Otsailaren 20an hasi zen Florenen Oroimenezko XIV. Futbito Txapelketa Getarian. Aurten zortzi talde aritu dira nor baino nor lehian finaleko txartela eskuratzeko, eta zazpi jardunaldi jokatuta, joan den asteburuan amaitu dute liga. Astillero izan da garailea 19 punturekin, baina gertu-gertu ibili du Myflower taldea, puntu bakarraren aldearekin gelditu baita bigarren. Hirugarren postua Itxas Etxerentzat izan da; 14 puntu eskuratu ditu horrek. Laugarren Maruka izan da 12 punturekin, bosgarren Garoa 9 punturekin, seigarren Kasu 4 punturekin, eta hiruna puntu eskuratu dituzte Politenak eta Elkanok. Zazpigarren eta zortzigarren gelditu dira sailkapenean horiek, hurrenez hurren.
Aldaketak egutegian
Liga amaituta, finalerdien eta finalaren txanda da orain. Berez ekainaren 7rako eta 13rako antolatuta zituzten bi hitzordu horiek, baina bi jardunaldiak aurreratzea erabaki dute antolatzaileek. Gure Txeruk jakinarazi duenez, igande honetan bertan jokatuko dituzte finalerdiak, eta ekainaren 6an, larunbatarekin, izango da finala.