Imajinatzen al duzue Zestoa Gaztetxerik gabe? Bertako hitzaldi, egitasmo, kontzertu eta bestelako ekintzarik gabe? Bada, aizue, badirudi batzuei ez zaiela asko axola egoera horretara heltzea. Izan ere, datorren urteetarako, Zestoako Udalak gaur egun Gaztetxea dagoen lekurako proiektu desberdinak planteatzen ditu, Gazte Asanbladako kideak espaziorik gabe utziz, noski. Hori horrela izanik, eta Gaztetxea husteko arriskua bertan egonda, Gazte Asanbladako kideek argi zuten horri irtenbidea bilatzea beharrezkoa zela. Horren aurrean, Zestoako Udalak proposatu zien Zestoako Gazte Asanbladako kideei bertatik mugitzea. Horren ondoren, jada badira pare bat urte, Zestoako Gazte Asanbladak Gaztetxea Zentrora dinamika jarri zuen martxan egoerari irtenbide bat eman eta beste espazio bat exijitzeko.
Bide horretan, Elizaren eraikinaren negoziazioa martxan jartzeko aukera mahaigaineratu zen. Horrela, Zestoako Udala eta Eliza negoziatzen hasi ziren, baina eskaera argirik ez zegoen, ezta benetako borondaterik ere, negoziazio horiek luzatuz eta luzatuz joan ziren, ezer ixten hasi ere egin gabe. Hortik pixka batera, Gazte Asanbladak berak lortu zuen negoziazio mahai horretan parte hartzea. Uda heltzearekin batera, ordea, egoera blokeatuta zegoen. Ia bi urteren ondoren, nahiz eta Gaztetxeko kideen presioaren bidez aurrerapauso batzuk eman, prozesua luzatzeko aukeraren aurrean aurkitzen ziren. Ondorioz, negoziazio mahai hori azkartzeko eta behingoz Gaztetxearen arazoari konponbidea jartzeko, Zestoako Gazte Asanbladako kideek eraikinean sartzea beste aukerarik ez dute izan. Momentu honetako panorama honako hau da: sei pertsona identifikatuta, salaketa bat eta desalojo arriskua alde batean; eta, udalaren nahiz Elizaren pasibotasuna bestean.
Argi dago, auzi honetan guztian udalaren partetik borondate falta argia egon dela. Itxurazko borondate bat erakutsi badute ere, ez baitute benetan negoziazio mahai horretan ezer seriorik planteatu, eta, gainera, une oro prozesua luzatzeko joera izan dute. Alferrik dira hitz ederrak, ez badago horiei lagunduko dien ekintzarik. Udalak benetan proiektua babestuko balu, bere bitarteko guztiak erabiliko lituzke Gaztetxe berri baten alde. Kontrara, beren jarrera ez da hori izan, eta, beraz, Gaztetxearen proiektuari ez zaio babes errealik eman. Zestoa Gaztetxerik gabe eta herriko gazteak antolatzeko espaziorik gabe egotera kondenatzen ari dira.
Lokala Elizarena dela eta, udalak ezin omen du gauza handirik egin. Baina nor ari zaio Elizari jokoa jarraitzen? Eta nor ari da prozesua luzatzen? Nor ez da ari Gaztetxeari irtenbidea bilatzen? Borondate gutxi aurreikus genezake milioika euro dituen Elizaren partetik, gazte batzuek antolatzeko espaziorik ez izatea nahi dutela argi baitago. Nahiago dute espazio hori goitik behera pixkanaka-pixkanaka erortzea (eskualdean bertan Elizak dituen beste dozenaka jabetzarekin gertatzen den bezala), bertan Gaztetxea jartzea baino. Eta bitartean, Zestoako Udala Elizaren (historian izan den agente odoltsuenaren eta atzerakoienaren) atzean ezkutatzen saiatzen ari da, negoziazio horretan beraiek ezer egiteko aukerarik ez balute bezala; borondate erreal faltaren erakusle.
Beraz, egoera larria da. Zestoa Gaztetxerik gabe egoteko arriskuan dago; erraz esaten da. Gazteak aktibatzeko eta antolatzeko espaziorik gabe geldituko dira, urteetan zehar herrian egin diren dozenaka egitasmo eta aisialdi ekintzarik gabe. Geroz eta indibidualistagoa den gizarte honetan, ezinbestekoak ditugu hausnartzeko, eztabaidatzeko eta kolektiboki antolatzeko espazioak.
Ez dira promesak behar, ez dira hitz politak behar: konpromisoa eta ekintzak behar dira. Zestoa Gaztetxerik gabe ez gelditzeko, beharrezkoa da udalak ustezko borondate hori erakustea eta dituzten bitarteko guzti-guztiak Gaztetxe berri bat bermatzera bideratzea.
Bitartean, jarrai dezatela Zestoako gazteek modu antolatuan beren espazioak defendatzen eta gazteak aktibatzen. Zestoako Gaztetxea bermatu!