Puntuka

Kondaira argala

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet

Lady Cassandra Doctor Who telesailean. (BBC)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zer desiragarriagoa aurpegi panpoxa baino? Zizt! Botoxa kopetan zimurrak alde egiteko, azido hialuronikoa muturrean ezpainak puzteko, lifting-a soberako azalak kentzeko, lixatzea kokotza dagokion formarekin lagatzeko, liposukzioa paparra fintzeko, rinoplastia sudurra txikitzeko. Xiringa esku batean eta bisturia bestean. Operazioak bata bestearen atzetik, burua galdu ordez, aurpegia galtzea eragingo balute bezala. Izandako horri egin beharreko agurra. Ispilura begiratu aurreko adrenalina. Bendak kendu eta ezagutzeko nekeza den begitartea. Moldaketa estetikoak. Pertsona baten itxura uncanny valley-aren (haran asaldagarria) hondoraino eramateraino. Gizaki ala izaki artifizial? Faceshopping [Sophieren abestia, 2018] egitea. "Oh, reduce me to nothingness/ Yes, yes" (Utzi nazazu ezerezean/Bai, bai). Kendu hau, kendu hori, kendu hura. Aizank! Kendu ezank dena.

Are gehiago tenkatu ezineko azala, —faltan duen— sorbalda gainetik epaitzen duen begi parea eta ezpain karmin xamur-xamurra izan ezik. Memorian neukan gordeta marko bati iltzatutako aurpegi bat. Inoiz ikusia nuena. Patuaren kapritxoa izango zen berriro ere elkar gurutzatu izana: txikitako malenkoniak jota Doctor Who zientzia fikziozko telesaila berrikusten hasi orduko errekonozitu nuen. Lady Cassandra, zeina hainbeste operazio egin eta gero ia hutsaren hurrengoan geratu zen. Zera eder bat besterik ez, fina bezain liraina. Baina aldi berean atzerakada eragiten duten zera horietako bat, xelebrea bezain apartekoa. Gizaki deitzerik ere? Zer demontre? Norbere gorputzari halakorik egitea erabakitzerik ere? Lady Cassandra, skinny legend bat, kondaira argal bat.

Non ote zientziaren mugak? Egongo ote moldaketa gehitxorik? Zer ote edertasuna balizko etorkizun batean, aurpegiera nahieran aukeratu baldin badaiteke? Zer da beharra eta zer da nahia eta zer da abarizia? Ederra aurpegiratzen dio Rose gizakiak: "Hobe da hiltzea zu bezala bizitzea baino, tranpolin atso halakoa. Ez zara gizatiarra. Dena ebaki, tolestu eta lau-lau utzi dizute. Humanoa zenuena zakarrontzira bota dute. Azala besterik ez zara, Cassandra, ezpainetakoa eta azala". No Queda Nada [Arcaren abestia, 2020]. "No queda nada, sino lo que miras tú" (Ez da ezer geratzen, ikusten duzuna izan ezik).

Ziur asko, hainbeste ebakuntza egin eta gero, esku arteko xiringa eta bisturia gorputzaren luzapen gisa ulertuko zituen bere zirujauak. Lanabesa ez, epidermisean zazt sartzen den behatza baizik. Lanabesa ez, epidermisa krask mozteko azkazal zorrotza. Fereka batekin pazientea itxuraldatzeko boterea. Eta gauza jakina da botere handiak ardura handia dakarrela, baina zer pentsatuko zuen, bada, zirujauak? ‘I Cannot Resist’ [Xiu Xiuren abestia, 2021] Cassandrak exijitutakoei uko egitea; ea noraino hel naitekeen triskantza egin aurretik; hori da hori, estetikaren muturrak miatzeko atrebentzia... "Staring into your face/ Thinking ‘God, what have I done?’" (Zure aurpegiari begira/ Pentsatzen 'Jainko maitea, zer egin dut?'). Operazio gelatik atera den magnum opus-a. Azal puska horrek ezin zatarragoa dirudien arren.

Beste apainketa bat ere egin gura du gure Lady Cassandrak. Azal zeharrargiak agerian uzten dituen zainetako odol gorrixka zuritzea, alegia. Ebakuntza hasi aurretik lo geratzeko atzerako kontaketa. Hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bost, lau, hiru, bi, bat... Begiak itxi aurreko nightwish-a [Black Dressesen abestia, 2022], ondo joan dadila dena. "I hope no one is looking at when the sun explodes" (Espero dut inork ez nazala begiratu eguzkiak eztanda egitean). Ai, Lady Cassandra maitea, udara dun. Eman ezan eguzkitako krema, Jaungoikoaren izenean. SPF 50+.

Eguzkiaren erreferentzia ulertu nahi duenak ikus dezala Doctor Who-ren kapitulu hau: The End of the World. Eta azken hitzak idatzi aurretik, azken musika proposamen bat, atal horretan agertzen den gramola batek jotzen duen abesti bat. Lady Cassandrak botoxari dedikatuko liokeen "balada". Britney Spearsen Toxic: "Intoxicate me now with your lovin' now" (Intoxikatu nazazu orain zure maitasunarekin). Auskalo zenbatgarren ebakuntzan erauzi zioten bihotza geraraziko liokeen amodio pozoitsua. Eskerrak, bada, kendu zioten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide