Teknologiaren garapenaren ondorioa da edozein giza jardueraren intentsifikazioa. Makinek 'astolana', alegia, indarra eskatzen duten zereginak errazten dituzte, dena delakoa zeregin hori, azkarrago eta modu errepikakorragoan egitea ahalbidetuz.
Lorezaintza ez da salbuespena. Supermerkatuetan saltzen dituzte gaur, garai batean lorezain profesionalen eskuetan zeuden tresnak. Urte askotan harriduraz eta miresmenez begiratu izan ditugu Lapurdin ohikoak diren txaleten bueltako zelai eta lorategiak, hain politak eta zainduak egoteko jabeek gastatuko duten diruaz eta horretan pasatuko duten denboraz trufaka. Ikusita supermerkatuetan lorezaintzarako tramankulu eta bestelako osagaiek duten arrakasta, bistakoa da mugaz bestaldera iritsi dela moda hori.
Etxe barruko kontuak baina, gauza bat dira, eta herri eta hirietako lorategietan ikusten ditugun astakeriak beste bat. Pentsatzekoa eta ulertzekoa da jarduera hori modu profesionalean gauzatzen dutenek ez dutela denborarik loreei banaka-banaka petaloak eta usteldutako orriak kentzen aritzeko. Ezta aitzur eta eskuare txikiekin landare bakoitzari zurtoin pareko lurra harrotu edota dagokion ongarri mota zein den begiratzen hasteko ere. Baina horrek ez ditu justifikatzen egun ikusten ditugun txikizioak.
Azkenaldian lorezainek egiten dituzten inausketa lanak ikusita, pentsatzekoa ere bada lorezainak landareak gorrotatzera iritsi direla. Ez dago ulertzerik bestela, nolatan uzten dituzten zuhaitzak belarrietako argizaria kentzeko bastoitxoen tankeran, ez bada txupatxus makilen pare. Edonori begietan min egiteraino, landareekiko erruki apurrik izanez gero, bederen.
Zuhaixkak ez dira salbuespena. Horiek arte gehiago merezi dutelako edo, forma geometrikoak ematen saiatzen dira. Antza, landareek borobilean edo lauki forman zaurituta bestelako balioa hartzen dute, nahiz eta horretarako ezinbesteraino bihurritu behar izan.
Eskuz nekez egin daitezkeen lanak dira horiek, baina makinen garaian, ezin antza ezeri mugarik jarri, ezta bizia kaltetzeko bada ere.
Zer esan belardiei buruz. Hirietan soropilak egin ohi dira. Baten batek gauza bera direla pentsatuko du, baina bada alderik. Soropilak egiteko hazi mota jakinak ereiten dira, gurean berez hazten diren belardiak baino tupituagoak, itxiagoak, egingo direlakoan. Baina ez, alfonbra itxura hori ez die haziak (bakarrik) ematen; belarra mozteko makinen xaflak dira soropil horiek leuntzen dituztenak.
Hala, soropil horiek berdeak eta leunak mantentzeko, behin eta berriz moztu eta ureztatu behar dira. Horrek zentzua luke eta helburu izatea ere justifikatuko luke horretarako egingo balira, pasieran ibiltzeko edo etzanda liburuak irakurtzeko filmetan ikusten ditugun irudi erromantiko horietan bezala.
Baina gure hiri eta herri gehienetan debekatuta dago horrelakorik egitea. Batetik, txakurren gernu eta kakez blaitzeko arriskua genukeelako. Bestetik, hormigoiz eta asfaltoz inguratutako eremuen apaingarri bezala ikusi eta zaintzen direlako; alegia bista alegratzeko, ez gorputza eta gogoa.
Horregatik da galdera logikoa ez ezik, ezinbestekoa: zergatik moztu hain sarri eta hainbeste soropil edo belardi horietako belarra ez badugu zapaldu behar? Ez ote da zentzuzkoagoa eta errespetuzkoagoa belardi edo soropiletako landareei loratzen uztea, moztu aurretik? Zein irizpide artistikok, etikok edo estetikok egiten du gustagarriagoa soropil berdea lorez betetakoa baino?
Zarautzen eta Donostian herritarrak korrika eta presaka dabiltza, ahalegin eskerga eginez, herri barruko belardi edo soropiletan agertu diren orkideak markatzen. Bakoitzari makila eta zinta jartzen diote ondoan, lorezainak datozenean errespetatu ditzaten. Azken urteetan hainbat salbatu dira, aurten ere errespetatuko al dituzte.
Baina tristea da, benetan, horrela ibili beharra, zezenei bezala lorezainei aurrea hartzen, bestela zer mozten duten ere begiratzen ez dutelako. Orkideak salbatzen dira, baina gainerako loreak? Nork ikusi ditu azken urteetan hamar lore ezberdin baino gehiago bere etxe azpiko belardian? Ez da belardiko landare guztiak berdinak direlako, baizik eta loratu aurretik mozten dituztelako. Bakean utziko balituzte, orduan bai poza: lore bakanak, multzokatuak, luzeak, motzak, tartekoak, zuriak, horiak, moreak, arrosak... eta haizearen baitan, usaindunak.
Udaberrian sartu garela eta pozik dago jendea. Noiz utziko diegu gure herri eta hirietako landareei urtaroaz gozatzen?