Puntuka

Gaztetxeak oasi politiko

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre

Azpeitiko Gaztetxearen ikasturte hasierako batzarra. (Azpeitiko Gaztetxea)

Eider Agirrek gaurko Guka egunkariaren Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Batzuentzat Betharrametako futbito txapelketa izango da; besteentzat, Santio aurreko asteko parranda; gurasoren batek, abenduko hotzetik ihes, umeentzako gozagarri den zirkua aipatuko luke; paretetan zintzilikatzen direnek boulder txapelketak izango dituzte gogoan... Gaztetxea gauza asko da aldi berean.

Zerbait desberdina da Gaztetxea; halako anomalia bat kapitalismoaren baitan. Batzuentzat politikaren kabia –gustuko izan ala ez–, besteentzat arratoi zulo; Gaztetxearen inguruko ikuspegi ezberdinak daude herrian, baina ez du inor indiferente uzten. Guk gaztetxoak ginenean izan genuen Gaztetxearen berri. Hasieran jakin-minak bultzatuta, halako egonezin batetik iritsiko ginen hara segur aski. Geneuzkan galderei erantzunak topatu nahian edo, hemen eta han busti gara gaztetatik, espazio alternatibo ezberdinetan; festetan, emakume taldeetan edota Gaztetxean.

Agian, batzuek nahiago lukete kalean ibili bagina, politikak kutsatu gabe, ustezko neutraltasun batean, kontraesanik gabe, galdera gehiegi egin gabe eta gizartearen arau konbentzionalen barruan. Eta egiari zor, gaztetxeak ere ez ditugu idealizatu behar, horietan ere badira hutsune eta zer aldatuak; inor ez da salbu. Gakoa dagoena onartzean ala dagoen hori zalantzan jarri eta gainditzeko pausoak proposatzean datza, eta bigarren horrek, borondatezkoa eta zintzoa izan behar du, gutxien-gutxienik, errespetua merezi duena.

Bertan ikasi dugu errealitateak muturrean jartzen dizkigun oztopo eta kezkei erantzuten, ikasi dugu ardurak kolektiboki hartzen, geure burua formatzen, eztabaidatzen eta auzolanak egiten, asko. Beste parametro moral batzuetan pentsatuko eta jokatuko duen pertsona eredu bat eraikitzen saiatu gara, munduko gerrak edota auzoko bizilagunen egoera bidegabeak bere egiten dituena, arrazionaltasun politikoa muturrera eraman eta lagunez eta ingurukoaz kezkatzen dakiena. Ez da gutxi mundu honetan.

Gaztetxean egon den orok nabari dezake daukan kutsu politikoa. Askotan, uneko eragile politikoen indarren arabera osatu da bertako jarduna, kulturala nahiz politikoa. Gaztetxeak erdi hutsik egon diren garaiak ere bizi izan dira Euskal Herrian, 2010eko hamarkadan kasurako, hain justu nire belaunaldiari politikarako gerturapena tokatu zitzaion garaian. Eta beste garai batzuen kontrara, ez zen egon gaztetxeen koordinadora indartsurik, desalojoen aurkako defentsa antolaturik edota fruituak eman dituen baterajotze nazionalik. Krisiaren seme-alabak izan gara; lehenagotik zetorren ziklo politiko borrokalari baten azken hondarrak bizi izan dituena.

Baina egoera horretan, marxismotik eta haustura politikoaren bidetik eraikitzen hasi ginen geure burua. Eta prozesu honetan, Gaztetxea izan zen gure gotorleku eta eztabaida gune. Bertan hainbat eta hainbat jarduera gauzatu ditugu: formakuntza politikoak, zinema zikloak, kontzertuak, aisialdirako ekintzak, dinamika politikoak... Instituzionalizazio betean zen Ezker Abertzaleak hala nahi izan ez bazuen ere, politika berriro ere kalera eramateko apustu sendoa egin izan da gaztetxeetatik, herrian elementu politizatzaile indartsu bat izatekoa; zertara gindoazen oso ondo jakin gabe agian, baina zalantzarik gabe, bere fruituak eman dituena.

Ez nuke oroitzapen konkretu batekin geratu nahi ibilbide luze honetan, baina oroimen ariketa beti da garrantzitsua bertatik irakaspenak atera nahi badira. Beharbada, gauza askotan ez dugu asmatu izan, eta horri buelta ematera etorriko dira hazi berriak. Baina gaztetxeak gizartean zabalduta dagoen neutraltasun faltsuaren kontra ezinbesteko pieza dira; askatasun indibiduala eta berekoikeria jopuntuan jarri eta askatasuna kolektiboaren baitan kokatzen dutenak; eta diruaren mugetatik kanpo, auzolanetik eta antolakuntzatik bestelako gizarte eredu bat eraikitzea posible dela erakusten duten espazioak.

Belaunaldi guztiei aurretik datorkienaren irakaspen baliagarriak hartu eta aurrera begirako proposamen berriak egitea dagokie; ez nahitaez guztien gusturako. Guri ere tokatu zaigu Gaztetxetik espazio berrietara salto egiterik; eta egun daudenei ematen dizkiegu giltzak, baldintza bakarrarekin: segi dezala Gaztetxeak politikoa izaten; mundu bidegabe honekin konforme den orori traba eragiten; kapitalismoak sortzen duenaren aurka, elkartasunean oinarrituriko eredu bat eraikitzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide