Bat. Bi. Hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi, bederatzi, hamar...
Clatter, crash, clack / Racket, bang, thump / Ratlle, clang, crack, thud, whack, bam! Fabrikako trakatekoek eldarnioa eragiten zioten Selmari nahi baino gehiagotan. Begiak ixtea nahikoa zuen makinen burrunba melodiatsuetan murgildu eta bere burua irudikatzeko hainbeste gustatzen zitzaizkion musikaletan. Eta eskerrak Cvalda lankidea alboan izaten zuen, harengatik ez balitz zituen eskuak baino gehiago galduko zituzkeelako makinek zanpatuta. Egiaz, Cvaldak begia jota zion Selmari, ikusmena egunez egun lausotzen zion gaitza ezkutatzen saiatu arren, lente gero eta lodiagoek salatu egiten zutelako. Fabrikako txanda amaigabeen ostean herriko zinema aretora laguntzen zion Cvaldak musikalak ikustera, eta belarrira xuxurlatzen zizkion pantailan gertatzen ari zirenak. Tamalez, beranduegi zen Selmarentzat ezer egitea, ondo baino hobeto baitzekien zein zen bere patua: itsu geratuko zen halako batean, eta amaitzear zen atzera kontaketa.
... hogeita hamaika...
Ikusiak nituen irudietan Selmaren betaurrekoak, entzuna nuen Dancer in the Dark (2000) filmaren soinu banda, baina ez nintzen jabetu hura ikusi arte zer esan nahi zuten abesti bateko ondorengo hitzek: I’ve seen it all, there is no more to see (Dena ikusi dut, ez dago ezer gehiago ikusteko). Itsu geratuko zelako ziurtasuna zen Selmak familiarengandik jasotako gauza bakarretakoa; genetikoa zen gaitza, eta bere seme Gene gaztea izanagatik, ezer egin ezean berari gertatuko zitzaiokeen urteen poderioz, amari gertatu bezala. Selmak amore emana zuen aspaldi; ez zion opa, ordea, halakorik Gene kutunari.
... hirurogeita bederatzi...
You just did what you had to do (Egin behar zenuena egin duzu). Fabrikan trakets hutsa bazen ere, Selmak aurreztu beharra zuen semeari begietako ebakuntza ordaintzeko. Agortu arte aritzen zen fabrikan, eta irabazten zuen ia guztia gordetzen zuen plantxatzeko taularen atzean ezkutatzen zuen metalezko kaxatxoan. Eta ez naiz hasiko lerro hauetan film horretan gertatzen den guztia kontatzen, hitzok ez baitira nahikoa bi ordu pasatxotan gertatzen den guztia laburtzeko.
... laurogeita hamahiru...
And there's always someone to catch me (Beti dago norbait ni harrapatzeko). Noraino hel daiteke semea maite duen ama bat? Halabeharrez bete zuen Selmak bere eginbeharra, prezioa edozein izanda ere; begirada lanbrotua zuen arren, argi eta garbi ikusten zuen kosta ahala kosta ordainduta utziko zuela okulistaren ebakuntza. Bost axola berari gertatuko zitzaiona. Eta abestu zuen bezala, harrapatu zuten halako batean. Selmak begi bistan zuen egia, baina nork sinetsiko zion? Bere burua defendatzeko indarrik ez duenari gutxik egingo diote jaramon. Justizia egin zuten, justizia guztiz injustua.
... ehun, ehun eta bat, ehun eta bi, ehun eta hiru, ehun eta lau, ehun eta bost, ehun eta sei...
Atzera kontaketek ematen dute zalantzarako aukera gutxien, zenbaketa auskalo zer zenbakirekin hasita ere, ezin delako burutik kendu uneren batean amaiera helduko dela. Horregatik ematen dute errespetu gehiago kontaketa hutsek. Hasi zerotik eta segi zenbatzen, gelditu ezean hil arte egon zaitezkeelako zenbaki bat bestearen atzetik errezitatzen –eta orduan ere motz geratuko zinateke, mugagabetasuna ez baikenuen asmatu alferrik; hamaika ikusteko jaioak gara, gero...–. Halaber, badaude zenbait kontaketa noiz edo noiz bukatu beharrekoak, hala nahi eta erabaki dugulako, edo hertsadurak eraginda arnasarik gabe geratu garelako. Selmari gertatu bezala.
... ehun eta zazpi pauso.
Oscar sarietako abesti onenerako izendatu zuten I’ve seen it all abestia, eta hantxe agertu zen Björk abeslaria alfonbra gorrian, Marjan Pejoskik diseinatutako zisne formako soinekoarekin. Aldakak, gerria eta bular bat estaltzen zizkioten lumek, eta lepoa inguratzen zion hegaztiaren lepoak. Arrautza handi bat zeraman, harena balitz bezala. Badago greziar mitologian Leda izeneko pertsonaia bat, Espartako erregina bat, zeina Eurotas ibaian zela zisne bihurturiko Zeus Olinpoko jainkoen jainkoak bortxatu zuen. Mitoaren arabera, bi arrautza jarri zituen erditu zenean, eta bina haur jaio ziren horietatik, bi Zeusenak eta bi Tindaro senarrarenak.
Banekien Björkek gorriak ikusi zituela Selma hezurmamitzeko lanetan, banekien #MeToo mugimendua sortu zenean salatu zuela Dancer in the Dark grabatu bitartean Lars von Trier zuzendariak sexualki jazarri zuela. Bidezko konparazioa iruditzen zait Leda eta Björkena, jantziaz zera esan zuen arren abeslariak: "Soineko bat besterik ez da".