. Kazetaritzan hartu ditudan erabakietaz ez naiz damutzen.
Nolako harremana izan duzu herriarekin?
1974. urtean Donostiara joan nintzen ikastera. Orduan, ez zen posible herrian kazetaritzan jardutea. Izan ditudan karguen ondorioz, politikako informazioak egiteak ez ninduen Azkoitiara eramaten. Gaur egun, asteburu askotan Azkoitira joaten naiz, ama bisitatzera. Kalearekin ordea ez dut harreman handirik, baserrian elkartu ohi baikara.