Zabalik da Zero Zabor Uretan erakusketa, Getariako udaletxean

Julene Sorarrain 2026ko maiatzaren 26a

Iturzaeta Herri Eskolako gaztetxoak, Zero Zabor Uretan erakusketa ibiltariaren irekieran. (utzitakoa)

Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak antolatu du erakusketa, Getariako Udalarekin eta Iturzaeta Herri Eskolarekin elkarlanean, eta ekainaren 2ra arte izango da ikusgai udaletxeko sarreran. Egitasmoaren helburua da itsas hondakinen arazoaren inguruan hausnarketa bultzatzea herritarren artean, udalen eta eragileen laguntzarekin.  

Beste urte batez,  Zero Zabor Uretan erakusketa ibiltaria zabaldu dute Getarian, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak antolatuta. Atzo eguerdian egin zuten irekiera ekitaldia Haritz Alberdi alkatearen eta Iturzaeta Herri Eskolako LH 4ko ikasleen parte hartzearekin. Bertan, Zabor eta Bio itsas erraldoiak aurkeztu zituzten, baita aipatu ikasleek egitasmorako eginiko marrazkiak eta mezuak ere.

Zero Zabor Uretan kanpainaren barruko egitasmoa da, eta Mater ontziak itsas zeharkaldian zehar euskal kostaldean egiten dituen geldialdi tokietara eramaten ari dira; uztailaren 16tik 18ra izango da Getariako portuan. Helburua da itsas hondakinen arazoaren inguruan hausnarketa bultzatzea herritarren artean, udalen eta eragileen laguntzarekin. Aurten, gainera, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Libera proiektuaren laguntza duen kanpaina honek zortzigarren edizioa ospatuko du.  

Erakusketa zabalik egongo da Getariako udaletxearen sarreran ekainaren 2ra arte. Bertan, Zabor hondakina irudikatzen duen itsas munstroaren erraldoia ikus ahal izango da, eta Bio bizitza posible egiten duten izaki bizidunen sare magikoaren erraldoia; horiekin batera, Iturzaetako ikasleen marrazkiak eta hainbat informazio afixa.

Haurrek sortutako mezuek hausnarketarako deia egiten dute, "hain azkarra den gizarte honetan aldaketa eragiteko, eta benetan garrantzitsua denari buruz gelditu eta pentsatzeko" gonbita luzatuz. "Ekintza bakoitzak balio du; gure eguneroko ohiturekin eta kontsumoarekin boto indartsua ematen dugu nahi dugun etorkizuna eraikitzeko. Hala ere, badirudi helduoi zaila egiten zaigula ekintzara pasatzea eta gure erosotasun eremutik ateratzea; horregatik egiten dugu lan haur eta gazteekin, oraindik helduok pairatzen dugun erosotasun autosuntsitzaile hori ez baitute barneratu", adierazi du Mater ontziaren zuzendari Izaskun Suberbiolak.

Erakusketa amaitu ondoren, ekainean zehar, haurrek idatzitako mezuak Getariako merkatarien erakusleihoetan egongo dira ikusgai, herritarrak beren kontsumoaren bidez ohitura jasangarriagoetara bideratzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide