Zer den fama txarra, eta zein erraz libra zaitezkeen hartatik. Esan diezaiotela XX. mendeko diseinatzaileen artean izen handiena josi zuenari, izan den azken mundu gerran eskuin muturreko erregimen aleman bateko inteligentzia zerbitzuekin harreman zuzena izanagatik ere, La Marianneren herrialdea askatu ondoren izan ziren epaiketetan errugabe atera zenari. Gerra hasi zenetik hustu zituen Parisko Cambon kaleko Maison de Coutureko erakusleihoak, eta hura amaitu eta hamarkada batera itzuli ziren manikiak, zein tweed artilezko trajeekin eta punta belzdun takoi beixekin jantzi baitzituen. Eta, halaxe, amen batean barkatu zizkioten iraganeko bekatuak sobra ere. Agian, haren izena entzutean ez ditu inork gogoratuko horiek, ezpada honako hitzak: "Etxetik irten aurretik, erantzi ezank zerbait". Zein oker zeunden, Coco Chanel.
Kalera behar den adina eraman behar da, badaezpada ere. Las Bistecs bikoteak kanturen batean zioen bezala: mobila, kartera, tabakoa, giltzak, mobila, kartera, tabakoa giltzak, mobila, kartera, tabakoa, giltzak...
Esaiozu, bada, gudara doan zaldunari esku hutsik joateko; hil edo bizikoa da behar den adina eramatea, jantzi zein osagarri izan, zer gerta ere. Egin nezakeen guztion iruditerian iltzatuta ditugunen zerrenda: magoren batek altzairu goriaz forjatu eta arroka batean trabatuta zegoen ezpata, ahaleginaren ahaleginaz laster errege bihurtuko zenak ateratakoa; guztiak harri eginda uzten zituen izakiaren begirada zuzena saihesteko erdijainko batek erabili zuen brontzezko ezkutu islatzailea, zeinari sugedun burua erantsi baitzioten lepo egin eta gero; zaldun batek, dragoi bati sakrifizio gisa eskaini zioten printzesa heriotza odoltsu bezain basatitik salbatzeko, piztia hura akabatzeko erabili zuen lantza. Kondaira bihurtu dira halako balentriak, inoiz mistika posible izan zen aroen kontakizunak. Eta auskalo guri buruzko zer istoriok biziraungo duen hemendik mende batzuetara. Nor ote heroia? Nor ote munstroa?
Gerrek eta gatazkek gaurdaino iraun dute, eta ez dirudi berehala amaituko direnik; garaiotan, ordea, ez dago gertakaririk azaltzeko mitorik erabiltzerik. Ezpatak, aspaldiko ospeari ezin eutsita, metafora bihurtu dira. Geurean ere bai.
Dolurik bahu/ lagun zaharra/ larrosen azpian/ dakartiat ezpata. Hitz horiekin errukia erakusten dio hurkoari Ekhi Lambert kantari irulegitarrak Ezpata bideoklipean. Tunika beltza azalera lotua duela agertzen da laguna katakonba ilun galduxe batean, eta, haren bila, basoan barna, burdinazko armadura dirdiradun gerlaria. Aurpegia estaltzen dion lorez jositako izakia du atzetik jarraika. Helduko da unea non gerlaria lurpean sartuko den, ia errekonozitu ezin duen laguna topatuko duen, eta orduantxe aterako zaio izaki koloretsuari altzairuzko ezpata petalo artetik; eskuetan hartu, eta kolpe batez erantziko dio harrapatuta zuen jantzi beltza. Salbazioa. Agortuta, biluzik eroriko da, estutzen zuten etsipenetatik askatuta. Uros hintaike/ lagun zaharra/ sutondo batean/ utzirik kemena. Izakiak bere lorategiko lore bat heltzen du zuztarretik, erauzten du bere azaletik, eta eskura ematen dio lagun errukitu berriari.
Tiro egin didaten horien/ bala denak gordeta dauzkat/ Ez legoke gaizki denak urtzea/ ezpata bat egiteko/Ezpata zorrotz bat/ Edozein bala bitan ebakiko luke/ Salbatuko Gintuzke. Mutriku aldean ageri dira Tatxers talde iruindarrekoak Etsaiak agurtzen bideoklipean, ur gazi azpian, ezpatei eragiten. Arerioarekin ezer ezin adostuta, beren burua babestea besterik ez zaie geratu. Xextra hori ez da oraingoa, aurretik kaleratutako Labanak-en ere saiatu baitziren bakea lortzen: Zin dagit hurrengo batean/ Berangana hurbilduko naizela/ Ta ez dakit zer gehio/ Esan dezakedan/ Mina nola banatu/ Hitz egin dezagun/ Nola apurtu/ Labanak nola apurtu/ Bizkarrerantz datozen bakoitzean. Jasotako sastakadek eragindako zauriak orbaindu gabe jarraitzen dute gaur egun ere, eta baliteke hirukotea horregatik murgildu izana itsasoan, zauriak ixteaz gain, oraindik jaurtitzen dizkieten balak urak motel ditzan. Honetan ez dago su etenik/ Nork ez dio beldurra etorkizunari.
Nork behar ditu metalezko ezpatak, horien aldean arma askoz ere gupidagabeagoak baldin badaude mundu honetan? Israel lugorri bihurrarazten ari da Gaza, parean duen guztia bonbardatuz eta palestinarren odola isuriz. Soinean beren bizitza besterik ez dutela utzi ditu bi milioi lagunetik gora, eta hori ebatsi dietenak ere badaude. Israelek 40.000 palestinar baino gehiago hil ditu iazko urriaren 7tik.