Puntuka

Keep calm eta keep calm

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2024ko aza. 28a, 09:15

Maniki bat denda bateko erakusleihoan. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ez dakit zer den: gauean loa hartu ezin hutsagatik burutik igarotzen diren ideiek induzitzen duten insomnioa, oilo ipurdia jartzen duten hotzak heldu orduko aldatzen ditugun izara goxoek azalaren kontra sentiarazten duten leuntasunak eragindako eldarnioa, edo begiak behingoz itxi eta amesten hasi bezain laster lerdea ahotik jariotzen hasten den unea. Buruak badu pentsatzeko era bat egunez; gauez, berriz, badirudi psikeak arau guztiak hauts ditzakeela, inkontzientziaz jabeturik ohiko arrazoibideek ez dutela zertan bide azkarrenak izan. Orduantxe, dudan betebeharren bat konpontzeko adina inspirazio datorkit burura.

Akordatuko ote naiz. Bai horixe. Nola ahaztuko dut halako zeozer. Behin jaikita apuntatuko dut nonbaiten. Hau ez da izango aurreko aldi guztiak bezala. Honetaz ahaztea ez nioke barkatuko neure buruari. Tira, agian bai merezi duela besoa luzatu eta sakelako telefonoan behintzat oharren bat idazteak. Baina serio, nola ahaztuko dut, ba, halako zeozer. Eta ez banaiz gogoratzen? Hau ez da beste aldiak bezala izango.

Dagoeneko ezagutu beharko nuke neure burua; dagoeneko jakin beharko nuke hurrengo goizean inondik inora ez dudala gogoratuko, hain zuzen, gogoratzea promestu dudan ideia marabilloso hura; dagoeneko neure burua engainatzeari utzi beharko nioke, kontzientzia apur bat berreskuratu eta loa galtzeko arriskua izan ezean, buruaren zokoren batean galduko baitzaizkit burutazio agerikoenak ere.

Ohi bezala, izango dut sobera denbora ahaztu dudana ez bada ere, beste zerbait asmatzeko. Prokastinatzeak emango ote dit hitz hauek nola bete pentsatzeko lain ideia.

[Joan den astea]

Fio naiz etekinen bat atera diezaiokedala nagikeriari, baldin eta egin beharrekoa nahikoa atzeratuz gero, nolabaiteko iradokizunen bat otuko zaidalako esperantzaz. Halako batean ekiteko agindua barrenetan sentitzeraino, zenbaitetan gorputza mugitzeko moduko deia ez den arren. Zer suma egotearena desesperazio bare moduko bat da, egitekoak geroari utzarazten dizuna. Orain nahi al du patuak ni horretan jartzea, edo ba al dut alferkeria gozatsuan jarraitzeko aitzakiarik, zentzugabekeria agerikoenean gotortuta? Hala baldin bada, noiz arte  tematu denboraren kontzientzia galtzen?

Lasaiki egotea dakar egoera horrek guztiak, nahiz eta betebeharraren esku kailuz beteek ez dioten inoiz uzten norberaren pentsamendua urratzeari. Azal latzak laztanetik ere badu, ordea; ez dago ukitu ezagun batek eragiten duen sosegua bezalakorik, bereziki epemugaren ukabilkada oraindik sumatzen ez denean. Laster asko helduko da, uste baino arinago.

Amore eman duenaren itxaropenetik badu, jakinda zeregina muturren parean egongo dela esperoan; etsi duenaren esperantzatik ere badu, jakinda betekizuna xuxurlaka arituko dela belarri alboan; kemenik geratzen ez zaionaren adoretik badu, jakinda obligazioak tinko eutsiko diola bereari.

Eta, gutxien espero dudanean, hara hor beste inspirazio printza. Trankil, oraindik ere egongo da astirik kontu hori atzeratzeko; aski dut gainean eraman ohi dudan koadernoko orriren batean hitz bat apuntatzea, zirriborro bat marraztea, behar duen denbora utz diezaiodan neure buruari beste zirrikituren batetik argi izpiren bat agertzen bada ere. Bakoitza bere unean. Lasai egon eta segi lasai.

[Hiruzpalau eguneko saltoa]

Tartean unerik ez bada, patxadaz itxaron beharko dut epemugaren bezpera heldu arte; hor bai, hor bai bat etorriko direla ideia guztiak, halabeharrez bada ere. Ez dakit nondik etor dakidakeen aldiro-aldiro hala jarduteko abilezia; lerro hauek idatzi aurretik senti nezakeen niganako fidantzia xahutu dut jada, eta seguru nago nahi ala ez galdu beharko dudala lo orduren bat edo beste epemugara esku hutsik ez heltzearren.

Orriztatu nitzake azal gorridun koadernoko hitz guztiak; laneko agendan itsatsirik ditudan auskalo noizko post-itetan idatzi nituenak errepasatu ere bai; logelan hautsa hartzen ari diren eta sailkatzeko dudan orri mordoxka ere berreskura nezake, zer topa ere. Ideien Diogenes izateak ez du ezertarako balio lehenago edo beranduago ideia horiek egikaritzen ez badituzu, eta are gutxiago idatzi zenitueneko uneak gogoratzen ez badituzu. Besteren batean iradokiko didate zerbait, ziur nago.

[Epemuga]

Aitortzen dut heldu diodala nik neuk neure buruari jaurti diodan amuari, beste behin. Ezin hitzeman azken aldia izango denik; oxala halako erraztasunez bete ahal izatea zin egindakoa. Norberari iruzur egitea da hain erraza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide