Azpeitiko herri txit leial, oso noble, arras dotore, hagitz jantzi, guztiz apaindu, izugarri makillatu, ikaragarri pintatu eta beldurgarri modakoan, ospatzen da "Eleante egune" inauterietan, baina egun hori berez da "attitte ta amaman dotoreziye imitatzeko egune", zeren herri (bailara?) honetan egunero baita eleante egune, bereziki emakumeentzat*, baina baita, gero-eta gehiago, gizonezkoentzat** ere.
Hau kanpoko jendeak ikusarazi zidan, zeren ni, ikusiaren ikusiz, ez bainintzen konturatzen hemengo jantzi-mamaxa zenbaterainokoa zen. Eta gure itxurazaintzaren tamaina neurriz kanpokoa zela, eta gutxigorabehera asuntoaren funtsa dela "herritar bat, fashion victim bat", edo horretaraino iritsiak gaudela kasik. Baina bai: kanpoko jendea oso dago harritua: emakume donostiar batek esan dit oraindik orain ezin sinetsia dela hemengo "itxurakeria" (bere hitza da, eta Donostiatik ari da!); beste batek konparatu du hemengo ile-apaindegi kopurua Donostialdeko herrietakoarekin, eta zenbakiak beldurtzekoak dira; eta abar, eta apar.
Zer egiten dugu horrekin, edo nola hartzen dugu? Nik inoiz pentsatu izan dut hainbesterainoko jantzi/estali/edertu/ apaindu beharrak ez ote duen salatzen jende konplexuduna garela oso; eta hori dena ez ote den estaltzeko jende motza garela, edo barruz eta bizipozez hutsa; hau da: bazter guztietako jendea bezalakoxea, baina areago oraindik. Edo ez ote duen erakusten barruko ondoez haundi bat, edo kanpotik modu nartzizista batean zuritu beharreko belztasun emozional bat. Feminismoaren eskolak esango digu beharbada hori heteropatriarkatuaren zapalketaren ondorioa dela, baina nik ez dakit zer esan, zeren ez baitut gizarte homomatriarkalik ezagutzen, eta ez dakit, beraz, han gauzak nola liratekeen.
Neri apaintze-dotoretze asunto hori oso polita iruditzen zait jolas-moduan, baina ez serio eta benetan eta ia derrigorrean hartuta. Gutxien gustatzen zaidana makillajea da, makillaje lodi egunerokotua, eta hemen adierazi beharra dago zeinen gaizki daramagun gizaki ez-makillatuok gure hurko azal-estalien joera hau; makillajearen funtsa eta sorrera, makillaje lodiarena, nolabait esateko, "efektu bereziak" sortzea zen, gehienbat oholtza edo pantallarako, baina hori orokortzeak eta egunerokotzeak berezi izatea kentzen dio, eta egiten duena da pertsonen artean pareta edo tarte lodi moduko bat jartzea, eta gizaki ez-makillatuoi sentiaraztea maniki baten ondoan gaudela.
Guri iruditzen zaiguna gorabehera, kontua da hau oso antzinatik datorren gauza dela, eta oso zabaldua zegoela euskal herrietan. Mintza bedi hemen bere kastillano dotorean Aita Larramendi jesuita famatua, Corografía de Guipúzcoa liburua, 1750 ingurukoa: "Todos los guipuzcoanos, ellos y ellas, son muy inclinados a andar bien vestidos y no aparecer en las calles, plazas e iglesias ni entre gentes, sino muy limpios y decentes". Eta baserritarrei buruz zehazkiago: "en el monte y en sus caserías retiradas del pueblo… andan… vestidos de cualquier modo oportuno para el trabajo… pero bajando al pueblo a funciones de iglesia, a fiestas… se visten con tal aire y decencia, que puede dudarse si son aquéllos del monte y de las caserías. Y los forasteros que examinasen a las gentes de Guipúzcoa sólo en días de fiesta, dirían que todos eran acomodados, así hombres como hembras, y que no había labradores, ni oficiales, ni pobres".
Euskaldunen jan-edanerako afizioaren ipuinak atzo goizekoa izan behar du, zeren Larramendiren garaian ez zegoen halakorik, eta bai apaintzeko eta dotoretzeko afizio latza, Gaztelan eta abarretan ez bezalakoa: "nunca se ve en Guipúzcoa tanto… arlote… asqueroso y sucio como se encuentra en los pueblos de Castilla y otros reinos". Eta hau dena nola lortzen zen? Ba, gaur gezurra badirudi ere, jan-edanari kenduta: "pero, ¿cómo se hace este milagro en pobres labradoras y caseras? Quitándoselo de la boca y ahorrando cuanto pueden en el comer y beber. Yo sé que en otras partes hombres y mujeres… están más entregados a su vientre y a comer y beber… pero en Guipúzcoa son dados a vestirse y engalanarse, y estiman más que uno les diga: ederqui apaindua zaude, que no el que les diga: oparo barazcaldu dezu".
Emanber hemen lehengo dotoreziaren gustu edo lainezari eustea besterik ez dugula egin. Dena dela, esan beharra dago Larramendi jesuita bailara honetatik ari zela. Andoaindarra zen sortzez, baina Loiolako jesuitategian bizi izan zen luzaz, eta aitatutako hitz horiek Loiolan idatziak daude. Badaezpada.