Getariako Udalak aste honetan jakitera eman duenez, hondartzen kudeaketa integralerako jasoko duen dirulaguntza hirukoiztu egingo da aurten, eta aurreikusten den zenbatekoa 150.519,13 eurokoa da, hain zuzen ere. Igoera hori Gipuzkoako Foru Aldundiak eta kostaldeko udalek 2025ean lortutako akordio historikoaren ondorio dela nabarmendu du udalak. Eta horren harira, aldundiko Jasangarritasun Departamentuak hondartzen kudeaketarako inbertsioa 1,7 milioi eurora igo du.
Igoera hori Gipuzkoako kostaldeko udalek urteetan egindako eskaeraren ondorioa da. Izan ere, hondartza denboraldiak ahalegin ekonomiko eta administratibo handia eskatzen die kostaldeko udalei, eta udalerriek "behin eta berriz" eskatu izan dute hondartzen kudeaketa integralari lotutako gastuak "modu egokiagoan" finantzatzea. Testuinguru horretan, Getariako Udalak ere "modu aktiboan" parte hartu du Gipuzkoako kostaldeko gainerako udalekin batera egindako lanketa horretan.
Hitzarmenaren arabera, 5.000 biztanle arteko udalerriek —Getariak, besteak beste— zerbitzuaren kostuaren %80ko diru laguntza jasoko dute. Getariaren kasuan, aurreikusten den 150.519,13 euroko ekarpenak udalaren baliabide propioen beharra "arintzen" lagunduko du, eta horrek aukera emango du hondartzen kudeaketa integralari lotutako gastuei "modu egokiagoan aurre egiteko", baita herriko beste behar eta proiektu batzuetara baliabide gehiago bideratzeko ere. Udalak "balioan jartzen" du Jasangarritasun Departamentuarekin iaz lortutako akordioa, "horren ondorioa baita herri guztiontzako diru laguntza %143 igo izana". Halaber, udalak "positiboki" baloratu du igoera hori, "hondartzen kudeaketa zerbitzu publiko garrantzitsua delako eta udal txikientzat zama ekonomiko handia suposatzen duelako", eta azpimarratu du "guztien arteko elkarlana funtsezkoa izan dela finantziazio eredu egokiago baterantz urratsak emateko".
Gainera, nabarmendu dute Getariako Udaleko ordezkariek diruen banaketarako adostu den irizpidea erabakitzeko egindako ekarpenak bere balioa izan duela, eta beste herriekin "eraikitako sinergiak erabakigarriak" izan direla. Azkenik, udalak argi utzi du, Bizkaiko eredua erreferentziatzat hartuta lanean jarraituko duela aldundiak hondartzen kudeaketa integrala bere gain har dezan.
Dirulaguntzak, biztanleriaren arabera
Jasangarritasun Departamentuak 1.700.000 euro gehiago emango dizkie kostaldeko udalei 2026ko eta 2027ko hondartza denboraldiko zerbitzuak finantzatzeko; hau da, sorospena, bainugela egokitua, hondartza zerbitzuak eta abarretarako. Funtsaren banaketa udalerri bakoitzeko biztanleriaren araberakoa izango da: 5.000 biztanle arteko udalerriei (Getaria) zerbitzuaren kostuaren %80ko dirulaguntza emango zaie; 5.000 eta 10.000 biztanle artekoi (Mutriku, Deba, Orio) %75koa; 10.000 eta 15.000 biztanle artekoi (Zumaia) %60koa; eta 15.000 biztanletik gorei (Zarautz eta Hondarribia) %50koa. Dena den, Orioko, Zarauzko eta Zumaiko dirulaguntzen kopuru zehatzak aurrerago emango ditu aldundiak.