Puntuka

Enpresak, administrazioa eta ingurumena

Andoni Ruiz Arkamurka Zarauzko natur taldeko kideak egindako irudi bat. (Andoni Ruiz)

Aitziber Sarobek Urola Kostako HITZAren Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Hirurak ondo harilkatzen diren elementuak dira, egun, Eusko Jaurlaritzan Arantxa Tapiak zuzentzen duen Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren osaketa eta funtzioak ikusita. Sail horren antolaketak, ordea, hasieratik eragin zuen mesfidantza natur kontserbazioaren arloan dabiltzan herri mugimendu eta eragileen artean: enpresen jarduera bideratzen duen sail berak enpresa horien ingurumen eraginak baimentzea, azeria oilategia zaintzen jartzearen parekoa delakoan. Denborak erakutsi digu ez zitzaigula arrazoirik falta.

Estreina, sail horretatik bideratutako ekimenak lege markoari eragin zion: Tapia legea izenarekin ezagutzen den lege berriak (10/2021 LEGEA, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena) Lurralde Antolamenduari eragiten dio bete-betean. EAJ eta PSE-EE alderdi politikoen botoei esker onartutako lege horrek figura berri bat sortu du: interes orokorreko proiektua. Hala, Jaurlaritzak proiektu edo egitasmo bat «goi mailako interes publikoko proiektua» izendatzeko eskumena eskuratu du, eta halakoetan, udalek proiektu horri jarduera baimena eman edo kentzeko eskumena galduko dute. 

Ez da erraza ulertzen 40 urtetan Euskal Autonomia Erkidegoan administrazioen agintetik eragindako lurraldearen garapenaz harro azaltzen den alderdi politikoak administrazio horren antolaketa gauetik goizera ipso facto nola aldatu duen: oposizioan dauden alderdi politikoekin eztabaidarik bideratu gabe eta herri eragileak zein bestelako ordezkariak kontuan izan gabe. 

Edo bai? EAJk enpresa pribatuetan dituen interesak lehenesten dituela agerian gelditzen ari den garai hauetan, agian, ez da hain harrigarria haien mesedetan administrazioa bera indargabetzea, kasu honetan udalak. Ez da agertoki esperantzagarria herritarrontzat; are gutxiago, hipotesi hori indartu baino egiten ez duten berriak irakurrita. 

Aurreko igandean, Gara egunkarian Iñaki Iriondok sinatutako Comisión de Ética: un denunciado amenazó a un denunciante con copia a la consejera artikuluak dioenez, 2022ko uztailaren 20an Etika Publikorako Batzordeak erabaki zuen Jaurlaritzako goi kargudun batek ez zuela bete Etika eta Jokabide Kodea, administrazio publikoan kargua hartu aurretik lanean aritu zen ingeniaritza enpresa batek hamabi plan edo proiekturi ingurumen txostenetan aldekotasuna onetsi  zielako. 

Hor ba, enpresen alde Jaurlaritzak makinatu duen gurpil eroa: ingurumen eraginen txostenak egiten dituen enpresa pribatutik datorren goi kargua, enpresen jarduera baimenak emateko eskuduntzak bereganatzeko legedia moldatzen ari den gobernuarentzat lanean. 

Iritzi artikulu horrek dioenez, ordea, goi kargudun horri Eusko Jaurlaritzaren Etika eta Jokabide Kodea «nahikoa ez betetzea» egoztearen arrazoia ez da bere kargutik enpresen mesedetan ingurumena, eta beraz, biodibertsitatea kaltetzeko  sortzen den arriskua. Baizik eta enpresa utzi eta kargua hartu bitartean bi urte baino gutxiago pasatu izana. Bi urtetan apurtzen direlakoan sare klientelarrak?

Larria da kontu hau guztia. Izan ere, administrazio publikoan ez dago gaitasunik lurraldean edota ingurumenean eragin nabarmena duten proiektuen eta plangintzen ingurumen txostenak egiteko. Lurralde antolaketari lotutako lege marko oso konplexua kontuan hartzeaz gain, ingurumen eta natur kontserbazioari lotutako legeak eta ezagutzak eskatzen dituzte txosten horiek eta administrazio(eta)ko teknikariek ez daukate denborarik, ezagutza nahikorik eta are gutxiago elkarren arteko koordinazio 
gaitasunik txosten konplexu horiek egiteko. Horregatik egiten dituzte diru publikotik bizi diren enpresa pribatuek.

Aurreko udatik bolo-bolo dabiltzan proiektu energetikoek aztoramena eragin dute gure herrietan. Sañoan eta Oletan haize erroten zentralak egiteko mahai gaineratu diren egitasmoak ez ezik, behin-behinean onartu den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean (PTS) proposatzen diren gainerako guztiek, kalparreko ileak harrotu dizkigute bati baino gehiagori. 

Kontuan izanda, proiektu horiek guztiek ingurumen eraginen txostenen onespena behar dutela, pentsa dezake inork txosten horietan ingurumena eta biodibertsitatea lehenetsiko direla? 
Klima krisia, energia krisia eta Ukrainako gerra aitzakia baino ez dira gure lurraldea enpresen interesen esku jartzeko.

Galdera da: EAJ eta PSE-EE alderdi politikoek sustatzen duten enpresen eta administrazioaren arteko harreman sareetan oinarritutako gobernantza eredu honek ba al du alternatibarik gure herrian? 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide