Horrela deitzen da Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri berri duen egitasmo esperimentala. Aldundiak emandako argibideen arabera: "% 50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateragarri egin ahal izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen. Lanaldi osoan lanean ari den pertsonarentzat, %50eko lanaldi-murrizketa suposatuko du. Aldiz, enpresa batean sartzera doan pertsonarentzat, lan-kontratua, zuzenean, lanaldiaren %50ekoa izatea suposatzen du".
Aldundiak aitortzen duenez, Gipuzkoan lehen sektorea erabat baserritik bizi direnek eta baserriko jarduera beste jarduera batekin bateratzen dutenek osatzen dute, baina, "'mistoen' talde hori bukatzera doa baldin eta bi jarduerak modu eroso batean uztartzeko gai ez bagara". Aldundiak esaten ez duena da erabat baserritik bizi direnak are azkarrago desagertuko direla, euren estatistikek erakusten duten bezala, ustiapenen titularren batez besteko adina 60 urtetik hurbil dagoelako.
Errealitate hau da eztabaidatu nahi ez dena, harrigarria bada ere. Azken 40 urteetan milaka ustiapen desagertu dira. Landa eremuan buelta bat eman besterik ez dago zenbat baserri eta, bereziki, ukuilu, hustu diren ikusteko. Belarrietan kaskoak jarrita eta zapatilak oinetan, arrapalada bizian aldapan gora zaila da mendi bideetatik haratago dagoena ikustea, baina ez da asko begiratu behar baserriak gurean bizi duen gainbehera ikusteko.
Europako politikak, egungo herritarren bizi ohiturak eta tankerako aitzakiekin justifikatzen da gertaera hau, baina benetako arrazoia eztabaidatu gabe: lehen sektoreko ustiapenen intentsifikazioa eragin duen estrategia politikoa.
Baserrira bideratutako diru laguntzak teknologiaren garapena eta burokratizazio maila sofistikatua eskatzen duten inbertsioetara bideratu dira, eta estrategia hori da, gaur, hondoa jo duena. Ehunka abelburuko ukuiluak, laurehun eta bostehun ardiko artaldeak, milaka litro jasotzen dituzten esne tankeak, mendi bideetan kabitu ere egiten ez diren traktore eta bestelako makinak. Noren eta zeren mesedetan?
Abeltzainak bezala artzainak, bere aziendak ditu maite. Haiei denborarik eskaini ezin dien abeltzaintza ereduak zer zentzu du? Egun esnetarako 'prestatu' diren behiak, genetika muturreraino bihurrituta eta elikadura eromeneraino eraldatuta, umaldi eta erdira 'kentzen' dira batez beste ukuilutik, hiltegira eramateko. Hogei urte bizi beharko luketen abereak lauzpabost urtean hiltegiratzen dira. Nork nahiko du horrela lan egin?
Lasaiagoa da mendi larreetan uzten dituzten abelgorri, behor eta ardien egoera. Haiek, sikiera, hainbat hilabetetan duintasunez bizitzeko aukera dute eta haiei begira dagoenaren gozamena ere bestelakoa da. Horregatik, ez da harritzekoa erakunde publikoen eskumenekoak diren mendi larre horiekiko dagoen presioa. Artaldeak gutxitu ahala ari dira abelgorri eta behor-zaldi kopuruak handitzen, eta haiekin batera pistak eta bestelako azpiegiturak egiteko eskaerak. Baserritar misto profesionalentzat aukera ederra, hortxe.
Lan baldintzak hobetzeko aldarrietan, gogor aritzen dira sindikatuak enplegu aniztasunaren (pluriempleoaren) kontra. Bizitzeko moduko soldatarik ematen ez duen lanpostua gutxiesteko arrazoiak askotarikoak dira, eta horri lotutako langileen errealitatea aldatzeko eskaria ulertzekoa.
Nekazaritza sindikatuak ezberdinak dira antza. Horiek ez dira aztoratu aldundiaren egitasmo honen aurrean, ordezkatzen duten langileriarentzat aurreikusten den etorkizuna mistoa da.
Lurralde Oreka Berdeko diputatuak egitasmo hau publiko egin zuen egunean bertan jakin genuen eraikuntza enpresek eta metalgintzako baten batek erakutsi duela proiektu honekiko interesa. Zer hobeto, nahieran eta ordutegi malguarekin, euren esku izan ditzaketen langile prestu eta zailduak baino. Hogeita hamaika eskutik.
Egitasmo honekin lortu nahi dena omen da "aurrez aurre dauden baserria eta hirigunea elkarren eskutik lanean jartzea Gipuzkoan elikadura jasangarriak sortzeko arduran, klima aldaketari aurre egiteko arduran, lurralde oreka mantentzearen arduran". Horretarako, ez al litzateke bidezkoagoa ez ezik, beharrezkoagoa, baserritarrak profesionalizatzea, haien jarduera eta bizi baldintzak hobetuz?
Arazoa lehen sektoreko politiketan dago, sustatu den ustiapen ereduan. Enplegu aniztasunak ezin du izan "Gipuzkoa lurralde benetan aurreratua bihurtzeko pauso garrantzitsua". Ez baserritarrentzat, ez beste inorentzat.