Zahartzaroari Omenaldia eguna ospatuko dute igandean Getarian

Julene Sorarrain 2026ko ekainaren 2a

Hainbat musikari duela hiru urteko omenaldian. (Guka)

Getariako adinekoak omenduko dituzte igande honetan, eta egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako: besteak beste, meza nagusia, abesbatzaren eta musika bandaren kontzertua eta bazkaria antolatu dituzte. 

Tonpe guraso elkarteak eta lagunek antolatuta, Zahartzaroari Omenaldia eguna ospatuko dute igandean. Getariako adinekoak omenduko dituzte egun horretan, hain zuzen, eta egitarau biribila prestatu dute ospakizun horren bueltan. Goizean goiz hasita, meza nagusia egingo dute parrokian, eta ondoren, omenduei aurreskua egingo diete eliz atarian.

Eguerdian, Getariako Musika Bandak eta Salbatore Deuna abesbatzak urtero bezala adinekoei protagonismoa eman eta esker ona adieraziko diete, eta horretarako kontzertua baliatuko dute. Emanaldia 12:30ean izango da, Getariako Salbatore Deuna parrokian, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte hitzordura.

Kontzertuaren ostean, elkarrekin batera bazkalduko dute Cristobal Balentziaga museoan antolatutako otorduan. Eguerdiko 14:00etan izango da bazkaria, eta ondoren, 16:45 aldera, zozketa egingo dute. Arratsaldean, berriz, dantzan eta kantuan aritzeko aukera izango da Bon DJaren saioan. Iluntzeko 19:00 aldera emango diote amaiera festari. 

Egitaraua

  • 10:45. Meza nagusia.
  • Ondoren, omenduei aurreskua eliza atarian.
  • 12:30. Kontzertua Getariako Musika Bandaren eta Salbatore Deuna abesbatzaren eskutik, parrokian.
  • 14:00. Bazkaria, Cristobal Balentziaga museoan. Txartelak 25 euroan izango dira salgai.
  • 16:45. Zozketa.
  • 17:00-19:00. Dantzaldia, DJ Bonekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide