Puntuka

Ura eta uholdeak

Zarauzko uholde arriskuen mapa. (Geoeuskadi)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Uretan hasi zen dena, DANA eta ez dana. Falta izatea beldurrik handiena, gehiegia ito eta kaltetzen gaituena. Bizitzak ezinbesteko duena, ez horregatik behar beste estimatzen eta zaintzen duguna. Gazi zein geza, aukeran dugunok nahieran baliatzeko baimena, justuan dutenek eskuratuko luketena. Batzuek eta besteok galdu dugu nondik datorren ulertzeko sena, eta hori izango da guztion galmena. Valentziakoak oroitarazi digu Bilbon gertatu zena eta dudarik gabe berriro gertatuko dena, agintariek ez baitute horrelakoei aurre hartzeko kemena, baduten arren batzuen eta besteen lurrak eta jabegoak kentzeko eskumena. Errotak eta olak lehena, enpresak eta etxeak ondorena, guztiak bere egiten dituenean mina eta pena. Halakoak urrutian gertatzeko itxaropena, nahiz eta erreken ertzetan eta itsas bazterrean ortzi mugaraino luzatu ikusmena. Ezin bateratu komenientziaren eta jabetzaren bereizmena, eta horrela, guztiz galduta adimena, erraz bilatzen dugu erruduna, nekez aurkituko dugun arren erantzuna, galdera delako egin nahi ez duguna: zergatik ez dugu aitortzen dakiguna? Uretan leporaino, ezin eskatu inori zentzuna.

Gaiari nola heldu asmatzen hasita, ez da erraza originala izatea. Ezer gutxi baitago esatekorik, dagoeneko, uholdeen inguruan. Orain klima aldaketa da aitzakia, eta hein batean baita arrazoia ere, baina hori ez da, ez Valentzian eta ezta Euskal Herrian ere, uholdeek eragindako kalteen erantzule nagusia. Hirigintza eredua da hondamendi horien funtsezko arrazoia, eta badakigu (edo jakin beharko genuke).

Zalantzarik duenak igandean bertan Jose Maria Sanz de Galdeano URA Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen zuzendariak argitaratutakoak irakurri besterik ez: "1983an erori zena erortzen bada, Bilbon suntsiketei dagokienez, ia agertoki bera izango dugu, ez baitugu hidraulikoki jarduterik izan egoera hobetzeko" (Cien mil personas viven en zonas inundables en Euskadi). Abisatuta gaude.

Ez da zientziak ez dizkigulako erakusten klima aldaketaren ondoriozko agertoki gero eta fidagarriagoak eta beldurgarriagoak. Ezta zientzialarien ikerketa eta bestelako irakaspenak lurraldearen antolaketarako jarraibideetan eta hirigintzaren planifikaziorako legedietan jasotzeko ahaleginik egin ez delako ere. Zuhurtzia printzipioaren baitan aritzeak duen kostu ekonomikoan dago koxka, hirigintza baita gaur (atzo beste) herri eta hirien diru iturri preziatuena. Lurren espekulazioan dago negozioa, kapitalak hor du joko zelai oparoa eta ubideek ezin dute izan horretarako oztopo.

Teknologiak salbatuko gaituenaren mitoa da eskolatik bertatik elikatzen den ideia. Obra hidraulikoek eta ingeniaritzak babestuko gaituztenaren ideia bihurtu nahi da fede eta arkumeak aldarean bezala, pertsonak eta aziendak sakrifikatu behar badira euren etxe eta lantokietan, izan bedi guztion ongiaren mesederako.

Antropozentrismo itsu hau da beste inora begiratzen uzten ez diguna. Ura pasatutakoan presa egitea alferrik dela jakinda ere, urtea bukatu bezala hasiko dute Mediterraneoan gertatutakoaren ardura urlia, sandia edo berendiarena dela errepikatuz. Fenomenologiaz eta sistemaz hitz egingo digu zientziak alfer alferrik, anekdotan eta txutxu-mutxuetan jarriko baitute arreta behar denaz hitz egitea nahi ez dutenek.

Espainiako Estatuko presidentea serio-serio ikusi dugu hedabideetan auzo lotsak eraginda egia berdaderoa adierazten: "Klima aldaketak hiltzen du", zioen. Dudarik ez, baina gizakiaren bekaizkeriak eta diru goseak baino gehiago? Zalantzan jarri behar.

Nola ulertu, bestela, hiri eta herri gehienetan ingurumen arriskuak eguneratuta ez dituzten Hirigintza Planak? Edota itsas mailaren igoerari begirako agertokiak kontuan hartu gabe marrazten ari diren plangintzak eta proiektuak? Valentziako torrent horietan gertatutakoarengatik eskuak burura eramanda dabiltza Urdaibain beste Guggenheim bat eraikitzea egoki ikusten dutenak. Bilbon, Donostian, Tolosan eta Azpeitian irudikatu dituzte uholdeak hedabideek, Muruetan astakeria hori urpean irudikatzea ez da komeni.

Lehen Hezkuntzan hasten dira uraren zikloa erakusten eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaraino luzatzen dira Lurraren geruzak, atmosfera, geologia, orografia, klima eta eguraldia bezalako ikasgaiak. Aspalditxotik, horretan guztian bizidunek duten eragina edota erregai fosilen erreketan isuritako berotegi eragina duten gasek areagotutako klima aldaketa bezalako fenomenoei ere jartzen zaie arreta, mundu garaikiderako zientziak behar ditugulakoan. Baina hori guztia ulertzeak ez gaitu zuhurragoak egiten, bistakoa denez.

Duela pare bat urte sua eta suteak ziren hizpide. Gaur ura eta uholdeak. Sua hitza ura hitzarekin ordezkatu besterik ez orduko artikuluari bukaera emateko: "Atera ditzala norberak bere ondorioak; niri, bederen, URAK besteko beldurra ematen dit, oraintxe, noren agintepean gauden ikusteak. Zaharrek esan ziguten: sua eta ura belaunetik behera. Gora ez egiteko, nor ari da lanean?".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide