Estrainioa egiten zait, eta aldi berean altxagarria, joan den asteburuko aldaketa. Erlojuko orratz motza aurreratzea ordubete galdu dugunaren berrestea izango ez balitz bezala, ordubete hori iazko urriko azken igandean irabazi genuen arren. Balantza errespetatzea. Oharkabean ere igaroko zitzaion bati baino gehiagori: lotan zenari lehenago amaituko zitzaion amesgaiztoa; insomnioak jota dagoenak lehenago ikusi zuen egunsentia; eta 01:59tik 03:00etarako jauzia taberna zuloan ikusi zuena, itsu ez bazegoen, ez zen hain nekatua helduko izara artera etxerako erretiroan. Edo, zergatik ez, kalean geratu zen ohi baino beranduago arte —nola geratuko zen azken ordubetetxo hori kaña parea eskatzeke eta ipurdia mugitzeke—. Ondo eginak, denak.
Izan dadila eguzkia noiz ateratzen eta sartzen den ohartzea gure kezkarik handiena, nahiz eta ez den izaten, besterik ezinean edo geure burua desenkusatzeko eguzki izpi faltari leporatzen diogun goibeltasuna. Horrela, nola ez dugu, bada, erromantizatuko Azpeitiko plazan egotea eguzkiak jotzen duen terraza batean, kafesnea izotzarekin dugula esku batean eta pitia bestean? Xinplea bezain efektiboa. Ohitura bihurtzeraino behin eta berriz errepikatzeko modukoa.
Urtean hilabete batzuetarako bada ere, ez du zertan txarretik izan txarrera ohitzeak, horrek ondotik gorputzak eskatzen digun egoera hura idealizatzea baldin badakar. Zenbat eta gehiago desiratu, orduan eta asegarriagoa kafesnea. Gogoratu hori, ez baitago mundu honetan bostetarako geratu eta apur bat berandututa eguna iluntzen ari dela kikara bat kafe hartzea baino antinaturalagorik. Edo zazpiak aurki direla-eta dagoeneko kaferako ordua igaro denez, poteoko lehen zuritoa eskatzea baino borroka galduagorik. Hor ere, arren, izan dadila loa kenduko dizun arazo bakarra kafea hartu ez izana —eta ez hura hartu duzulako suspertzen zaituen kafeina—. Oharra: eguneko hirugarren kafetik aurrerakoak, kafeinagabeak.
Batek pentsa dezake dena zilegi dela erosotasunaren izenean, edo nik dakidan batek esango zuen bezala: "Une preziatu batengatik ma-to!". Eta hala behar du izan, biba gozamena, ezpaina oraindik epel baina hozten joango den kafearekin bustitzea, hanka bestearen gainean jartzea, burua atzera bota eguzkiak bete-betean jo gaitzan, erretiroa hartzeko urte dexente geratzen zaizkigun arren señora batzuen bizitza daramagula pentsatzea... Horietan erosotzerik baino hobeagorik ez dago, gero.
— Iep! Kafesne bat izotzakin, mesedez.
— Azukrikin? —dio izotza zuzenean edalontzira botatzen duen zerbitzariak—.
— Gabe, gabe —Nahiago dut kafea kikaran eta izotza aparte; kafea edalontzira nik neuk isurtzea—.
Bada, badago betiko ohartarazpenentzako tarterik, a zer sorpresa: erosotasunak ez gaitzala erosokeriaren tentaldian erortzen utzi... Bai, terrazaz terraza bizitzea fantasia bat izango litzateke, baina horiez gain, kalezuloak behin edo behin zapaltzea ere gaizkitxo ez. Horrek ez du nahi esan, ordea, eroso sentitzeari uko egin behar diogunik, guztiz kontrakoa baizik: oraindik ere zirrikituak direnak gordeleku egin behar ditugu.
Inauterien bezperetan, Azpeitiko LGTBI+ asanbladako bi kidek pankarta bat eskegi zuten plazako kioskoan, pare-parean kafesnea hartzen ari nintzela. A zer kasualitatea. Izan ere, Elegante Egunerako Astindu armayuek antolatu zuen asanbladak Azoka Plazan: ekintza politikoa bezain festa, festa bezain ekintza politikoa; hori bai espazioak apropiatzea, hori. Igandean, jendez lepo bete genuen Azoka Plaza, eta arratsalde ia osoz egon ginen La Fulanak jarritako temazoekin armairuei, eta, bide batez, ipurdiei astindu ederra ematen.
Elegante Egunekoa ez da inondik inora ere egingo dugun ekintza bakarra. Asanbladako kideok apirilaren 10ean izango dugu hurrengo juntadizoa, 18:00etan, Basazabal jauregian. Transmaribibollo guztiak gonbidatuta zaudete. "Betidanik egon gara hemen eta ez dugu inora joateko asmorik".
Tira, heldu omen da sikiera arratsaldeak terrazan egotera gonbita egiten duen giroa. Kostata. Itxaro dugun bezainbeste denbora igaro ondoren esango diogu berriro agur. Baina zenbat bider entzun izan dugu ordu aldaketa behin betiko kenduko dutela? Auskalo. Hura gabe, ea nori edo zeini leporatuko genizkiokeen aldarte kontuak. Bien bitartean, gauza bat klaru daukat: udaberria dator marrubi bat ahoan duela.
Harrapatu zaitzala irakurraldi honek terrazaren batean, eta ez bada hala, joan zaitez batera, faborez. Hutsa/ebakia/kafesnea nire kontu.