Nerea eta Andoniren Oroimenezko V. Pala Txapelketa jokatuko dute larunbatean Getariako pilotalekuan. Hamabi bikote misto ariko dira txapela eskuratzeko lehian, baina garaipena lortzeaz harago, bestelako helburu bat izango dute jokalariek zein ikusleek: 2021ean zendu ziren bi lagunen, Nerearen eta Andoniren, memoria bizirik mantentzea. Bosgarren urtemugaren harira, Eman palaz pilotari, eta bostekoa laguntasunari leloa jarri diote aurtengo aldiari.
Aitor Irigoien txapelketako antolatzaileetako batek azaldu duen moduan, 10:00etan hasiko dituzte partidak, eta finala 13:30 aldera amaitzea aurreikusi dute. Kanporaketa bidezko txapelketa izango da; hau da, partidak irabazi ahala aurrera egiten joango dira bikoteak, eta galtzen dutenak kanpoan geratuko dira. Horrenbestez, final zortzirenak, final laurdenak, finalerdiak eta finala kontuan izanik, 11 partidek osatuko dute txapelketa.
Ordea, hitzordua ez da azken neurketa horiekin amaituko. Sari banaketa ekitaldia egingo dute jarraian, eta irabazleek Itxaspe tabernako patata tortilla eta Kabian Take Away jatetxeak emandako bi lagunentzako afaria eskuratuko dituzte. Halaber, Nerea eta Andoni zirenen familiei aitortza ere egingo diete, txapelketa hau antolatzen hasi ziren unetik egin duten moduan. Ondoren, bertan bildu diren guztientzat hamaiketakoa egongo dute aurreratu du antolatzaileak. Berdura Plazan izango da hori, hain justu ere.
Bikote berriak
Irigoienek gogoratu duen moduan, txapelketa honetan hamasei bikoteko muga dute jarrita, eta aurten hamabi izango dira. Edizio bakoitzean parte hartzaileen kopurua aldatzen joan da, batzuetan gehiago izan dira eta beste batzuetan gutxiago, baina beti hamabi bikoteren bueltan itxi dute zerrenda. Horren aurrean, balorazio positiboa egin du antolakuntzako kideak: "Aurten ere helburua bete dugu, eta oso pozik gaude".
Parte hartuko duten hamabi bikote horietako batzuk "urtero" jokatzen duten bikoteak direla ere gehitu du, baina azaldu du hiruzpalau bikote badaudela lehen aldiz jokatuko dutenak. "Oso pozgarria da guretzat jende berria animatzea txapelketara". Urtero gertatu ohi den moduan, jokalarien gehiengoa getariarra da aurten ere, baina badira inguruko herrietakoak ere.
Hori horrela izanik, Irigoienek eskerrak eman nahi izan dizkie era batera edo bestera txapelketa antolatzen lagundu dutenei; hala nola Getariako Udala, Indaux-eko langileak, Itxaspe taberna, Txikota ikus-entzunezkoak, Kabian Take Away, Muga eta Getariako Keta aipatu ditu.