Uda beroa izan da aurtengoa, beroaldi latzak sufritu ditugu kostaldean, eta zer esanik ez, barrualdean. Zorionez, egun gutxi izan dira, baina nahikoak datorkigunaz hausnartzeko. Zenbaitzuk gainera, hausnartzeko ez ezik, aurre hartzeko balio izatea nahiko genuke. Baina ez, agintari eta ordezkari politikoen jarduna ikusita, esperantza gutxi.
Iberiar penintsularen hego-mendebaldean piztutako suteek jarri diote neurria aldaketa klimatikoa bezala ezagutzen dugun fenomenologiari. Konplexua da, tokian-tokian ondorio ezberdinak dituena, baina badu adierazpen orokorrik: beroa. Eta berekin batera, lehorra.
Baso suteez aritzen direnei askotan entzundakoa da 30eko erregela, 30/30/30 erregela bezala ere ezagutzen dena: tenperatura 30 gradutik gorakoa denean, haizearen abiadurak 30 kilometro orduko gainditzen dituenean eta airearen hezetasuna %30 baino txikiagoa denean, landaredia asko lehortzen da, sute arriskua emendatuz. Hori horrela izanda ere, baldintza atmosferiko horiek ez dira izan aurtengo (eta ezta aurreko urteetako) baso suteen jatorria.
Ohi denez, sute ia guztiak gizakiak piztutakoak izan dira eta erdia baino gehiago nahita emandakoak: gutxi batzuk piromanoek eta gainerakoak menditik onuraren bat eskuratu nahi zuten ehiztari, abeltzain edo egurzaleek (WWF). Ekainetik abuztuaren 20a bitartean, Espainiako Estatuan poliziak 56 pertsona atxilotu ditu eta gutxienez, beste 113 ikertzen ari dira baso sute horiekin zerikusia izan dutelakoan (Europa Press).
Bada, nahiz eta neguan baso lanetan aritu, uda partean baldintza atmosferikoei kasurik egin gabe pizten badituzte suak mendia erretzeari etekina atera nahi diotenek, zergatik esaten da suteak neguan itzaltzen direla?
Jardun gogaikarri horren atzean basoarekiko begirada interesatu eta suntsitzailea dago. Azken mendean, mendi ingeniariek lan eskerga egin dute basoak eta landaketak gauza bera direla sinetsarazteko. Gizakiak gizaki denetik, basoari modu guztietako etekina atera dio: egurra, ikatza, landareak, fruituak, bestelako bizidunak... Ondoren, abeltzaintzarako baliatu ziren, hasieran saroiak zirenak, zelai eta soro zabalak bihurtuz abereen mesedetan. Basoak beharko luketen eremuak gure paisaiatik desagertzera iritsi ziren aspaldi.
Mendi ingeniariak izan dira guztiz eraldatutako landa eremua, mendia, planifikatu dutenak zuhaiztiak berreskuratzeko: horretarako, landaketak eginez. Baina hitzez ondo bereizten direnez, landaketak ez dira basoak, ez dira ekosistema naturalak. Gainera, oro har ez dira basoak berreskuratzeko intentzioarekin egiten: helburu nagusia egurra eskuratzea izan da beti.
Mendi eta baso ingeniariek oso ondo bereizten dituzte basoak eta landaketak, ikusi hutsarekin. Baina, euren jardunaren ondorioz, antza, landaketei ez diete basoei baino balio gutxiago eman nahi eta horregatik tematzen dira basoak eta landaketak gauza bera direla defendatzen. Egia da landaketak bere horretan utziz gero, abandonatuta euren hitzetan, basotu egiten direla. Baina landaketak baso bihurtzeko mendeak behar dira, politikarientzat onartezina dena, itxuraz.
Landaketek eta basoek portaera oso ezberdina dute suteen aurrean eta hori ere oso ondo dakite mendi ingeniariek. Basoak sistema konplexuak izanda, suteen aurrean erresilientzia handia erakusten dute: klima lehorreko eremuetan bertako landaredia suteetara egokitua dagoelako, Nafarroa eta Araba hegoaldean kasurako. Klima hezeagoko eremuetan ura erregulatzeko ahalmen handiagoa dutelako: lurzoru aberatsean pilatutako ura ez ezik, landaredia sistema konplexuek atmosferara askatzen duten hezetasuna baita suteei aurre egiteko osagai garrantzitsuena.
Intentzio onenarekin egindako landaketek ez dute, ezta hurbiletik ere, basoek duten gaitasuna suteei aurre egiteko. Basoen aldean sistema oso sinpleak dira, soilduak, sarri erretxina (pinuen kasuan) edo bestelako osagai sukoiak dituzten zuhaitzez (eukaliptoak) osatuak. Soilketak erregaia kentzea dakar eta sute arriskua txikitu dezake, baina hezetasunaren kaltetan. Gainera, ikusi denez, baldintza atmosferiko larrietan sortutako suteak zuhaitz buruetan zehar zabaltzen dira, ez baso azpitik bakarrik. Bada, soildutako landaketetara pistetatik iristeak erraztuko du suhiltzaileen lana, baina sute arrisku handiko zuhaiztietara iritsiko dira, ez basora.
Gizakiak ezin ditu baldintza atmosferikoak aldatu, klima aldaketaren abiadura geldotzeko ere ez gara neurririk hartzen ari. Bada, suteei aurre egiteko modu eraginkorrena basoak berreskuratzea da, horiek dira eta benetako cortafuegos-ak. Suteen ondorioak erakutsi eta ekosistema naturalekiko dugun menpekotasunaz jabetzeko pedagogia egiteak ere lagunduko luke gizartean eta hedabideetan gai honekiko dagoen anabasa gainditzen. Eta gaur-gaurkoz, zigorra ere beharrezkoa da jokabide okerrak zuzentzeko, oraindik ere administrazioa baita (foru aldundiak) belardien kudeaketarako sua erabiltzea ahalbidetu eta sustatzen duena.
Azken mendeetan mendi ingeniariek egindako planifikazioek eta lehen sektorerako politika okerrek jarri dituzte egungo hondamendi naturaletarako oinarriak. Bada, basoak berreskuratzeko politikak diseinatzea eta mendi ingeniariak basoen berreskurapena planifikatzeko gaitzea dira suteei aurre egiteko modu eraginkorrenak. Neguan zein udan, lehenbailehen mesedez! Ekologoen eta natur kontserbazionisten laguntza ez dute faltako.