Gogoan dut nola astindu zuen 2010ean Haitiko lurraldea Richter eskalan zazpi puntuko lurrikara batek. 200.000 pertsona hil ziren, eta bi milioi desplazatu eragin zituen ezbeharrak. Mendebaldeko gizartera iritsi zen albiste ilun hark, askoren bihotzak uzkurtu zituen, naturaren aurrean gizakiak erakusten duen ezintasuna sinbolizatuko balu bezala. Izan ere, Haiti, natura baliabideetan lurralde aberatsa izanagatik, Amerikako herrialderik pobreenetarikoa da –pobreena ez bada–; eta lurrikarak halako ondorioak izatea eta bertako aberastasun ekonomikoa erabat lotuta zeuden.
Egunotan, berriz, Valentzia eta inguruak astindu dituen Dana izeneko fenomeno metereologikoak hartu ditu albistegiak. Ez dira nolanahikoak izan kasu honetan ere ondorioak: gutxienez 240 hildako daude, eta desagertuen bila dabiltza gau eta egun erreskate zerbitzuetako langileak. Inoiz izan den hondamendi naturalik handiena jasan dute Espainiako zenbait lurraldetako bizilagunek. Irudiak oso gogorrak dira, eta buelta nekez emango zaiola dirudi naturak txikitu dituen hainbat eta hainbat eraikinetan eta herritan. Hildakoak, desagertuak, edozein txokotan inkomunikatuta geratu direnak... deskribatzea kostatu egiten den irudiz bete dira sareak.
Agentzia metereologikoek abisatu zuten egoeraren larritasunaz, baina inor gutxik esperoko zuen halakorik. Politikariak ere ezin azkarrago ibili dira doluak eta diruak eskaintzeko orduan, baina egoerari aurrerik ez zioten hartu; beharbada, bizitza batzuk salbatu eta ondorioak murriztu zitzaketen. Eta gaitzak erdiak direla esan dezakegu garatutako herrialde batean bizi direlako ezbeharra jasan dutenak: osasun baliabideak, azpiegiturenak, ekonomia baliabideak... askotarikoa da egun batetik bestera jaso ahal izango duten laguntza, eta asko dira horrela salba ditzaketen bizitzak.
Badira, hala ere, begitik sartzen ez zaizkidan zenbait hitz halako egoeretan. Ezbeharrak "gertatu beharko ez luketenak" dira; baina gertatzen direnak, saihetsezinak balira bezala. Desastre naturalek ere naturak eragindako ondorio latzei egiten die erreferentzia, natura izanik horren eragile, horiek ere kontrolatu ezin bagenitu bezala. Fenomenoei beraiei bagagozkie, esango nuke gizakiak ezin duela, neurri esanguratsu batean behintzat, halakorik saihestu edo manipulatu; adierazgarria da nola naturaren adierazpen hauen aurrean kikiltzen garen gizakiok.
Baina fenomenooi "natural" deitzea tranpatia dela deritzot, eta hemen sartzen da gizakiok horrelakoetan daukagun zeresana. Valentziaren kasuan, politikariek ezbeharra kudeatzeko aukera izan zuten, jendeari etxean geratzeko esanez, adibidez, lehen-lehenik. Baina ekoizpena geratzea baino nahiago izan zuten langileak errepideetara, lantegietara, bidaliz arriskuan jarri. Bi aukera garbi baitzeuden guztiok eskuak burura eraman aurretik: langileen ongizatea edo enpresarien etekina. Askoren buruetan egongo zen lanera joan eta bizitza arriskatzea edo lanera joan gabe lana bera arriskatzea: nork babesten ditu langile horiek? Nori axola izan dio errepidean hil diren langile guztien bizitzak?
Kapitalistek normaltasunera itzuli nahi izaten dute berehala: diru galerak kontabilizatu, ziklo ekonomikoa berrabiarazteko laguntzak jaso eta guztia martxan berrezarri. Normaltasuna pertsonek ekoizten duten etekinaren arabera neurtzen den normaltasuna da gaur. Bizitza galdu dutenen senideek, gertukoenen dolua eta gobernuak emandako miseria izango dituzte, eta horrekin itzuli beharko dute normaltasunera.
Diruari begira bizi direnek egingo dutenaz ezer gutxi espero daiteke jadanik. Are larriagoa deritzot, ordea, politikariek izandako papera. Bertako bizilagunek salatu duten moduan, ondorioak hasieratik murriztu ez, eta gainera, beharrezkoa zuten laguntzak egunak iraun ditu iristen; laguntzak herri langilearengandik iritsi behar izan du. Lotsaren irudia eman dute errege-erreginek eta Gobernuko presidenteak, beren etorrerak laguntzak atzeratzea besterik ez baitu ekarri; aurpegi garbiketa izatetik urrun, instituzio politikoen kudeaketa negargarria agerian geratu da.
Krisiek erakutsi ohi dituzte benetako egiak. Hildakoen kopurua handiagoa ez bada izan, langileriak klase elkartasunez jokatu duelako izan da: auzolanak antolatu dira janaria birbanatzeko, eraikinetatik ura ateratzeko, adinekoak egoera seguruan uzteko, errepideetatik jendea salbatzeko, desagertuak bilatzeko, gorpuak gutxieneko duintasun batekin kudeatzeko... Ikusteko dago oraindik herritarrek beren bizkarrean zenbat hildako jaso beharko dituzten, baina politika instituzionalaren legitimitatea gainbehera nabarmenean da. Ezer gutxi espero daiteke jadanik politikari profesionalen eta enpresariengandik, beste behin erakutsi dute zenbat axola dieten pertsonen bizitzek.