Hitzok idazteko inspirazioa brau etorriko zaidalako esperantza. Salbazioa noiz etorriko ote da, dapa. Mirariren bat, ttak? Ea, bada, Love, Death & Robots animaziozko film laburren antologiako hirugarren bolumeneko azken kapituluak, Jibaro-k, du erantzuna.
Gorra izango ez balitz, Jibaro zaldunak basoko txorrotxioa entzungo luke. Zaldiek urrats bakoitzean apatxekin krak zapaltzen dituzten hosto eta adaxkak. Haren eta gudarosteko gainontzekoen armaduren txin-txina. Lakuaren ertzean dir-dir egiten ikusi duen txanpona uretatik atera duenean eskutik irrist egin dioten tantak. Ezta ur artetik agertu den emakumearen garrasia ere. Urrezko larrua du, perlak eta bitxiak zintzilika, zafiro zirrinda ilean, errubiak eta esmeraldak bular aldea apaintzen diote. Gerlariak asaldatu egin dira lehen oihuarekin; lakuaren erdian topatu dute, ur azalean tente. Aho zabalik geratu dira harribitxiduna ikusi dutenean; lilurak, ordea, gutxi iraun die: bigarren oihua barren-barreneraino sartu zaie, eta orduan hasi da aztoramena –bien bitartean, zalduna txanpona behatzen ari da oraindik ere, eta entzumen ezak ematen dion baretasunak babesten duelarik, ez da konturatu triskantzaz, beranduegi izan den arte–. Emaztea dantzan hasi denean, durundi artean, gizonkoteek beren gorputzen jabetza galdu dute bortxaz; dinbi-danba hasi dira mugitzen lakurantz hankak mendera ezinik, eskuak ezpatetara eraman dituzte nahi gabe, eta sast, odola, bor-borka. Ezpatakadekin akabatu ez direnak plunp urperatu dira emakumearengana hurbildu heinean, burdinazko armaduren pisuaz. Urrezko emazteak ez du inoiz ezagutu horrelakorik: zarataren eta ezpata dantzaren artean, zutik dirau Jibarok, tinko, gertatzen ari dena ulertu nahian. Lakukoak ezin dio ezertxo ere egin txanpona lapurtu duenari. Zaldunak ihes egin du zaldi gainean, aho uhalari tiraka zaldiak kasu egin diezaion, nahiz eta eroritako zuhaitz baten enborraren kontra danbatekoa jo duen; ziplo erori da. Esnatu da halako batean, eta ibaiaren alboan, xurru-xurru, hartu du babes. Eguzkia ezkutatu da, eta hiltzera kondenatu ez duen gizon bakarraren atzetik joan da emakumea, zeharo txunditurik; dilindaka dituen bitxiek armadura laztantzen diote zaldunari, xuxurla egiten dute metalaren kontra, eta haren ondoan hartu du lo. Bere onetik atera da zalduna piztia dirdiratsua ikustean, baina hain da ederra, hain da preziatua bere azala... Orduan hasten da hura gorteatzen: emakumea ibaian gora, eta zalduna atzetik segika. Ur jauzi baten ertzean elkartzen dira berriro, haragizko ezpainak eta harribitxi gorrizkoak elkar muxukatzen dute, baina zein ahalguztiduna den zekenkeria... Plaust, burukada eman dio Jibarok, emariak zirri-zarra laztantzen du kolorez betetako gorputza, eta azala apaintzen dioten bitxi guztiez biluzten du lakuko emaztea. Errubiak ez, gorria duen bakarra zaurietatik isurtzen den odola da. Ibaiarekin batera lakuranzko bidea egin du.
Badago halakoetan justizia egin dadila eskatzen duenik. Merezitakoa jaso dezala patuak nahi duen bezala. Karma ere deritzote. Edo, errazago: norberak har dezala mendeku. Bestearen zoriak zorigaiztoa behar badu izan, jainkoa desenkusatu egingo da –behin bada ere–, eta ez da egongo idatzita dagoena ezabatuko eta etorkizun berri bat idatziko duen Deus ex Machina-rik (makinatik jaisten den jainkoa), filmetan-eta gertatzen den bezala.
Errekurtso horrek Antzinako Greziako antzerkian du jatorria: beste erremediorik izan ezean, antzezlanaren trama aldatzeko edo konpontzeko garabi batetik (machina) jainko baten papera zuen aktore bat jaisten zen (deus). Akabo problemak ahalguztidunei esker. Jibaro film laburrean, ordea, ez da agertuko istorioa konpontzeko ahala duen beste pertsonaiarik. Bere horretan dago lakuko emakumea, babesgabe, odoleztatzen. Berak du azken hitza, eta entzunarazi egingo dio Jibarori, kosta ahala kosta.
The Sugarcubes taldeak zera zioen Deus abestian: Deus does not exist/ But if he does, he lives up on me/ In the fattest largest cloud up there/ He’s whiter than white and cleaner than clean/ He wants to reach me (Jainkoa ez da existitzen/ Baina baldin bada, nire gainean bizi da/ Han goiko laino lodi eta handienean/ Zuria baino zuriagoa da eta garbia baino garbiagoa/ Niregana iritsi nahi du). Helduz gero, ondo; bestela, hor konpon: deus ez, makina.