HARA! Ibon Sarasolaren arabera, "idazle oso onak" dira Iñaki Segurola eta Andu Lertxundi

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 6a, 14:10

Segurola eta Lertxundi aipatzen dituen elkarrizketaren zatia. Gaurko Berria egunkarian Ibon Sarasola (Donostia, 1946) elkarrizketatu dute argitaratu berri duen Bitakora kaiera liburuaren (Erein) karietara. Liburuaz, euskaraz, euskara batuaz, Euskaltzaindiaz, "idazle onez"... aritu da solasean Garikoitz Goikoetxea kazetariarekin, eta galdera baten erantzunean dioenez, Iñaki Segurola azpeitiarra eta Andu Lertxundi zarauztarra "idazle oso onak" dira. Bitakora kaiera liburuan aipatzen ditu bi horiek Bernardo Atxagarekin batera. Sarasolak dio hiru aipatzen dituela, "ez nahitaez hiru onenak". Honako hauek dira galdera-erantzunak: "Eta 'idazle ona' zein irizpideren araberakoa da? Ezin duzu esan: hau, hau eta hau. Ez, baina zein da irizpidea? Hiru aipatzen ditut liburuan, ez nahitaez hiru onenak. Bakoitzak bere gustuak ditu. Adibidez, jende askok ez du ezagutuko, baina Iñaki Segurola oso idazle ona da: azpeitiarra da, klasikoak oso ondo ezagutzen ditu, baina ez da haien aparrarekin geratzen. Andu Lertxundi eta Bernardo Atxaga aipatzen ditut. Beste asko aipa nitzake. Eta zerk batzen ditu idazle horiek? Zer ezaugarri dute, haiek hartzeko eredugarritzat? Irakurtzen duzu, eta: 'Zer ondo dagoen hau'. Batez ere, esaldia zer ondo doan, zer ondo irakurtzen den, zer oreka dagoen esaldiaren barruan. Zer ondo aprobetxatzen dituen hizkuntzaren baliabideak. Hori ere oso subjektiboa da, baina gaur egun badago halako consensum bat aipatu ditudan hiru horien eta aipatuko ez ditudan beste hainbaten artean hauek hobeak direla haiek baino. Eta, gainera, badago zera dialektiko bat: idazle on batek, batzuetan, oso ondo ikusia ez dagoen hitz bat erabiltzen badu, bere nota jaisten du, baina hitzarena, igo. Dialektika horretan mugitzen gara.".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide