Puntuka

Ez, hemendik

Hegazkinen arrastoak zeruan. (Pixabay)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau. 

Ezezagun batek eta biek, pasatutako Aste Santuaren bueltan agurraren gisan egindako galderari dozena erdi lagunek baino gehiagok emandako erantzuna izan da: "Oporretan? Ez, hemendik...".

Hainbesteraino behartu eta normalizatu da gaur, antza, oporretan bidaia luzeak egitea. Dirudienez, oporrak etxe inguruan pasatzen dituenarenak ez dira benetako oporrak, erdibideko zerbait dira; alegia, lanera joateko beharrik ez eta patxada handiagoz egunaz gozatzea ez da oporretan egotearen baliokidea. Benetakoak izateko, oporrek joan hitza eskatzen dute askorentzat, gero eta gehiagorentzat.

Berdin dio egun-pasa egiteak, esaterako, Nafarroako edo Arabako lautadetan koltza-zelaiekin bista gozatuz. Iratiraino joan eta Orhi igo ostean, Otsagabitik barrena bueltatzeak, edo gogokoagoa izanik, Balmasedako gurutze-bide biziduna ikusi eta etortzeak ez du balio, egun-pasak ez dira oporretara joatearen pareko.

Oporrek gaua kanpoan pasatzea justifikatzeko besteko distantzia eskatzen dute. Furgoneta batean izan daiteke, lotarako prestatuz gero, distantzia luzeak egitea ahalbidetzen du eta, ibilgailu horrek. Errepidean batera eta bestera gelditu ere egin gabe, ehunka eta milaka kilometro egitea bai, hori oporretan egotea da.

Trenez eta autobusez egindako bidaiek ere balio dute noski, baina, bene-benetako oporrei buruz hitz egin nahi izanez gero, hegazkinez egindako bidaien informazioa bezalakorik ez! Orduan bai, orduan inork ez du begiekin begietara ezer galdetzen, inbidia itxurako begirada eta galdera soila: "Oporretan ondo?".

Inork gutxik galdetuko dio bidaiariari urrutiko paraje horietan ikusitakoari buruz, nora joan den aipatu orduko daki eta galdera egileak zer ikustera edo bizitzera joan den hegazkin txartelarekin. Hori ekarri du bidaien negozioak, oporren industrializazioak.

Oporretan kanpoan ibili zale direnen gomendioz edota herriko bidaia agentzien haizera bidaiatzen dutenek, sarri milaka kilometrora topatzen dituzte txikitan ezagutu eta ordutik ikusi ez dituzten herritarrak. Hori da horrelako bidaia luze batetik bueltatzen denak emango dizun lehen berria: "Urlia, sandia edo berendia topatu nuen hango azokan, herrian edo parajean". Garrantzitsua da herrian begiratu ere egingo ez dion horri buruzko informazioa jendartean zabaltzea.

Euskaldunok, gainera, badugu noranahi joanda ere galtzen ez dugun ezaugarria: ondo jatea. Bidaien negozioak aterabide bikaina jarri dio arazo bihurtu daitekeen kontu horri: gosari kontinentalak. Berdin dio Riviera Maya, Hegoafrika, Botswana, Namibia, Bali, Thailandia edo Kanaria uharteak ziren helmuga. Lo egindako hoteleko gosariaren eta igerilekuaren nolakotasunak jarriko dio galbahea bidaiari.

Halaxe gabiltza munduan, batetik eta bestera, telebistan eta sakelako telefonoetan ikusten ditugun irudiekin nahikoa ez, eta sentsazioak bizitzeko besteen bizilekuetara nolakoak garen erakustera joatea bezalakorik ez dagoela sinetsita. Hutsa haiekin egotea edo haiengandik ikastea bagenu helburu! Aukeran hobe han ere gertukoak bilatzea, hemengo bizimoduaz atzerrian gozatzeko ezagunak dira eta lagun...

Ez da faltako bueltako bidaian hegazkinen aztarna ekologikoaz bi hitz egingo dituenik. Azken Aste Santuan Loiuko aireportuan bidaia kopuruen errekorra gainditu dela eta, etxera bidean autobusa edo taxia hartzeko zailtasunak izango ditu buruan, baina hainbeste hegazkinen joan-etorriak klima aldaketan duen eraginari buruzko kezka adieraziko du. Izan ere, ahalegintzen gara etxeko argindarraren kontsumoa murrizten, krisi energetikoa bizi dugula badakigu.

Eta argi! Energiaren deskarbonizazioarekin baino ezingo diogunez aurre egin klima aldaketari, energia berriztagarriak ekoizteko eskala guztietako azpiegitura energetikoak behar ditugula defendatuko du, gure bizi mailari eusteko munduko bazterretan egiten ari garen natur baliabideen espoliazioa ez delako zilegi. Munduko gizarte guztiek baitute (guk nahi bezala) garatzeko eskubidea. Zer gutxiago!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide