XIV. Floren Memoriala futbito txapelketako azken partidak jokatu zituzten atzo arratsaldean Getariako kiroldegian. Eguerdi partean euria egin zuenez, norgehiagokak herriko pilotalekutik kiroldegira lekualdatzea erabaki zuen antolakuntzak.
Kopako Finala jokatu zuten lehendabizi. Garoa taldeak 7 eta 6 irabazi zion Kasu taldeari. Ligako hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida izan zen ondoren, eta Itxas Etxek irabazi zuen, 4 eta 1, Marukaren aurka.
Ligako finala izan zen jokatu zuten azkena, eta denboraldiko bi talderik indartsuenak aritu ziren garaipenaren bila: Mayflower eta Astillero. Astillerok 2 eta 1 irabazi zuen partida, Ligako txapeldun bihurtuz. Halaber, txapelketako jokalari onena Oier Bordagarai izan zen.