Ez dago hartzeko biderik, argiak itzali egin dira, bukaera gogoa, banoa...". Hertzainak taldearen abestia da izenburukoa, eta abestiaren errepika kakotx artean idatzitakoa. Abesti horrekin osatutako albumaren izena, berriz, Amets prefabrikatuak. Horixe da aurreko astean Zedarriak foroaren presidenteak seigarren txostenaren aurkezpenean esandakoek gogora ekarri zidaten musika.
Akaso, prefabrikatutako ametsak baino, prefabrikatutako mundua delako iradokitakoa. Nolanahi, ezin uka naturari eta bizitzari begira bizi denarentzat irensten zaila den txostena dela (presidenteak esandakoak jasotzen ez baditu ere). Hedabideetan azpimarratu diren goiburu horien atzean ideia garrantzitsuak daudela esan du Industria sailburuak, baina bertan erakusten den teknologiarekiko begirada izutzekoa da.
Europa atzera gelditzen ari omen da Txina eta Ameriketako Estatu Batuekiko lehian garapen ekonomikoaren arloan, eta horren aurrean Europa berrindustrializatzea ezinbestekoa denez, diotenez, "Euskadiren lehen erronka nagusia bikoitza da: bere sendotasun industrialari eustea, trantsizio berde eta digitalaren eskakizunetara egokituz, eta zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren aldeko apustua indartzea". Horretarako, txostenak hainbat gomendio egiten ditu, gehienak helburu nagusi bati begira: Europan funtsezkoak izendatuko dituzten proiektuetarako diru laguntzak gurera ekartzea.
Prefabrikatutako diskurtsoa aspaldi fabrikatutako ideia zabaltzeko: teknologiak salbatuko gaitu. Atzerapen ekonomikotik garapen teknologikoak aterako gaitu, garapen horrek suspertuko du ekonomia, horrek bermatuko du, bestela hondoa joko dugu eta, ezinbestean behar dugun hazkuntza ekonomikoa. Hori da kapitalismoaren kredoa, txostenaren egileek eredutzat dituzten Enriko Letta eta Mario Draghi neoliberalena.
Mezua argia dela diote: "Eraldatzeko garaia da. Gure ekonomia eraldatu, gure politika publikoak, batez ere elkarrekin lana egiteko modua, desde lo local hasta lo global". Zer ote da local hori AHTan eta hegazkinetan bidaiatzea sustatu behar dela diotenentzat... Global hori hobeto zehazten dute: goitik behera, Europako Batzordetik bideratutako diru laguntzen bitartezko gobernantza bertikalaz ari dira. Baina kontuz, inork uste badu bide horretan Madril baino gertuago dagoela Lakua, oker dabil, estatuak dira negoziatzaileak, ez euroeskualdeak... Horrek guztiak ez luke inor harritu behar, baina, kezkatu bai, oinarri horien baitan Zedarriak foroaren presidenteak esandakoa bezalakoak justifikatzen baitira: esaterako, euskal enpresek Europako segurtasun eta defentsa industrian dagoen negozio nitxoa aprobetxatzea, alegia, industria militarrean inbertitzea (lehenaz gain).
Herri honetan armak isilaraztea kostatu denarekin, eguna joan eta eguna etorri azken urtean gau eta egun erakutsi dizkiguten Gazako sarraskiaren irudiak burutik kendu ezinik, Ukrania, Sudan, Etiopia, Siria... hainbat herritan armek eragindako mina nonahi ikusgai dugula, ba al leike! Hezkuntzan inbertitu behar omen da teknologia berriei erantzuteko, talentua erakarri, lehian atzera ez gelditzeko. Teknologia militarra garatzeko? Ez nire diruarekin.
Hori gutxi ez, eta energia nuklearrari buruzko eztabaida zabaltzea ere eskatu zuen Zedarriak foroko presidenteak, eraldaketa digitalak beharko duen energia beharrei erantzuteko energia asko beharko dugulako. Aurpegia gorritu gabe esan zuenez, horixe baita "industria trantsizio berdera (eta digitalera) egokitzeko" ezinbestean beharko duguna.
Lemoizen odolak baldintzatutako gizarte eztabaidaren ondorioak hormigoiarekin guztiz txikitutako kostaldeko paraje idor, hotz eta militarizatu batek gogorarazten dizkigunean, ez zuen ba esan eztabaida publikoa ireki behar dela! Garai hartan Arzallusek esandakoak dira gizarte eztabaidara ekarri behar direnak. Lemoiz eraiki ezean, azak janez eta kandelen argipean bizi beharko genuela esan zuen. Hala bizi ote dira Zedarriak foroa osatzen dutenak? Zer gertatuko zatekeen itsas mailaren igoera begi bistan dugunean Lemoizen erreaktore nuklearra martxan bagenu? Inor akordatzen da Fukushimarekin? Itsasoak birrindutako zentraletik askatutako erradioaktibitatearekin kutsatuta daude oraindik 700 kilometro koadro baino gehiago, eta zientzialari gehienen ustetan, zentralaren desmantelamendua ezinezkoa da. Dirudienez, Zedarriak foroa osatu dutenek ez dute arnasten, ez dute lurrik zapaltzen, ez dute objekturik ukitzen-erabiltzen-botatzen, ez dute hondakinik sortzen. Mundu infinitu batean bizi dira, baliabideak bukatzen ez diren eta natura, bizitza kaltetzen ez den Arkadia zoriontsuan.
Aurkeztu berri duten txostenaren hitzaurrearen hasieran irakur daitekeenez, "Europako proiektuak, hasieratik, bakea, oparotasuna eta lehiakortasun partekatua oinarri dituen batasuna eraikitzeko asmoa sinbolizatu du". Argi dago zedarriak falta dituela proiektu horrek.