Eskualtxetan alokairu sozialeko etxeak egiteko plana behin betiko onartuta, fase berrian sartu da

Onintza Lete Arrieta 2026ko maiatzaren 19a

Eskualtxetan egingo duten eraikinaren planoa. (Getariako Udala)

Aldundiak eman dio behin betiko onarpena, eta orain Eusko Jaurlaritzak lurraren lagapena eskatu beharko dio udalari. Udalbatzak hori onartu, eta proiektua idazteko eta exekutatzeko lizitazioak aterako ditu ondoren.  

Gipuzkoako Foru Aldundiak eman dio behin betiko onarpena Eskualtxetan  alokairu sozialeko 20 etxebizitza eraikitzeko plan bereziari. Tramite horren zain zegoen Getariako Udala hurrengo pausoei ekiteko, hau da, plana garatzeko. Orain, Eusko Jaurlaritzak lurraren lagapena eskatu beharko dio udalari, eta udalbatzak eman beharko dio onarpena.

Horren jarraian, proiektua idatziko dute, eta exekuzioarekin hasiko dira, biak lizitaziora atera ondoren. 

Udalaren nahia da pauso horiek azkartzea, eta horretan ahaleginduko dela azaldu dio hedabide honi. Getariako Udalak 2025eko uztailean eman zion lehen onespena plan bereziari, eta ordutik administrazio eta ingurumen izapide guztiak osatu dira. Ingurumen Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman zuen, eta telekomunikazioen nahiz kostaldeen arloko txosten sektorialak ere behar bezala osatu dira azken hilabeteetan.

Etxebizitzak eta aparkalekuak

Udalak gogorarazi du zein den hiri antolamenduko plan bereziaren helburua: Balentziaga eremuko antolamendu baldintzak egokitzea, bertan alokairu sozialera bideratutako 20 zuzkidura-bizitoki, txandakako aparkalekuak eta irisgarritasun hobekuntzak ahalbidetzeko. "Proiektu hau Getariako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren arteko elkarlanaren emaitza da, eta herrian baldintza duinetan bizitzeko aukera berriak sortzea du xede", udalaren esanetan.

Planak, zehazki, Herrerieta kalea eta Kristobal Balentziaga kalearen arteko 527 metro koadroko lurzatia antolatzen du. Gaur egun bertan Eskualtxeta Kulturgunea dago, baina antolamendu berriak bi erdisotoko, beheko solairuko eta hiru solairu altuko eraikin berria aurreikusten du. Goiko solairuetan 20 zuzkidura-bizitoki eraikitzeko aukera egongo da.

Proiektuak herritarrentzako txandakako aparkaleku berriak ere aurreikusten ditu sestra azpian, gaur egun inguruan dagoen aparkalekuarekin lotuta. Era berean, etorkizunean Herrerieta eta Balentziaga kaleak lotuko dituen igogailurako pasabidea egiteko aukera ere jasotzen du planak, herriko irisgarritasuna hobetzeko helburuarekin.

Etxeen erabiltzaileak eta baldintzak

Aurreikuspenen arabera, etxebizitzen erdiak gazteei zuzenduko zaizkie, eta gainontzekoak etxebizitza premian dauden herritarrei eta indarkeria matxista jasan duten emakumeei bideratuko zaizkie.

Bizitoki horietan ordaindu beharreko alokairua diru sarreren araberakoa izango da, eta Etxebidek zehaztuko du, gehienez ere, 350 eurokoa logela bakarreko etxebizitzetan eta 450 eurokoa bi logelakoetan.

Udalaren ustez, egitasmo hau "pauso garrantzitsua da Getariako etxebizitza arazoari aurre egiteko". Izan ere, "herrian lehen aldiz" alokairu sozialeko bizitoki publikoak eraikitzeko aukera emango du, eta gazte zein etxebizitza premia bereziak dituzten herritarrei erantzuteko balioko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide