Elhuyarren begiratuta, eltxoak deitzea egokiagoa da agian, udan zeresana eman duen txupoptero arrotz inbaditzaileari jarritako izena adibide: tigre eltxoa (Aedes albopictus). Alu zikina! Ernegarria benetan.
Bere deskribapenean, buruan eta gorputzean marra zuriak dituela nabarmentzen dute, eta hala da, baina bost milimetro inguruko bizidunari halako ezaugarriak bilatu nahi dizkionak ziztada jasotzeko arriskua hartu beharko du, marra horiek ikusi nahi baditu. Errazagoa da hanka luzeen dantzaren ondorioz irudikatzen duen balantzan arreta jartzea. Moskitoen ziztadetatik ihesi, haiekin borrokan ibiltzen ohituta gaudenontzat, nabarmenak dira.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren webgunean ikus daitekeenez, duela ia hamar urte identifikatu zen lehena Euskal Autonomia Erkidegoan (nonbait, Nafarroarekiko eta Ipar Euskal Herriarekiko isolatuta bizi gara, eta hango daturik ez dute ematen. Txibite andereari informazioa eskatzeko beldur izango dira, ziztada txarren bat jasotzeko ere… Eta Bidasoan kontuz! Eltxoek erreka zeharkatzen dutela ikusten badute jendarmeek, bueltan ekartzeko eskatuko diotenaren beldur izango da Urkullu jauna...).
Kontuak kontu, jatorriz Asiakoa den eltxo hori mundu osora zabaldu da, eta herri edota hirietan bizi garenok haren ziztada mingarrietara (eta zenbaitzuk, eragindako gaitzetara) ohitu beharko dugu. Ez dago beste erremediorik. Uretan jartzen ditu arrautzak, eta putzu txikiak maite ditu: loreontzi plateretakoak, lurrera botatako bestelako ontzietakoak, teilatuetako erretenetakoak... Horiek zaintzea da aurre egiteko modu bakarra. Esperantza gutxi, beraz!
Gipuzkoako kostaldean aurten nabaritu da bereziki, haren presentzia. Hedabideek, bederen, hala jaso dute, eta zenbaitzuk horrela bizi izan dugu.
Berriagoak agian ez, baina askoz ere beldurgarriagoak dira, antza, Gipuzkoako Foru Aldundian alarma gorriak piztu dituen Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoaren bektoreak diren Culicoides generoko eltxoak (moskitoak). Horiei ez zaie izenik jarri, eta bila hasita ere, aldundiak abeltzainei bidalitako oharretan ez da aipatu ere egiten moskitoak direla gaixotasun larri hori zabaltzen ari direnak.
Kezkatzekoa da egoera, larria, dagoeneko ez baitute ezkutatzen abelgorrien (behi eta zezenen) gehiengoak jasango duela gaixotasun hori. Birikoa da, alegia, eltxoek garraiatzen duten birus batek eragiten du gaitza. Hitzez hitz, aldundiak zabaldutako oharrean zera jasotzen da: «Abelgorrietan, gaixotu eta berehala tratamendua jarriz gero, nahiko azkar eta modu egokian sendatzen dira, baina neurriak berandu hartuz gero, ondorio larriak eduki ditzake eta baita heriotza eragin ere». Aurrerago dio: «Eboluzio azkarra duen gaixotasuna da. Egun batetik bestera ia ezer ez nabarmentzetik oso gaizki egotera para daiteke (aberea)».
Ohar berean zehaztu zaizkie abeltzainei gaixotasunari aurre egiteko hartu beharreko neurriak. Lehena eta garrantzitsuena, egunero abelgorri guztiak gertutik ikuskatzea, bost metro baino gutxiagoko distantziara. Abelgorri guztiak banan-banan ikuskatu behar direla zehazten da, «ez da nahikoa abelgorri taldea urrutitik ikustea, horrela eginez gero, sarritan sintomak ez baitira ikusten». Bukaeran hirugarren aldiz aipatzen da abelgorri guztiak banan-banan ikuskatzeko beharra.
Izan ere, egun ez dago unairik. Artzainak bai, haiek ohituagoak daude euren artaldeak gertutik zaintzera, haiekin batera txaboletara igotzera edota etxetik gertuago, haiekin batetik bestera ibiltzera. Baina, mendiko azienda larriarena, behor eta behiena, beste kontu bat da. Baten bati ez zitzaion ahaztuko oraindik, 2021ean Abaltzisketako alkateari tiroz hilda agertutako behiaren pasartea. Behiaren jabea zen alkateak berak hilda ikusi eta hogei egunera jakin zuen tiroz hil zutela behia, artzain batek esan ziolako. Atera kontuak nolako zaintza zuen behi gaixo hark! Hura bezala, beste hamaika gure mendietan, dunba zintzilik noiz nor (mendi kotxean) azalduko zain.
Ez dira garai gozoak baserritarrentzat. Lehen esne behiak, orain haragitakoak. Arrazoiak hamaika dira, eta gaixotasun hau beste bat gehiago. Aldundiak gaixotasun hemorragiko kutsakorra tratatzeko aplikatzen zaien larrialdiko tratamendua %100ean ordainduko omen du; hori bai, albaitariaren bisita abeltzainaren gain joango da. Horiek beti 31 eskutik, kontrol publikotik ihesi.
Gaixotasun Hemorragiko Epizootikoa Ipar Ameriketan, Asian eta Afrikan zen ezaguna, iazko azaroan Sardinian lehendabizi, gero Sizilian eta ondoren Andaluzian atzeman zuten arte. Urtea pasatu aurretik ari da zabaltzen hemen.
Espezie arrotz inbaditzaileak, zoonosia, epidemia, pandemia... ahaztu nahi ditugun mamuak denak, baina gero eta ohikoagoak nonahi.