Musika eta dantza erdigunean izango dira Getariako Euskal Jaian

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 27a

Hainbat dantzari, Getariako iazko Euskal Jaian. (Juan Luis Romatet)

Gure Txeruren dantza emanaldiekin hasiko da festa ostiralean, eta egun osoko egitarauarekin ospatuko dute Euskal Jaia larunbatean. Musikarekin hasi eta amaituko da eguna, eta tartean, joaldunak, irrintziak eta bertso pilota lehiaketa izango dira, besteak beste.

Maiatzaren azkenetan ospatuko dute Euskal Jaia Getarian. Dantzak eta musika herriaren erdigunean izango dira ostiralean eta larunbatean, eta ohi bezala, Gure Txeruren urte amaierako haurren eta helduen dantza emanaldiak abiatuko du jaialdia. Larunbatean, halaber, Larrain dantzaz, trikitilariez, irrintziez eta bertso pilota lehiaketaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek zein bisitariek, besteak beste. 

Gure Txeruren emanaldiari dagokienez, aurrena haurrek egingo dute dantza, 18:00etan. frontoian. Helduak, berriz, 22:00etan hasiko dira, eta zuzeneko musikak lagunduko die dantzariei: Pepita Enbil musika eskolak, Getariako Musika Bandak eta txistulariek parte hartuko dute emanaldian.

Egun osoko festa

Larunbatean, berriz, goizean hasi eta gauera arte luzatuko da festa giroa. 09:00etan abiatuko dira txistulariak kalerik kale, handik ordubetera batuko zaizkie musika eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak nahiz Enbilen Pepitak panderistak. 11:30ean, berriz, Inpernupeko joaldunek eta musika eskolako trikitilari haurrek astinduko dituzte kaleak, eta 12:30ean Eingo taldearekin dantzaldia hasiko da plazan. Bitartean, herritar guztiei zuzendutako irrintzi lehiaketa egingo dute, baita onena saritu ere, eta Larrain dantzarekin amaituko dute eguerdiko emanaldia.

Segidan, 13:00ak aldera, poteo girotua egingo dute herriko tabernetan zehar, eta 14:30ean herri bazkaria egingo dute Harritarten.

Festak 18:00etan jarraituko du, bertso pilota lehiaketarekin. Bigarrenez antolatu dute egitasmoa, eta oraingoan, Mitxoletak eta Eguzkiloreak taldeak ariko dira elkarren aurka frontoian, Nerea Elustondok eta Sebastian Lizasok bertsoak jarri bitartean. Jaiki Hadiren emanaldiarekin; muxikoak eta bestelako dantzak izango dira plazan. Bide Batez taldearen erromeriak itxiko du Euskal Jaiaren egitaraua, 22:00ean, plazan.

Egitaraua

Ostirala.

  • 18:00etan: haurren dantza emanaldia.
  • 22:00etan: Gazte eta helduen dantza ikuskizuna, Gure Txeru helduen dantza taldearen eskutik. Musikariak: Pepita Enbil Musika Eskola, Getariako Musika Banda eta txistulariak.

Larunbata.

  • 09:00. Txistulariak abiatuko dira.
  • 10:00. Musika Eskolako trikitilariak eta pandero-joleak eta Enbilen Pepitak panderistak izango dira.
  • 11:30. Inpernupeko joaldunak eta musika eskolako trikitilari haurrak kalez kale ibiliko dira alde zaharrean eta plazan.
  • 12:30etik aurrera. Dantzaldia Eingo taldearekin.
  • Bitartean, irrintziak botatzeko mikrofono irekia eta Larrain dantzak.
  • 18:00. II. Etxeko Memoriala. Bertso pilota lehiaketa, frontoian.
  • 22:00. Erromeria Bide Batez taldearekin, plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide