Getariako EAJren udal taldeak proposamen bat aurkeztu du Getarian 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitza alokatzeko laguntzak ematea arautzen duen ordenantza eguneratzeko, "udalerrian emantzipazioa errazteko helburuarekin". Etxebizitzaren prezioen "igoera nabarmenagatik eta etxe bat eskuratzeko zailtasunengatik", ordenantzaren parametroak errealitate berrira egokitzea proposatu du EAJk, "neurri irisgarri eta eraginkorragoekin".
2018tik etxebizitzen prezioak % 22,4 igo direla dio alderdi horrek, eta getariarren emantzipazioa are gehiago zailtzen duela horrek. "Udalak berak egindako diagnostikoak islatzen du 2023an alokairuen batez besteko prezioa 768,8 eurokoa izan dela, inflazioaren gainetik, eta horrek gazteek etxe bat eskuratzeko duten gaitasunari eragiten dio", esan du Getariako EAJren udal taldeak. "Getarian, gazteek gero eta eskuraezinagoa eta urriagoa den etxebizitza merkatua dute. Etxebizitzaren kostua eta indarrean dagoen ordenantzaren baldintzak ez datoz bat egungo beharrekin. Funtsezkoa da diru sarreren mugak eta gehieneko laguntzak eguneratzea, gure gazteek udalerrian bizi proiektuak abiatu ahal izango dituztela bermatzeko", iritzi dio Iosu Mujika EAJko bozeramaileak.
Horregatik, besteak beste honako aldaketak proposatu ditu alderdi horrek: batetik, urteko diru sarreren muga handitzea, gazte gehiagok jaso ahal izan ditzaten laguntzak. Proposamena da eskatzaile bakar baten muga urtean 28.000 eurotik 32.000 eurora pasatzea, eta familia unitateentzat 35.000 eurotik 45.000 eurora. Bestetik, eskatzailea Getarian bost urtez erroldatuta egotea eskatu beharrean, denbora hori hiru urtera murriztea, "gazte gehiagok laguntza jaso ahal izan dezaten, epe luzez itxaron behar izan gabe". Hileko gehieneko laguntza 250 eurotik 300 eurora igotzea ere eskatu dute, baita emantzipaziorako laguntzez gain, alokairuko fidantzen kostua estaltzeko laguntza gehigarri bat sortzea ere, eta laguntza hori 800 euro arterakoa izatea eskabide bakoitzeko.
EAJren proposamenak emantzipaziorako laguntzak Emantzipa eta Gaztelagun programetakoen antzekoak izatea ere eskatzen du, "bikoiztasunak saihesteko eta baliabide publikoak gehien behar duten gazteengana modu eraginkorrean iristeko".
Mujikaren esanetan, EAJk hobekuntza horiek "lehenbailehen ezartzea" proposatzen du, "baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatuko direla eta gehien behar dutenengana iritsiko direla ziurtatuz". Proposamen honekin, EAJren helburua da "Getaria gazte guztiek beren bizi proiektua garatu ahal izango duten lekua izatea, etxebizitzarako sarbidea oztopo izan gabe".