Puntuka

Turismoa, etxebizitzak eta herritartasuna

Hondartza. (Aitziber Sarobe)

Aitziber Sarobek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Azken boladan, uztartuta dauden hitzak dira horiek, prentsa idatzian hartu duten jiteari eta, itxuraz, gizartean beldurra eta kezka zabaltzea beste helbururik ez duten estatu(e)tako hedabideei arreta jartzen badiegu. Hark esan bezala, zaharrak berri.

Kostaldean bizi garen askorentzat, eguneroko ogia izan da herrian bizi nahi eta ezina. Oraingo gazteez hitz egiten da, baina gazteago izan ginenok ere herritik kanpora bizitzera joan behar izan genuen etxebizitzen alokairua ordaindu ezinik. Duela 20-30 urte eromena zen kontu hau, eta egoera hura bultzatu zuen planteamendu politikoa ez denez zipitzik ere aldatu, orain gainez eginak ez luke inor harritu behar.

Harrigarria dena politikariek gai honen bueltan darabilten diskurtsoa errepikatzeko duten lotsagabekeria da. Merkatu librearen barruan, eskaera eta eskaintzaren arteko desorekak eragiten duen arazoa omen, hedabideek eskaintzen dizkieten bozgorailuek errealitatea ezkutatzeko balioko balute bezala.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu postu berria estreinatu berritan, Denis Itxasoren esanei erreparatu besterik ez: EAEn (Euskadin, bere hitzetan), etxebizitza gehiago behar omen dira eta eraikin altuak egiteari beldurra kendu behar omen zaio, espazioa ahalik eta gehien aprobetxatzeko.


Espainia helburu duten politikariek Benidorm, Denia, Alicante eta horrelakoak gogoan izatea normala da; ikusteko dagoena da hemengo udalerriek ere, begirada bera partekatzen duten...

Sailburuaren hitzetara bueltatuta, hona ateraldi honek eragindako lehen galdera: bere legealdirako aurreikusi dituen babes sozialeko alokairurako 7.000 etxebizitzen eraikuntza posible egiteko, salmenta librean zenbat etxebizitza saldu behar dira? Bigarrena: zerk baldintzatzen du kopurua, alegia, zergatik 7.000 eta ez 14.000? Hirugarrena: zer proportzio suposatzen du kopuru horrek (7.000), egun etxebizitza turistikoetarako eman diren baimenekiko?

Galdera horiek bakarrean sinplifika litezke: bertan jaiotakoek bertan bizitzeko eskubidea izatea gure agintarien oinarri ideologikoa da? Etxebizitza espekulaziorako baliabidea aspaldi bihurtu zenez, zenbaiten erantzuna erraz susma liteke: kapitalari komeni zaioneraino. Hor dago koxka, kapitalak ez baititu helburu herritarren beharrak eta eskubideak. Kapitalaren helburu bakarra kapitala da, eta EAJ-PSE-EE tandem kapitalistaren planteamendu ideologikoa, muturreko liberalismoa.

Kontu hauetan, badago sailburuari egin beharreko bestelako galderarik: azken 30 urteetan alokairurako eraikitako etxebizitzetatik zenbatek jarraitzen dute alokairu sozialekoak izaten? Saldutakoetatik zenbatek behar dute gaur babes ofiziala? (zilegi da gaur, hilero 5.000 euro baino diru sarrera handiagoak dituzten etxeetan babes soziala mantentzea)? Nork/nola bermatzen du babes ofizialeko etxebizitzetako bizilagunek babes sozialaren beharra dutela? Noiz arte jarraituko dugu onura publikoaren izenean lurrak artifizializatzen eta herrien idiosinkrasia desitxuratzen kapitalaren mesedetan? EAEn 100.000 etxebizitza baino gehiago daude hutsik...

Zarautzera begiratu besterik ez! Kostatuko zaio bi minutu pentsatzeko hartzeko prest dagoenari ez ondorioztatzea Amenabar dela non zer eraiki erabakitzen duena. Zarautz azken hiru agintaldietan bizitzen ari den metamorfosia bertako herritarren etxebizitza beharrei erantzuteko dela esatea burla egitea da.

Honen guztiaren atzean, baina, ez daude politikariak eta enpresak bakarrik. Diru funtsen baitako enpresez gain, gero eta gehiago dira errentatik bizitzea amets duten herritarrak eta horrek jartzen dio ginda pastelari. Turista gisa atzerrian gure herria goraipatzea gustatzen zaigu, haren alde lana egitea gutxi eta auzolanean, batere ez.

Kontuak kontu, itsasoan bainatzea libre da, oraingoz, eta gozatu! Ederra dago ura.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide