Puntuka

Existitzen dena kontatu ala ez

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2024ko urr. 10a, 08:55

Kilometroetan izandako erasoa salatzeko Itaiak deitutako elkarretaratzea. (Guka)

Eider Agirrek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskal Herriak eta bertako mugimendu sozialek maiz jardun behar izan dute kontraboteretik. Beti borrokatu behar izan da plaza handian leku txiki bat irabazteko, ahots zapalduak entzuteko. Askotan, ahots hori hain izan da txikia, denik ere ez dela antzeman. Baina pazientziaz eta jardunda, lortu izan da korrontearen aurka mugimenduon borrokak eta kausak entzunak izaterik.

Hausnarketa horri tiraka, ulertzen dut herri mugimendu ezberdinetatik atera izan den kontatzen ez dena ez da leloa; askotan, komunikabide txikiei-edo lotua. Izan ere, egia eta errealitatea askotan ez baitatoz bat. Gauzak gertatu bai, baina haiek salatzeko gaitasunik ez izateak gauzak oharkabean pasatzea ekartzen baitu, gertatu ez balira bezala.

Pasa den igandeko gertakari batek eta hark eragin duenak ekarri nau nire hausnarketa hau elkarbanatzera. Kilometroak izan dira gure herrian, eta herria jendez lepo egon zen egun hartan. Tabernak ere, astelehen bezpera izanagatik, festarako egon ziren, egunean zehar behintzat. Bada, testuinguru horretan, dirudienez, gizon batek adin txikiko emakume batzuk grabatu zituen bere sakelako telefonoarekin. Neskek, ordea, gizonari zertan ari zen antzeman eta aurre egin zioten, eskuko telefonoa begiratzera behartuz eta irudiak erakustera derrigortuz.

Neskek egoera salatzearekin batera, jakin ahal izan da gizona lehenagotik ere beste zenbait tabernatan gauza bera egiten ibili izan zela, emakumeak grabatzen, lasai ederrean. Egia esan, ez neukan aurrekari horien berririk, baina hori entzuteak, lehenaz gain, are haserreago jarri ninduen. Oharkabean pasatu dira, dirudienez, aurretik gertatu direnak. Askok, agian ezikusiarena egiten dute horrelakoetan, beste aldera begiratu; besteek, ingurukoak babestu eta jarrera mozten saiatu, egoera gehiagora joan ez dadin. Eta, noski, ez naiz ni inor jendeak zer egin beharko lukeen esateko, are gutxiago, halako tentsio egoeren aurrean eta norberaren integritatea zalantzan jar daitekeenetan.

Baina jakitun izan beharko ginateke "kontatzen ez dena, ez dela", alegia, igandean neskek erasoa salatu ezean, egoerak bere horretan jarraituko zuela. Indarkeria matxistaren halako adierazpenak alboratzeak emakumeekiko indarkeria normalizatzen du, eta gainera, kasu honetan, emakumeon sexualizazioan sakondu ere bai.

Indarkeria matxistaren aurpegiak azaleratzen gabiltzanok, kezkaz bizi dugu alderdi eta sektore erreakzionarioetatik indarkeria matxista existitzen ez dela entzutea. Arinkeriaz hartzen dira gertakariak, zerbait isolatu modura, eta emakumeekiko ematen den jazarpenaren zergatiei ez zaie erantzunik bilatzen; edo erantzuleak behar ez diren lekuetan bilatzen dira.

Aldiz, gure herrietan kamera gehiago, polizia gehiago, baliabide gehiago egoteak halakoak saihesten lagunduko omen du. Bada, arazoa errokoa dela nabarmena da: gizarte estereotipoak geroz eta errotuago daude gazteengan, pornografia geroz eta gehiago kontsumitzen da, ideologia matxista geroz eta zabalduago dago. Alderdi erreakzionarioek, poliziak, kameretatik begiratzean ikusten ez dituzten gauzak dira, ordea, kontatzen ez direnak, existitzen ez direnak.

Ez gaitezen engaina, emakumeok ez gara gizarte seguru batean bizi, biolentziaz inguratuta dago gure errealitatea, frustrazioz, inpotentziaz, eta, gainera, askotan onartu egiten dugu. Oraingoan, hala ere, erasoa jasan zutenek egoera hori moztu eta salatu egin dute, edo beste era batera esanda, "existitzen dena kontatu" egin dute, eta eskerrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide