Ortega y Gasset saria jaso du Mikel Aiestaranek, Gazako gosetea sare sozialetan erakusteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Hara! 2025ko mai. 6a, 09:51

Mikel Aiestaran kazetaria.

Azpeitiko bizilagunak Ortega y Gasset kazetaritza saria jaso zuen atzo Bartzelonan, sare sozialen bidez Palestinako zerrendako bizilagunek bizi duten gosetea kontatzeagatik.

Mikel Aiestaranek (Beasain, 1975) Ortega y Gasset kazetaritza saria jaso zuen atzo Bartzelonan, Menú de Gaza izeneko serie multimediaren bidez Palestinan bizi duten genozidioa sare sozialen bitartez kontatzeagatik. El País komunikabideak banatzen duen saria jaso duen proiektua tarteko, Gazako familien elikadura eta bizimodua erakutsi ditu egunero Azpeitiko bizilagunak. Hark atzoko sari banaketa ekitaldian nabarmendu zuen bere lanak "gosea gerrako arma gisa nola erabiltzen duten" erakusteko balio dezakeela.

Aiestaranek Kayed Hammad lagunaren etxeko otorduen argazkiak argitaratzen ditu egunero Instagramen, eta azalpen batekin laguntzen du plater bakoitzaren irudia. Kayed Hammaden emaztea, Amal, da sukaldaria, eta bere alabak, Daliak, egiten ditu argazkiak. 2024ko otsailetik 2025eko urtarrilera, egun bakar batean ere ez dio kale egin Aiestaranek bere egunerokoari.

Mikel Aiestaranen 'Menú de Gaza' proiektuaren lagin bat, haren Instagrameko kontuan.

Hala, Ortega y Gasset sarien ekitaldian, Kayed Hammad lagunari eman zion protagonismoa kazetariak, eta hark grabatutako ahots-mezu bat entzun zuten Bartzelonako udaletxera bertaratu zirenek: "Mikel, esaiezu Gazan gertatzen dena lotsagarria izango dela gizateriarentzat, bonbengatik hiltzen ez dena goseagatik hiltzen baita. Ondorioztatu dugu hobe dela misil bategatik hiltzea, gosez baino".

Bestalde, sare sozialek munduan egiten diren sarraskiak salatzeko duten indarra aipatu zuen Mikel Aiestaranek, eta berretsi gerrako kazetaritzarekin bateragarriak izan daitezkeela. "Argi dago sare sozialen atzean lokatz asko dagoela [...], baina lan honek balio dezake erakusteko nola erabiltzen den gosea gerrako arma gisa", adierazi zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide