Modak eta argazkigintzak hasieratik izan duten lotura argitara atera dute, Georges Dambier argazkilari frantziarraren kameraren ikuspegia baliatuz. Hain zuzen ere, Getariako Cristobal Balentziaga museoan ikusgai dagoen Vivre Sa Vie. George Dambier eta moda erakusketak 1950eko Parisko goi mailako joskintzaren aroan murgiltzera gonbidatzen du ikuslea. Mostraren izenburua Jean-Luc Godard zuzendari frantziarraren 1962. urteko filmetik dator; erakusketaren izen bera du filmak, eta Dambierren obran askotan agertu izan den Anna Karina aktorea du protagonista.
Atzo aurkeztu, eta gaurtik irekita dago erakusketa. Ibilbide bat osatu dute Cristobal Balentziaga, teknika, materia eta forma bildumaren eta Balentziagaren eta Givenchyren arteko konexioak jorratzen dituen aldi baterako erakusketaren artean. Mostra abenduaren 13ra bitartean izango da ikusgai.
Miren Vives museoko zuzendariak nabarmendu duenez, estudioko argazkigintzaren konbentzioekin hautsi zuen Dambierrek; modeloak kalera atera zituen, eta horiek jarrera zurrun eta estereotipatuetatik askatu zituen. "Bere obran, emakumea bilakatzen da ardatz nagusi", adierazi du Vivesek. Argazkilariak behin baino gehiagotan egin zuen lan Getariako jostunaren jantziekin, eta haren argazkiek Balentziagaren piezak "ia 360 gradutan" ikusteko aukera ahalbidetzen dute: "Ebaketaren teknika eta jantzien xehetasunak azaleratzen ditu, eta, aldi berean, sekuentzia narratibo zinematografikoak sortu". Erakusketak modaren historiako une garrantzitsu bat ere berreskuratzen du: 1952. urtean Hubert de Givenchyk egindako lehen desfilea. Desfile hartako argazkiak ateratzearen ardura izan zuen Dambierrek, ondoren Elle aldizkarian argitaratzeko.
Mostra goi mailako jantzigintzari buruzko diskurtso batekin amaitzen da, modaren sektoreko prentsaren azkeneko begirada txertatuz: "Editoreek eraikitako, argazkilariek interpretatutako eta modeloek hezurmamitutako ikuspegia txertatu dugu; alegia, uneko moda iraultzen eta gizarteari hurbiltzen dion ikuspegia", kontatu zutendute irekieran.
Erakusketaren komisario eta modaren historialari Anabela Becho ere izan zen ekitaldian, argazkien aukeraketaren nondik norakoak azaltzeko: "Dambierren argazkigintzak goi mailako joskintza erakusten digu, moda guztiz moderno baten prismatik ikusita. Argazkilariaren obran, denbora eta memoria Parisko joskintzarekin eta tradizioarekin elkartzen dira, eta ondorioz, modaren historiako urrezko garai baten testigantza garrantzitsua da haren lana".
77 argazki ikusgai
Erakusketa osatzen duten 77 argazkiek Dambierren lanaren eta garaiko gizartearen adierazgarri diren zazpi gai dituzte ardatz: Eszenatokia: moda argazkigintza agerian; Erreala eta surrealista, Balentziaga Dambierren begiradapean; Goi mailako joskintzaren espiritua; Emakume bat hirian; Bidaia baterako gonbita; eta Eguzkipean goxo.