Urtaroen eta borroken amaierak

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2024ko ira. 12a, 10:19

Zestoako Gaztetxearen desalojo eguna. (Maialen Etxaniz)

Eider Agirrek Guka egunkariko Puntuka atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Eskolan ikasi genuen nola funtzionatzen zuten urtaroek: imajinatu Lurra eguzkiaren bueltan dagoen pilota bat dela; eta albo batera zertxobait inklinatuta dagoela. Inklinazio txiki hori dela eta, Lurra batzuetan eguzkitik gertuago egoten da, eta besteetan, urrunago. Eguzkiarekiko daukan distantzia aldakor horrek urtaroak egotea eragiten du, lau hain zuzen. Udan, eguzkia gertu daukagunean, egunak luzeagoak dira eta bero handiagoa egiten du. Aldiz, eguzkiarekiko distantzia handitzeak udazkena iristea eragiten du, eguraldia kaskartuz; hostoak zuhaitzetik erortzeak ondo sinbolizatzen duen moduan.

Gerora ikasi nuen, urtaroak azalpen zientifikoak emateko ederki daudela, baina uda, benetako uda, Xanjuandeiko festekin hasten dela eta Zestoakoekin bukatzen. Eta halaxe da oraindik gazte garenontzat behintzat. Eguraldiarekin ezin gaitezkeenez fida, Zestoako festek markatzen dute muga, askorentzat lanerako itzulera ere izan ohi dena.

Zestoako festen amaierekin batera, esan dezagun, udari amaiera ez ezik, herrian azken bi urteetan pil-pilean egon den gatazka bati ere amaiera eman zaiola. Izan ere, herriko gazte asanbladak gaztetxe berri bat lortu baitu festen bezperan. Ez dakienarentzat: duela bi urte, herriko udalak proposatuta, gaztetxe zaharraren alternatiba bati bueltaka hasi ziren gazte asanblada eta udala. Negoziazio luze batzuen ondoren, gazte asanbladak elizaren jabetzekoa zen -urte luzez hutsik zegoena- espazio bat okupatu zuen; bide horretan, udalak elizarekin eraikinaren salerosketa negoziatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina denbora aurrera joan ahala, bi aldeek ez dute negoziazio horiek aurrera eramateko konpromisorik erakutsi eta bidea agortuta geratu da, gazte asanbladako bi kideren aurkako milaka euroko zigorrarekin eta desalojo arriskuan.

Joan den uztailerako zegoen desalojo agindua deituta auzitegitik, baina Euskal Herriko gazte asanblada eta gaztetxeetatik antolatu zen babesari esker, Zestoak zentroko gaztetxearekin aurrera jarraitu ahal izan zuen; eta gainera, egindako borrokari esker, udalarekin negoziazioak berrartu, eta beste alternatiba baten inguruan hitz egitera eseri ziren. Orain, iraila esnatu denean, Zestoak gaztetxe berri bat izateko konpromisoa hartu dute bi aldeek, eta hilabete gutxiren buruan, gaztetxe zaharrak zeuzkan gabezia estrukturalei erantzungo dien espazio bat izango dute herriko gazteek.

Horrela, azkar kontatuta, badirudi azkar batean igaro den prozesu bat izan dela; baina herriko gazteei galdetuz gero, ez dute, inondik inora ere, horrelakorik esango. Bi urte igaro dira prozesua hasi zenetik, eta bidea arantzaz josita egon da. Izan ere, okupazioaren ondoren, soilik gazte asanbladak eman ditu pauso errealak auziari konponbidea emateko, eta ordainetan, bere borrokarekiko gaitzespenak, desitxuraketak eta gezurrak jaso ditu, gazteekiko sortu ahal izan diren aurreiritzi eta kriminalizazioak ere bai. Eta denok dakigu herri txikietan halako gatazkek daukaten pisua ez dela nolanahikoa, ertz asko dituela; eta gatazka politiko direnak, eremu pertsonalean ere eragiten dutela.

Hain zuzen, gaurkoan horixe bera jarri nahiko nuke balioan. Uda bukatzearekin batera, borroka ziklo hau ere bukatu dela dirudi, baina udako egunak luzeak diren bezala, prozesu hau ere luzea izan da, eta gaur Zestoak ez luke bere beharrei erantzuten dien gaztetxerik izango bertako gazteen determinazioa eta konbentzimenduagatik ez balitz. Esan gabe doa, trukean ezer jasotzeko esperantzarik gabe eta mundu eta herri hobe bat egin nahian egindako borroka izan dela; are gehiago, bueltan milaka euroko zigorrei aurre egin behar.

Historia iraultzailearen liburuan oraindik gure kapitulua idaztetik urrun egon arren, gaztetxeen ibilibide historikoan, behintzat, Zestoakoak bere aztarnatxoa utzi du, eta borrokan dauden Zornotzako, Burlatako, Lizarrako edota beste edozein txokotako gaztetxeei argi-izpi bat erakutsi die beren bidean. Bejondeizuela gazteok, borrokak merezi du!

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide