Puntuka

Grebak hezkuntzan, moldeez eta edukiez

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2025ko api. 10a, 09:27

Martxoaren 25ean Bilbon irakasleen lan baldintzen defentsan egindako protesta. (LAB)

Eider Agirrek Guka egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Aspaldian hezkuntza komunitateak zeresana eman du gure herrietan. Hezkuntzako langileek greba egin dute hainbat egunetan urtea hasi denetik, eta haurreskolen nahiz garbitzaileen hitzarmenak sinatu badituzte ere, irakasleon lan baldintzak hobetzera begira, bederatzi greba egun izan dira dagoeneko. Bai, ni ere, irakaslea naiz.

Ikasketek eta lan merkatuko aukerek sektore horretara eraman naute, lehen noizbait egon nintzen lekura, beste paper batean bazen ere. Esan gabe doa asko aldatu dela hezkuntzaren nolakotasuna urte gutxian. Ikasle bakoitzak dauka bere Chroomebooka, lanak Classroom bidez egiten dira, eta orain, azterketak egin beharrean, ebidentziak jasotzen dira. Badirudi digitalizazioaren munduan erabat integratu dela hezkuntza prozesua, eta jakintza kritikoa eskuratzea baino, ikaslearen irteera profil ideala gehiago da hainbat egoeratara moldagarria izatea, lan merkatuak hala eskatzen baitu gaur.

Egia esan, inpaktua sortzen du nire garaitik gauzak zenbat aldatu diren ikusteak; hori da lan mundu honetan sartu eta arreta piztu zidana. Eta frogarik ez badaukat ere, digitalizazioaren munduak, nago, ez diela (digula) mesede handirik egiten gure ikasleei jakintza eta pentsamendua garatzeko orduan: gaur egun, Interneten dago erantzuna, ez daukazu liburuan dagoen testutzarra irakurri beharrik, ez argudio bat pentsatu eta idatzi beharrik, galderak ere hor daude. ChatGPT erabiltzen dakienak, abilezia hori daukanak, aurrera egiteko baldintzak ditu.

Ikasleen profilari dagokionez, berriz, mota guztietakoak daudela esango nuke. Globalizazioaren munduak ekarri duen homogeneizazioak ikasleak zaletasun eta pentsamolde berdintsuetara desplazatzen baditu ere, ikaslez ikasle, bakoitzak dituen ezinegon eta kezkak oso norberarenak dira. Ez gara makinekin ari lanean! Delikatua den zerbait da, eta irakasleok, gure jakintzagaiak irakastetik aparte, beren bizitzaren prozesuan bidelagun ere izan beharko ginateke, arazoak eta erronkak konpontzen lagunduz, behar dutenetan hitz egiteko tartea hartuz edota, gutxienez, begietara begiratuz eta beren kezkak adituz.

Baina natorren berriro hasierara. Grebak deitu dira bederatzi egunez EAEko ikastetxe publikoetan: erosahalmena berreskuratzeko, jubilaziorako baldintzak hobetzeko, enplegu publikoa egonkortzeko... finean, irakasleon lan baldintzak galdegiten dira. Neure barrutik ez dira hezkuntzarako irtengo litzaizkidakeen lehen aldarriak. Esan bezela, irakasleok irakasteko eta ikasleak arretaz artatzeko baldintzak nahi nituzke nik, lehen-lehenik, behintzat. Agian mundu honetan ibilbide motza daukadalako da, beste lan sektore batzuetatik natorrelako, baina uste dut hezkuntzan baditugula arazo handiagoak gure lan baldintzak baino.

Horretaz aparte, historia liburuetatik ikasi dugu grebek langile borrokaren inflexio puntu izan behar dutela, borrokatzen den horren helmuga, kasik. Momentu horrek erakusten du langileek zenbaterainoko garrantzia daukaten lan prozesuan, eta zenbat emateko prest dauden. Baina, era berean, grebarako arrazoiek pisuzkoak izan behar dute, langileek soldatari uko egiterainokoa. Are gehiago, hezkuntza prozesuan inplikatu bakarrak ez badira langileak: selektibitaterako prestatzen ari diren ikasleak, hezkuntzan aurrera egiteko zailtasunak dituzten ikasleak... Gatazka honek jende asko zipriztintzen du, eta greba egiteak inplikazio handiak ditu, gure soldatetatik haratago. 

Eta berriro ere etorriko dira grebak, aldarriak, mahai negoziatzaileak, terminoen arteko borrokak... Honezkero konturatuko zineten, baina ez naiz zeharo identifikatua sentitzen borroka honekin; ez moduengatik, ezta eskatzen diren aldarrikapenengatik ere. Grebarako arrazoiak badaude: pantailen inposizioa, burokrazia lanak, ikasleak artatzeko baliabide falta eta abar luze bat, zinez luzea. Egun hauetan ikusiko da sindikatuek zer sinatzen duten Jaurlaritzarekin, ea soldatararen ingoerarik dagoen, ea lehen belaunaldikoek jubilazio goxoagoa izango duten (eta hala opa diet), baina garbi dagoena da, hezkuntzaren kalitatearen gainbeherak bere horretan jarraituko duela. Sinatzen dena sinatzen dela, benetako arazoez hitz egiteko lekua egin beharko liguke gatazka honek, eta ez gure kontzientziak baretzeko motibo izan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide