Puntuka

Beizamaä Haizearen Ibarrekoa

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2025ko mar. 6a, 09:47

Zentral eolikoen kontrako kartela, Beizamako Urdanpileta auzoan. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek gaurko Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzia da honakoa.

Utzi ditugu atzean nolabait urteko lehen bi hilabeteak. Askorentzat zerotik hasteko aitzakia besterik ez dira ia-ia zintzarrian katigatuta geratzen diren hamabi mahatsak irentsi osteko egunak, betikoarekin jarraitzeko aitzakia gehitxo ere okurritzen zaizkion arren bati baino gehiagori.

Urtea hasi bezain laster zerbaiti ekin behar badiot, behintzat izan dadila urtean zehar entzungo ditudan albumen bilduma ontzeari. 2020, 2021, 2022, 2023, 2024, 2025, eta geratzen direnak. Ordenatuta dudan bakarra izango da musika, eta kuriositatea eragiten dit jendeak nola demontre gordetzen dituen entzuten dituenak, norberak bere ohiturak baititu: aspalditxo sortutako playlist sorta etengabeki kantuz betetzen joatea, zerrenda bakoitzaren izenburuaren arabera batean edo bestean gordez, eta ohartzerako aurikularrak jantzita auskalo zenbat orduz egoteko adina kantu edukitzea; edo album bati play eman eta zorrozki hasieratik amaieraraino entzutea, abestiz abesti hurrenkera kasik buruz ikasteraino, eta, batez ere, hurrena entzungo duzun horrek ezustean harrapa ez zaitzan...

Azken horietakoa naiz. Abesti, artista eta genero askotarikoek osatutako anabasa ausaz entzutea bainoago, nahiago zerrendan atzetik datorrenaren kontrola izatea. Urtarrilarekin batera, hutsetik hasten ditut albumen bildumak; akaso aste gutxiren buruan kaleratzen dituzte disko bat edo beste, eta horiek bihurtzen dira gero eta argitsuagoak bihurtzen diren egunen soinu banda; bestela, aurreko urtearen luzapena ere izan daiteke urtearen hasiera, bai bildutakoak entzuten jarraitzeko, bai oraindik entzun gabekoak deskubritzeko. Dagoeneko bi hilabete pasatxo igaro dira: denbora nahikoa dozena erdi proiektu ingururi erreparatzeko, eta gelditu gabe entzunda, hauetaz nazkatzeko, horiek ahazteko, eta haiekin obsesionatzen hasteko.

Bat aukeratzekotan, ezagutu berri dudan Cameron Winter abeslariaren bakarkako estreinako lana: Heavy Metal, zeinak ez duen asko heavy metaletik, ezpada baladatik. Hamar abestien artean, Nausicaä (Love Will Be Revealed)-ek honako filma gogoratzen dit: Nausicaä of the Valley of the Wind (Nausicaä Haizearen Ibarrekoa), nahiz eta abestia Homeroren Odisea-ko Nausicaä feaziarren printzesaz ari den, eta ez filmeko Haizearen Ibarreko Nausicaä printzesaz. Denbora nahikotxo igaro da ikusi nuenetik, tramaz gutxi gogoratzen dut, eta ez da nire asmoa horretaz jardutea.

Behin haizea aipatu dudalarik, ordea, kontutxo bat: kontrako haizea dabilkigu Beizama aldean azken hilabeteotan. Finerge enpresak, Saitec aholkularitza enpresaren bidez, Beizama eta Bidania-Goiatz artean 50 megawatt inguruko eta 229,5 metroko bederatzi haize errotako parke eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu du: bost Urraki inguruan, bat Illaun tontor alboan, bi Illaundik Bidania-Goiatz aldera, eta beste bat Illaundik Urdanpileta auzorako tartean. Eusko Jaurlaritza tramitatzen ari den —eta Saitecek erredaktatu duen— Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialean izendatu dute inguru hori guztia Aukeratutako Kokapen Eremu, zeinean zentral eolikoak eraiki daitezkeen.

Proiektuan, gutxienez 300 metroko distantzia gorde dute, eskerrak, erroten eta gertuen geratzen zaizkien etxebizitzen artean —lauzpabost bat daude halako gertu; gainontzekoak, berriz, baserrietatik 500 metrora geratzen dira gutxi gorabehera. Tira, gertuegi horiek ere—. Beizamako herrigunetik hurrenen geratzen direnak Urraki aldekoak dira, nola ez: bat kilometro erdi pasatxora dago.

Eta zentral eoliko bat aerosorgailuak tente jartzea izango balitz bezala... Bada, ez. Egundoko txikizioa ekarriko luke gure mendietan: zortzi kilometro eta erdiko errepide sarea aurreikusten du proiektuak, "abeltzaintza eta baso ustiategietarako erabiltzen diren lurrak urbanizatuz", Beizamako Udalak salatu gisa; 225 metro koadroko plataforma bana, baita muntaketa eta konponketa lanak egiteko plataformak ere; ebakuazio lineak Lasaoko azpiestazioraino, Elosiaga eta Odria auzoetatik igaroko direnak...

Statkraften Piaspe proiektu eolikoa, Capital Energyren Buruzai, Finergeren Beizama-Bidania-Goiazko —oraindik— izengabe hau... Ez dira eskualdean egin asmo dituzten zentral eolikoak.

Aitziber Sarobe Egiguren egunkari honetako Puntuka zutabean: "Inbertsio handietan eta jarduera intentsiboetan oinarritutako garapen eredua betikotzen dugu. Hauxe da kapitalismoaren inertzia [...]. Baina hori da eredua? Zergatik ez deszentralizatu energia sistema osoa tokian tokiko beharrei erantzungo dieten azpiegitura txikiak sortzeko? Zergatik ez deseskalatu teknologia gure lurraldearen eta biodibertsitatearen mugetara?".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide