Puntuka

Bost urte koronabirusetik

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2025ko mar. 13a, 09:29

Azpeitiko plaza, konfinamenduan. (Alex Berasategi)

Eider Agirrek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Pertsona hobeak irten gara. Pertsona hobeak irten gara? Bost urte beteko dira aste honetan Espainiako Estatuak alarma egoera ezarri eta herrialde osorako konfinamendua agindu zuenetik. Ordutik, zenbat bizipen izan ditudan ezin zerrenda nitzake ondorengo lerrootan; egiari zor, memoriak ere ez dit laguntzen hemeroteka guztia ekartzen, baina adar batetik ez bada bestetik, saia nadin bost urte hauen gertakari politiko zenbaiten irakurketa egiten.

Guretzat 2020ko martxoaren 15ean hasten da istorioa –'historia baino'–; egun batetik bestera. Pedro Sanchezek alarma egoera ezarri, eta munduak bira egiteari utzi izan balio bezala, denok etxean sartu gintuzten. Lehen egunetako noraez eta ezin ulertuek gutxi iraun zuten; izan ere, politikarien soldatapeko prentsa desinformatzaileak salbatu gintuen egoera hartatik: COVID-19a Txinatik zetorren, "guztion artean" gaindituko genuen egoera hura eta etxetik ateratzea edo egoeraren salaketa egitea arduragabekeriaren sinonimo ziren. 

Konturatzerako, pertsonon oinarrizko eskubide eta askatasun politikoak deuseztatu zizkiguten egun batetik bestera: etxeetan giltzapetu gintuzten gaixotasunaren informazio ganorazkorik eman gabe, prozedura sanitario eta legalen inguruan txintik esan gabe, elkartzeko eta mugitzeko eskubiderik gabe, baina hori bai, lanera joatera behartuta. Garbi geratu zen momentu hartan ez ekonomia mundiala, ez baliabide sanitarioak, ez eta gizarte modernoa, ez zeudela prest halako eskalako egoera bati aurre egiteko. Birus batek ordena sozial eta sistema sanitario osoa zalantzan jarri zituen, aste batzuen buruan.

Milaka hildako zeuden egunero-egunero munduan, eta momentu ona izan zitekeen munduko osasun baliabide guztiak sozializatzeko eta bizitzen ari ginen basakeriari beharrezko erantzunak jartzeko... baina ez. Burgesiaren alderdiek kudeatu zuten osasun publikoa, alde politiko guztiek, salbuespenik gabe, halaxe eskatuta, beste behin, ikuspegi sanitario batetik baino, ikuspegi ekonomikotik begiratuta. Ezkerreko alderdiengandik zerbait espero bazitekeen ere, horiek izan ziren neurririk gogorrenak txalotu eta horiek areagotzea eskatu zutenak. Birusaren pertsonifikazioa ere bizi izan genuen: birusa akabatu behar zen, haren aurka egin; eta horretarako, jendea giltzapetu, jendea zigortu. Krisi sanitarioari, aterabide poliziala.

Soilik agintari politikoek hitz egin zezaketen testuinguru hartan hainbat arrisku zeuden: batetik, langile klasearen errepresentazio eta antolakuntza ezak umezurtz uzten zituen sektore horren interesak eta beharrak; kalitatezko osasungintzarik gabe, soldatapeko lanera joatera behartuta edo oinarrizko eskubiderik gabe, hala nola mugitzeko askatasunik gabe. Bestetik, burgesiak bere ofentsiba ekonomikoan eta politikoan sakontzeko itzelezko aukera zeukan eskuetan: diziplinamendurako baldintzak emanda, kontrol sozialaren justifikazioa, informatzeko esklusibitatea edota antolakuntza independentearen debekua. 

Gogoan dut nola saiatu ginen gu bizi genuen egoerari argi pixka bat jartzen: GKSk kanpaina politiko bat jarri zuen martxan; guztiontzako osasuna, gertatzen ari zenarekiko egia edota oinarrizko eskubide kolekibo eta indibidualak aldarrikatuz, besteak beste. Orduko Krisiaren Seme Alabok ere orduan jarri genuen gaur-gaurkoz martxan den Oinarrizko Produktu eta Elikagaien Biltegia. Zorotzat hartuko gintuzten orduan zenbaitek, zentzuzkoena etxean geratzea zelakoan, eta agintariek esaten zigutenari kasu egitea. Aitzitik, aldarrikapenei bost urteko perspektibarekin begiratuta, esango nuke denborak gauzak bere lekuan jarri dituela, eta ez genbiltzala horren kamuts.

Etorri ziren bideo-deiak, osasun langileei txaloak, etxeko kirol saioak, errezeta berriak, baina oharkabean pasatu ziren osasun mentalari lotutako gazteen arazoak, janaririk gabe geratu ziren famila zaurgarriak, osasun baliabiderik gabe geratu zirenak, lanera kutsatzera joatera behartu zituztenak... Pandemiak aurrera egin ahala, gazteak kriminalizatzeko saiakerak ere hainbat izan ziren: deseskalada horretan, tabernara irten zintezkeen kafe bat hartzera, baina ezin zenezakeen lagunekin paseo bat eman. Gogoan dut nola tabernetan ere izugarrizko jendetzak pilatzen ginen bitartean, aire zabalean jende berbera elkartzea ekintza gaitzesgarri bilakatu zen. Gizartea ez hanka ez bururik zeukaten ekintzak justifikatzera igaro zen hilabete gutxian, gazteak kolpatu eta zigortzea bera txalotzeraino. Gehiago ere luza gintezke, baina tira.

Askotan pentsatzen dut, memoria gehiago izango bagenu, zorrotzago jokatuko genukeela, tentu handiagoz gauzatuko genituzkeela gure ekintzak. Bost urte pasatu dira: bost urte eta milioika hildako, mundu osoko biztanleriaren pobretze handia, enpresa pribatu askoren inoizko irabazi handienak, agintari politikoen gezur eta manipulazioak, sektore kolpatuenen kriminalizazioa, kontrol soziala eta poliziaren areagotzea. Pandemia ez da birusa, pandemia agintari politikoak eta beren interes kapitalistak dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide